Felix Igartua artistaren barne begiratua, «Itsasoko haizea» erakusketan ikusgai
Artistak «Itsasoko haizea» izenburupean jasotako erakusketak ikusgai daude egunotan Debako parrokiako klaustroan eta turismo bulegoan. Abstrakzioa lehenean eta figurazioa bigarrenean dira nagusi.
GARA | DEBA
Jaiotzez ermuarra bada ere, Felix Igartua aspaldidanik Deban errotutako artista da eta, horrenbestez, herriko artisten ibilbidearen barruan Deban bertan bi erakusketa ditu zabalik.
Batetik, parrokiako klaustroan pintura abstraktuak dira nagusi; turismo bulegoan, berriz, obra figuratiboak. Lehenak, «Itsasoko haizea» izenburupean, 60 lan jasotzen ditu, azken urteetan egindakoak denak. Guztietan abstrakzio geometrikoa da nagusi. Rafael Castellano erakusketaren inguruko testuaren egileak esan duenez, Igartuak «giza dinamikari erreparatzen dio, eta halaber, autorretratu erreflexuan itzalen bidez osatutako ikono edo fetixe txikiei».
Bilduma hori, Castellonen esanetan, «esplizitua da: totemetik estasira». Hala, gaineratu duenez, ez da ahaztu behar «ikuslearen begiak ere pintatzen duela; haren konplizitaterik gabe, dena zeremonia huts bilakatzen da».
Turismo bulegoan ikusgai dagoen erakusketa, berriz, abuztuaren 3 arte izango da ikusgai eta paisaia, natura hil eta pertsonaiak era figuratiboan erakusten ditu Igartuak. Castellanoren hitzetan, «askok ez dute bere obra ulertuko, baina lana ulertzea baino gehiago, bat egitea bilatzen du artistak». Hala, hondartza amaigabeak, malkar misteriotsuak, landare pilaketak eta ibar mugagabeak azaltzen ditu Igartuak. Paisaien artean Sara, Orioko ontziola, Elgoibarko eliza eta Lesakako Onin erreka agertzen dira.
Igartuaren natura hiletan, bestalde, «basoa toskan, urrutiko buztinezko zeramika, pistiloz pistilo miniatutako sastrakak, oliba gogorrak jasotzen dituzten ontziak» ikus daitezke, Castellanoren hitzetan. Askatasunean hazten ari diren bonsaiak eta «ukitu bezain laster zahartzen den egunkaria» ere ikusi omen daitezke. Horri guztiari, bere esanetan, «mistika berezi bat» dario.
Igartuak azken 35 urteotan diseinu grafiko, inprimategi eta argitaletxe munduan egin du lan. Marrazki irakasle ere izana da eta porlanezko beirategien proiektuak ere egin izan ditu.