Independentziarako borroka gogoan, Boliviaberriak askatasunaren aldeko oihua berretsi du
Berrehun urte joan dira Boliviak agintari kolonial espainiarrak garaitu eta independentziarako bidea hasi zuenetik. Iraultza hura izan zen Hego Amerikan askatasunaren argi izpia piztu zuena. Orain, argi hori itzal ez dadin borrokan jarraitzen dute herriek .
Iraia OIARZABAL
Boliviak badu zer ospatu egunotan, izan ere, 200 urte bete berri dira herrialde honek independentziaren aldeko borroka hasi zuenetik. 1809ko uztailaren 16an hasi zen espainiar kolonoen atzaparretatik askatzeko matxinada, Hego Amerikako beste hainbat herrialderi askapenerako bidea irekiko zien matxinada hain zuzen ere. Hori dela eta, altxamenduaren berrehungarren urteurrena ospatzeko hainbat ekimen egin dituzte La Pazen. Evo Morales izan da ospakizun hauetan gidari, eta erakunde indigenen zein Hego Amerikako beste hainbat presidenteren babesa jaso du. Besteak beste, Hugo Chavez (Venezuela), Rafael Correa (Ekuador) eta Fernando Lugo (Paraguai) izan dira La Pazen, duela 200 urte matxinada gertatu zen toki berean, Hego Amerikan independentziaren alde botatako lehen oihua gogora ekartzeko. Desfileak, kultur ekitaldiak eta bestelakoak izan dira egitarauaren oinarri eta berdintasunaren aldeko mezuak nagusitu dira ospakizunean.
Lehenengo urratsa
Uztaileko arrasti ilun batean hartu zuen La Paz, Pedro Domingo Murillok gidatutako matxinatu talde batek, independentziaren aldeko aldarria lau haizetara zabalduz. Matxinatuek Gobernu zentrala eta La Pazeko apezpikutza hartu zituzten, eta gobernu amerikar independentea izendatu zuten, Espainiako Batzorde Zentrala ukatuz. Espainiar erregimenaren aurkako altxamendu hau Hego Amerikako askapen prozesuan gertakizun historiko nagusienetakoa da. Independentziaren aldeko borroka 1809ko uztailaren 16an hasi bazen ere, 1825eko abuztuaren 6ra arte ez zuten ofizialki eskuratu, Simon Bolivarren armada zela medio. Ordutik aurrera, Boliviako Errepublika izena hartu zuen lurraldeak. Espainiar koloniaren aurkako altxatzea, Hego Amerikako lehen prozesu independentista izan zen.
La Pazen egindako ospakizunetara hurbildutako agintari politiko guztiek aho batez baieztatu zuten 1809ko matxinada hau izan zela Hego Amerikako beste herrialde askoren askapenaren bidea ireki zuena. Honen harira, Juan Del Granado La Pazeko alkateak, 1809ko maiatzaren 25eko kreolen matxinada ekarri zuen gogora, eta La Pazen, uztailaren 16 hartan «Amerikako lehenengo gobernu aske eta independentea» osatu zela nabarmendu zuen. Moralesek indigenek prozesu honetan izandako garrantzi ukaezina azpimarratu zuen eta Amerikako erreboltak indigenek hasi zituztela gaineratu zuen.
Borrokak badirau
Independentziara eraman zituen bide horren hasiera gogora ekarri ostean, egungo egoera aztertzeko garaia ere iritsi zen. Horrela, Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak Amerikako herriak «behin-betiko independentziaren aldeko borrokan» dihardutela aipatu zuen. Kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako aldarria luzatu zuen Moralesek, eta, bide batez, berdintasunaren alde borrokatzeko deia egin zuen, «nazioak menderatu eta herriak arpilatzen dituzten inperiorik egon ez dadin». Halaber, oraindik ere estatu zapaltzaileen presentzia ukaezina dela ohartarazi zuen. Honen harira, lotsagarritzat jo zuen talde oligarkek, kanpo eragileen laguntzaz Hondurasen emandako estatu kolpea, eta gaur egun horrelako gertakariak onartezinak direla gaineratu zuen. Chavezek ere izan zituen estatu kolpearen aurkako hitzak, eta, garbi adierazi zuen inongo inperiok, «goriletik» edo burgesien konspiraziok ez dutela idazten hasi diren historia berri hau ezabatzea lortuko, eta herriek askatasunaren alde borrokan jarraituko dutela ziurtatu zuen. Datozen urteetan izango dute Hego Amerikako gainontzeko herrialdeek independentziaren 200. urtemuga ospatzeko txanda. Bitartean, duela bi mende hasitako bidea jarraitu eta hegoalde berri eta aske bat eraikitzen jarraitzen dute.