Harri-jasotzea Torneoa
100 kiloko bolak erabaki du Alegiako Txintxarri Saria
Irigoienek, Goenatxok eta Bertizek osatutako hirukoa atera zen garaile, Izeta II.ari, Izeta III.ari eta Izeta IV.ari 412,5 kiloko aldea aterata.
Jon LEUNDA | ALEGIA
Irigoienek, Goenatxok eta Bertizek osatutako hirukoak irabazi zuen atzo Alegiako Txintxarri Torneoa, Izetatarrak mendean hartuta. Jendetza batu zen Larraitz plazan saio hau zuzenean jarraitzeko asmoz.
Hiru kirolari, eta lau harri izan zituzten lanean aritzeko. Hasteko, 125 kiloko zilindro kopa izan zuten aurrean, eta bertan Izeta II.a eta Irigoien neurtu ziren. Bakoitzak bi minutu izan zituen lanerako. Garaileek hortxe lortu zuten lehen aldea. Errezildarrak 28 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean, eta bat gutxiago jaso zuen aiarrak.
Bigarren harriarekin, berriz, Goenatxo eta Izeta IV.a neurtu ziren. Bakoitzak, bi minututan 112,5 kiloko kubikoa izan zuen lanerako, eta hor Izetak irabazi zuen. 18 aldiz jaso zuen harria, eta azkoitiarrari baten aldea kendu zion. Beraz, gauzak estutu egin ziren, baina amaieran garaipena lortuko zuen hirukoa zihoan aurretik, nahiz eta tartea 12,5 kilokoa besterik ez zen, bi saioren faltan.
Hirugarren ekinaldian, Bertiz eta Izeta III.a neurtu ziren. Bakoitzak 100eko zilindro zaharra izan zuen aurrez aurre, eta hemen ere bi minutuko txanda bat izan zuten. Ez zen ezer argitu, bi kirolariek 27na jasoaldi eman baitzituzten. Bertizek, gainera bat ustela egin zuen, eta Izetak ere hogeita zortzigarrena ia berdindu zuenean amaitu zen denbora. Beraz, aldeak bere horretan jarraitzen zuen, saioa amaitzeko ekinaldi bakarra falta zela.
Azkenik, hirunaka neurtu ziren txanda librean, eta 100 kiloko bolarekin aritu behar izan zuten lanean; talde bakoitzak hiru minutu izan zituen lanerako. Hasteko, Irigoien, Goenatxo eta Bertiz aritu ziren, eta bikain aritu ere. Hiruren artean, txanda librean, 53 jasoaldi eman zizkioten bolari. Aurkariei lan gogorra jarri zieten, baina horretan saiatu ziren izetatarrak, nahiz eta ezin izan zuten berdindu, amaieran 49 jasoaldi egin baitzituzten. Beraz, amaieran, Irigoien, Goenatxo eta Bertiz izan ziren garaile 13.412,5 kilo jasota (125 jasoaldi). Izetatarrak, berriz, 13.000 kilo berdindu zituzten bizkarrean (121 jasoaldi).
Urdaxen marka
Alegiakoa ez zen izan atzoko harri-jasotze saio bakarra, izan ere, Otxandion Urdax Magunazelaia gaztea aritu zen marka saiakera bat egiten, eta 11 urteko gaztetxo honek ez zuen hutsik egin. Adin txikikoa izan arren, 113 kiloko harri angeluzuzena izan zuen aurrez aurre, eta lanerako, berriz, bost minutu.
Etxean aurretik jasota zihoan, eta orain arte egin duen ibilbidea ikusita, inork gutxik egiten zuen zalantza, eta ez zuen hutsik egin, lau aldiz jaso baitzuen bizkarrean, adin horretarako sekulako marka eginez.
Amaieran zaleen txalo zaparrada sekulakoa izan zen, eta ez da harritzekoa, marka handia baita. 106 kilotan zuen aurreko marka, eta orain zazpi kilo gehitu, eta lau aldiz jasotzea, ez dago edonoren esku.
Askok eta askok esaten dute hori izango dela Irigoienen aurkaria, baina oraindik lanean jarraitu beharra du mutiko gazteak. Itxura bikaina du. Indarra, ahalmena eta gogoa ere soberan ditu, eta irakaslea ere topatzerik zuen onenetakoa du. Beraz, denborak esango du noraino helduko den, baina garbi dago erakusten ari den moduan gaitasuna sekulakoa duela, eta orain lanean jarraitu beharko du, presarik gabe, hori izan baitaiteke aurkaririk txarrena. Zelai alboan izanda, saiatuko da bide onetik eramaten. .
Atzo, Alegian Gipuzkoako Lasto-altxatze Txapelketa ere jokatu zen, eta Arregi azpeitiarrak lortu zuen txapela.
Urte mordoa zeraman lehiaketa honetan parte hartu gabe, baina atzo atera eta irabazi egin zuen, 15 jasoaldi emanda. Bigarren Argaia sailkatu zen 13 jasoaldirekin. Hirugarren Mugartegi izan zen 11 jasoaldirekin, eta azkena Urresti 10 jasoaldirekin.