GARA > Idatzia > > Kultura

Spraikadak gazteen berezko izaera sortzaileari bide eman dio Mutrikun

Mutrikuko pareta zuriak kolorez margotu zituzten atzo hamar graffiti taldek, Euskal Herriko VI. Graffiti lehiaketan. Bost gunetan kokatuta, maila handiko lanak egin zituzten egun osoan, esku artean lehiaketara aurkeztutako zirriborroak zituztela. Topaguneak antolatutako egunean beste ekintzarik ere izan zen.

p047_f01_152x104.jpg

Odeia AIESTARAN | MUTRIKU

Spraikada Euskal Herriko Graffiti lehiaketak atzo izan zuen egun handia; finala, hain zuzen ere. Mutrikun izan zen eta bertan Topaguneko kide Sonia Perez Anguera eta Joxe Rojasek aipatu bezala, «maila handiko» hamar taldek hartu zuten parte.

Guztira hogeita bost parte hartzaile izan ditu VI. edizio honek, eta asko lehiaketaren goi mailagatik aurkeztu gabe geratu direla adierazi zuen Perez Anguerak. Hori dela-eta, datorren urterako formatu berri bat ezartzeko asmoa dute. «Kategoriaka banatzea pentsatzen ari gara, hala, mailari eutsi eta berriei ere aukera emango diegu», adierazi zuen.

Almirante Gaztañetan, Txurruka tenientean, pilotalekuan eta kultur etxearen parean, besteak beste. Herriko txoko guztietan ikus zitezkeen bost bat kideko hamar taldeak jo eta ke lanean. Iruñetik etorritako Xlargos eta Artmani taldeko kideak batera izan ziren euren artelana egiten, eta gustura azaldu ziren egunarekin. Gainera, zirriborroa aurrean izanda eta euren esperientzia kontuan izanda, pareta kolorez janztea ez dela «batere zaila» aipatu zuten.

Demone eta Luna larriago zeuden eguerdi partean, lagunek atzeratuta zebiltzala esaten baitzieten. Andoaindik etorritako bikoteak, halere, lana ongi egin nahian, zirriborroa hartu eta detaile txikiena ere ederki islatu zuten. Horretarako, irudiaren zati batzuk handitu behar izan zituzten, eskuak kasu, «detaileak ahalik eta ongien egiteko».

Finala osatu zuen hamarrekoa Spraikadan jada ezaguna da, gehienek hirugarren aldia edo badutelako bertan parte hartzen dutena. Gasteizko Fastek, esaterako, hirugarren edizioa izan du aurtengoa eta atzokoan «lasai» zegoen gaztea, nahiz eta amaiera aldera urduritasuna gailentzen dela aitortu. Horretan, gainera, perfekzioak garrantzia duela adierazi zuen, gauza txikienak handia osatzen laguntzen duelako eta orokortasunean txikitasunak tokia duelako.

Bikaintasun horretaz mintzatu zen, hain zuzen ere, Joxe Rojas Topaguneko kidea. Bere esanetan, graffiti baten aurretik igarota, badirudi azkar egiten duela aurrera marrazkiak, baina ondoren, azken bi orduetan, detaile txikienak ezartzen aritzen dira. Hala, «izugarrizko meritua» dutela aipatu zuen, ez baita inolaz espraiak hartu eta paretak koloreztatzea soilik, «gauza asko hartu behar dira kontuan».

Euskal Herrian sona duten graffitigileek ere izan dute Mutrikun tokirik, horiek izanik finala irabazteko faboritoak. Besteak beste, Jeas edota Ojodekuervo iazko irabazleek lan bikaina egin zuten.

Egunak, ordea, beste hainbat ekintza ere izan zituen, tailerrak eta break dance saioak eta bertsoak uztartzen dituen ikuskizuna, besteak beste. Larunbatari amaiera emateko, graffiti lehiaketako irabazleak hautatu zituzten. Aurtengoan Rage eta Keros, Ojodekuervo eta Kapone eta Frikuno izan ziren saridunak.

PEDAGOGIA LANA

Topaguneko kide Sonia Perez Anguerak adierazi zuenez, lehiaketaren bitartez «pedagogia lan bat» egitea lortu da; hau da, «graffitia gauza eder bezala ikustea eta behingoz gure herrian pintada eta graffitia bereiztea».

Lehiaketatik kanpoko erakusketa, SAYren eskutik

Topaguneak antolatutako graffiti egunean lehiaketatik kanpoko erakusketa bat ere izaten da, hasieratik ezarri dutena. Lehiaketaren lehen edizioan Madrilgo Pluralform taldea izan zen kontratupean ekarri zutena, une horretan maila profesionalean zebilen euskal graffiti talderik ez zutelako topatu. Bi urtez izan ziren madrildarrak Euskal Herrian eta ondorengo bi edizioetan Andaluziako GoldXpression taldea etorri zen.

Aurtengoan, ordea, Berrizko SAYk eskaera onartu eta ikastola ondoko pareta zurian izugarrizko graffitia egiten aritu zen egun osoko lanean.

O. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo