Esteban Larrañaga trikitizaleari azken agurra egin zioten atzo Urretxun
Esteban Larrañagak joan den ostiralean eman zuen azken hatsa. 62 urte zituela hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Senitartekoek, lagunek zein Euskal Herriko trikitizaleek atzo egin zioten azken agurra Urretxuko San Martin de Tours elizan. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehenengo lehendakaria izan zen Larrañaga eta hasierako garai hartan, hutsetik hasi beharra zegoen urteetan, egindako lan oparoa nabarmendu dute berarekin aritu zirenek.
GARA | DONOSTIA
Jaiotzez azpeitiarra zen Esteban Larrañaga, Loiolako Agerretxe baserrian jaioa. Azken hogeita hamar urtetan, ezkondu ondoren, Urretxu izan izan zuen bizitoki eta hantxe egin zioten atzo azken agurra.
Harreman askea, borondatezkoa izan zuen trikitixarekin eta horixe izan zen giltza. Era honetan azaltzen zuen bere grina: «Trikitixak asko eman dit eta ni saiatu naiz berari zerbait eskaintzen. Ez dugu obligaziorik izan eta horri esker gure arteko harremana askoz ederragoa izan da. Sentimendu kontua izan da, oso polita».
Bere heriotzaren berri izan ostean, egungo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko zuzendaritzako kideek, urte luzez, garai zailetan, azpeitiarrak egindako lana nabarmendu zuten. «Garai hartan ez zegoen gaurko antolaketa eta azpiegiturarik. Dena berak egiten zuen», adierazi zuten atzo.
Hamarkada luzetan aritu zen elkartean lanean, eta bera izan zen legeztatu ondorengo lehen lehendakaria, 1990-1996 bitartean. Ohoretzat zeukan: «Bertsolari Elkartera joan ginen, haien estatutuak hartu, pixka bat gureganatu eta bi bileratan onartu ziren. Gero, ni aukeratu ninduten lehendakari eta ohore hori daukat: legeztatu ondoren elkarteko lehendabiziko lehendakaria izatea. Hura izan zen lehen pausoa. Baina horrek ekarri zuen, poliki-poliki, gaur egun dagoen trikitixa izateko aukera. Oinarri bat izan zen orduan emandako pausoa», kontatu zuen.
Gurasoak Martitekoak izaki, han bizitako erromeria giroak betiko aztarna utzi zion Larrañagari. «Martite, nire gurasoak hangoak zirelako ezagutu dut, jende piloa joaten zen hara eta urte piloa iraun zuen», gogoratu zuen elkarrizketa batean.
Pribilegiatuak
Urola da Gipuzkoan trikitixari dagokionez nabarmendu den gunea, Asteasu inguruarekin batera. «Urola alde honetan pribilegiatuak izan gara», adierazi zuen. Gogoan zuen, Santa Eske egun baten bezperan, Agerretxo baserrian, Pikua Azkoitiko soinujolea entzun -soinu handia jotzen zuen- eta eragin zion zirrara. «Soinu gorri batekin ikusi nuen. Irudi hori daukat gogoan, haren soinu gorri hura. Barru barrutik sortu zitzaidan. Baina niretzat soinu txikia da gurea».
Seminario garaiak ziren haiek. Orduan oraindik ez zekien soinu txikia jotzen, baina gero ikasi eta berrogei urtez ibili zen herriz herri erromeriak alaitzen. Tarteka lagunartean jotzen jarraitu zuen. «Baditut neuk jotako pieza batzuk eta horiek grabatuta utzi nahi ditut; nire ilusioa da», esan zuen.
Gizartean gertatutako aldaketak eman zion zer hausnartua: «Gaur zaila da, ari dira saiakera batzuk egiten erromeriari indarra emateko, baina jendea gaur egun entzutera joaten da eta ez dantza egitera. Pasibotasun gehiago dago parte hartzea baino. Erromeriaren filosofia aldatu egin da, gainera gaur egun maila hobea dago entzuleen artean, eta soinujolearekin kritikoagoak dira», argitu zuen.
Trikitixari zion maitasunak mikrofono aurrean jartzera ere eraman zuen Esteban Larrañaga. Joxe Mari Iriondoren eskutik hasi zen Arrate Irratian trikitixari buruzko saioa egiten, eta urtez luzez jarraitu zuen «Sutondoko erromeria» programa egiten. Garai batean izandakoei, egungoei eta belaunaldi berriei egiten zien lekua. «Jendaurrean gazteei jotzeko aukerarik ez badiezu ematen, ilusio hori ez badiezu mantentzen, jendeak utzi egiten du soinua», zioen.
Hainbat aldizkaritan ere idatzi zuen eta epaimahaikide gisa ere jardun zuen lehiaketetan.
«Jendea gaur egun entzutera joaten da eta ez dantza egitera. Pasibotasun gehiago dago parte hartzea baino. Erromeriaren filosofia aldatu egin da. Gainera, gaur egun maila hobea dago entzuleen artean, eta eta soinujolearekin kritikoagoak dira», hausnartu zuen egun gizartean gertatutako aldaketaz.
Esteban Larrañagaren bizitza trikitiari lotua egon zen beti. Euskal Herriko trikitizale eta trikitilarien esker ona jaso zuen 2004. urtean Azpeitian, EiTBk antolatu ohi duen jaialdian.
Joseba Tapiak deitu zionean hiru aste behar izan zituen baiezkoa emateko. Behin onartuta, sekulako ilusioa egin zion. «Nik beti eman egin dut, ezer ez dut jaso, eta orain nik jasotzen hasi behar dut. Horrek dena aldatzen dizu. Ilusio eta ohore handia da niretzat. Ez zaude ohituta hartzera, 30 urtean ematera ohitu zarenean», adierazi zuen Esteban Larrañagak omenaldia jaso ondorengo egunetan.
GARA