GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Oroimen historikoaren aurkako «gerra zikina» salatu du Ahaztuak-ek Dulantzin

Estatu espainoleko II. Errepublikaren aurkako kolpe faxistaren urteurrenean, uztailaren 18an, alegia, Ahaztuak 1936-1977 kolektiboak Euskal Herriak bizi duen oroimen historikoaren aurkako «gerra zikina» salatu nahi izan zuen Dulantzin. Ekitaldi nagusiaren ondoren, kalejiran abiatuta Arabako herri honetako bizilagunek oraindik ere herriko etxebizitzetan diren plaka frankistak kendu zituzten.

GARA |

Oroimen historikoa berreskuratzearen alde lan egiten duen Ahaztuak 1936-1977 kolektiboarentzat uztailaren 18a borroka horretan egun esanguratsua da zalantzarik gabe. Horrenbestez, Ahaztuak kolektiboak atzo goizetik hasita egitarau zabala jarri zuen abian Arabako Dulantzi herrian.

Gasteiztik eta Aguraindik etorritako lagunak eta inguruko herrietako dozenaka lagun bildu ziren Dulantzin egin zen ekitaldira. Txalaparta doinuekin abiatu eta Oihane Perearen bertsoekin jarraituz hasi zuten ekitaldia. Herriko plazan ere, frankismoaren biktimen omenez, erakusketa jarri zuten. Musika eta pintxo poteoa ere izan ziren.

«Oroimenaren alde eta inpunitatearen kontra» lelopean, egun osoko ekimen horretan mezu nagusi bat zabaldu nahi izan zuten antolatzaileek. Ahaztuak taldeko Arabako bozeramaile Lander Garciak honela adierazi zuen: «Egun, Euskal Herriak memoria historikoaren aurkako gerra zikina bizi du» eta horrenbestez, «geure memoria erasotzen» ari direla nabarmendu nahi izan zuen.

Horren harira, azken egunotan jazo diren eraso faxistak ere ez zituzten ahaztu. Artikan edota Aritxulegin agertu diren pintadak eta kalteak salatu ez ezik, «sufrimenduaren argazkia estaltzeko estrategia» bat dela baieztatu zuen Garciak.

Oroimenaren aldeko mozioa

Orain hilabete batzuk, martxoan hain zuzen ere, Dulantziko Udalean mozio bat aurkeztu zuten «egiaren, justiziaren eta biktimen aintzatespenaren aldeko» aurrerapausoak emate aldera.

Alde batetik, «Izen guztiak» izenburupean Dulantzin bizi diren frankismoaren biktima guztien errolda bat osatzea zuten helburu.

Horrez gain, oraindik ere hainbat gune publikotan ikus daitezkeen sinbolo frankista guztiak behin betiko ken daitezen eskatu zuten mozio horretan. Azkenik, oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko adierazpen ofiziala egiteko eskaera ere egin zuten, «isiltasuna eta inpunitatea bukatu daitezen».

Hala eta guztiz ere, EAJk agintzen duen Udalean, aurkeztutako mozioak ez zuen aurrera egin. PPren eta PSOEren kontrako botoak aurkitu zituen bidean. EAk eta ezker abertzaleak alde bozkatu arren, EAJren abstentzioak eta talde independentea aurkeztu ez izanak mozioak aurrera ez egitea ahalbidetu zuten.

Arrazoi horregatik aukeratu zuten Dulantzi atzoko egun esanguratsuan oroimena berreskuratzearen aldeko aldarrikapena egiteko.

Ekitaldi nagusia bukatu zenean, bildutako jende guztia kalejiran abiatu zen herriko kaleetan barrena. Eta, bide batez, oraindik ere Franco diktadorearen garaian eraikitako etxebizitzetan jartzen ziren ikur faxistak kentzeko baliatu zuten eguna dulantziarrek. Orotara, sei plaka kendu zituzten. Ekintza horrekin «argi geratu da herri honetako bizilagunek ez dutela sinbologia frankistarik ikusi nahi», adierazi zuen Ahaztuak 1936-1977 kolektiboko Arabako bozeramaile Lander Garciak. Antolatzaileek oso ondo baloratu zuten ekimena.

Bazkaltzeko ordura arte, jende andana bildu zen herriko plazan «Dulantzi 1936-1942» erakusketa ikusi, musikaz gozatu, pintxo-poteoan parte hartu eta oroimen historikoa berreskura dadin aldarrikatzeko.

kalejira

Ekitaldiaren ondoren, bildutako dozenaka lagun abiatu ziren kalejiran Dulantziko kaleetan barrena, frankismo garaian eraikitako etxebizitzetako plaka faxistak kentzera. Guztira, sei plaka kendu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo