GARA > Idatzia > > Kultura

Eako Poesia Egunak, erotismoaren eta intimismoaren lur oparotan jolasean

Erotismoa eta intimitatea dute ardatz Ean egiten ari diren Poesia Egunek. Euskal literaturaren plazan protagonista diren hainbat idazlek bere hausnarketa egin du Herrijari Emon Arnasa elkarteko kideek aurten proposatutako gaiaren gainean. Laura Mintegi, Rikardo Arregi eta Hedoi Etxart eseri ziren arratsaldean mahaiaren inguruan, entzulez betetako Bedaronako aretoan. Aurretik, eguerdiko eguzkipean, Leire Bilbao, Anjel Erro eta Olga Novo aritu ziren Apikalen.

p049_f01.jpg

Xole ARAMENDI | EA

Erotismoak euskal literaturan tokirik izan al du? Idazleek asmatu al dute? Euskarak badauka tresna egokirik erotismoaz aritzeko? Narrazioan ze pisu izan behar du sexuak erotikoa izateko? Hauek izan ziren Irati Jimenezek Laura Mintegiri, Hedoi Etxarti -gaixorik zegoen Uxue Alberdiren tokia hartu zuen- eta Rikardo Arregiri zuzendu zizkien galderetako batzuk.

Laura Mintegik urte dezente atzera egin zuen bere lehen bizipenak kontatzeko. «Sexua eta politika zein baino zein erakargarriagoak ziren, biak debekuaren eremukoak zirelako. Ez dakit zeinek eragin zidan zirrara handiagoa, Marta Harnecker-ren liburuek ala Erich Fromm-en «El arte de amar» liburuak. Biak erosi nituen garai berean liburudenda baten trastiendan, ezkutuan, eta produktu debekatuaren xarma zuten biek ala biek. Egia esan, askotan gertatzen den bezalaxe, handiagoa zen espektatibak ematen zuen gozamena, ekintzak berak ematen zuena baino. Bai politika eta bai sexua estalita zeuden beldurraren geruza finaz: beldurra atxilotua izateari, eta beldurra haurdun gelditzeari. Hirugarren beldur bat ere bazegoen: norbaitek jakitea zertan ari ginen», gogoratu zuen.

«Errepresioa kendu»

Bere esanetan, «sexuaz gozatzeko, lehenago urtetako errepresioa kendu behar izan dugu aldetik, espatulaz, zarraska-zarraska eginda, aurre-iritziak itsatsita baikenituen larruazalean. Urteetako ikas prozesua izan da sexua normaltasunez bizi ahal izatea, aurreiritzirik gabe gozatzea, arauetatik eta konbentzioetatik alde egitea».

«Erotismoa buruan dago, sexua bezala, eta `zenbat buru hainbat aburu' -nabarmendu zuen-. Batentzat erotikoa dena bestearentzat hutsala da, edo lizunkeria hutsa, edo pornografikoa, edo ez da batere iradokitzailea. Erotismoak mugiarazi behar du. Erotismoak kili-kiliak sorrarazi behar ditu gerritik behera, buruan irudiak sortu ondoren. Imajinazioa piztu behar du eta gorputzean sentsazioak sortu».

Mintegik ez du interes berezirik erotismoan idazteko orduan, beste interes-eremu bat daukalako. «Gainera, `pudorea' ere sentitzen dut oraindik ere kontu hauetan, nahiz eta nobela osoa izaten den biluztea, biluzte psikologikoa. Dena den, gustura irakurtzen ditut besteen testuak: Sonia Gonzalez, Paddy Rekalde, Juan Karlos Merino -bere «Kondoi urrunak» mundiala da- agian hurbil sentitzen ditudalako nire imajinario erotikotik», gaineratu zuen.

Rikardo Arregi bat dator Laura Mintegirekin erotismoa eta sexua buruan daudela esatean, baina ez hor bakarrik, «baita gorputz osoan ere».

Arregirentzat euskarak badu nahikoa tresna erotismoaren lurretan barneratzeko. «Gero kontua da bati gustatuko zaiola eta beste bati ez». Une honetan bereziki lantzen ari den eremua da erotismoarena. «Honetaz ari naiz idazten», iragarri zuen poeta gasteiztarrak.

Euskaraz sexua

Hedoi Etxarten hitzetan, erotismoa gauza ugaritan aurki daiteke. «Batentzat begirada bat izan daiteke, eta beste batentzat zerbait esplizituagoa», argitu zuen. «Levitigo-a euskarara itzuli zenetik Testamentu Zaharra esplizituki sexuala da eta sexu jarioaz hitz egiten du bertsotik bertsora», gaineratu zuen.

Euskaraz sexua badago, ikusten jakin behar da, poeta gaztearen iritziz. «Sexu eszena asmatzea beste edozein poesia asmatzea bezalakoa da: indarra duenean behar den kasuetan eta ez duenean beharrezkoa ez denean. Baina berriro irakurtzeko gogoa eman behar dizu, berdin ohean edo norbaitek poltsa lapurtu eta korrika alde egiten duenean. Idazlearen esku onak lortuko du hori».

Etxartek Eider Rodriguezen «Eta handik gutxira gaur» liburuan irakur daitekeen pasarte bat ekarri zuen gogora: «Zakilarekin jolasten du, baina ez da bereziki erotikoa. Ez euskaraz bakarrik, literaturan, oro har, inoiz irakurri eta identifikatuen sentitu naizen eszena sexuala da», esan zuen.

Maitasun harremana eta erotismoa da Hedoi Etxarti gehien interesatzen zaion gaietako bat, politikarekin batera. Elkarri lotuta aurkezten ditu idazleak: «askotan bateraezinak diren bi bide dira eta gustukoa dut elkartzea», azaldu zuen.

Eguzkipean poesiaz gozatuz

Juanra Madariaga da aurtengo Eako Poesia Egunen antolatzaileetako bat. Pozik zegoen izan duen erantzunarekin: «Beste urteetan baino jende gehiago etorri da», esan zuen. Eguraldi ederrak bultzatuta, Olga Novo galiziar poeta udal aretotik atera -han zegoen aurreikusia hitzaldia- eta Talako puntan aritu zen. Intismismoaren eta erotismoaren errepaso historikoa egin zuen. «Entzule batzuek zutik geratu behar izan dute», gaineratu zuen Madariagak. Leire Bilbaoren eta Anjel Erroren poesia irakurraldiak ere ikusmina sortu zuen. Atzoko ekitaldietan bizitako «giro polita» nabarmendu zuen Madariagak.

Igor Estankonak eta Iratxe Retolazak abiatuko dute gaurko egitaraua 11.00etan «Sexua letra artean: erotismoa euskal literaturan» izenburuko hitzaldiarekin. Ondoren, Xabier Kaltzakortarekin dantza-kopla maleziatsuak kantatuz, Talaraino joango dira parte-hartzaileak. Bertan, 13.00etan, «Intimitatearen tolesak» testu hautatuak irakurriko ditu Harkaitz Canok. Bazkalostean, Ermintxo hotelean, Itxaro Bordaren hitzez eta Pier Paul Bersaitzen musikaz gozatu ahal izango da.

X.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo