GARA > Idatzia > Kirolak > Tour

Hamalaugarren etapa osteko adierazpenak

Igor Anton: «Ikuskizuna izango dela ziurtatzen dut»

Euskaltelekoa ez da finegi ibili Tourraren lehen zatian, eta Alpeetan aurrean ibili nahi duela esan zuen.

K.A | GASTEIZ

Bi aurpegi irribarretsu beste guztien gainetik. Rinaldo Nocentinik eta Serguei Ivanovek besteek baino arrazoi gehiago zituzten pozik egoteko. Helburu ezberdinak izan arren, bata garaipena lortzeagatik eta bestea maillot horia mantentzeagatik zoriontsu egoteko moduan ziren.

Ivanov hunkituta aritu zen hedabideen aurrean. «Ihesaldi guztietan sartzen saiatu naiz, baina ezinezkoa izan dut. Benetan zail dago ihesaldi onak hartzea. Baina behin bertan nintzela, ausart ibili naiz, erasoa jo dut, eta atzera ere ez dut begiratu segundorik ez galtzeko», esan zuen pozik txirrindulari errusiarrak.

Rinaldo Nocentinik, berriz, taldekideak zoriontzeko hartu zituen lehendabiziko minutuak. Izan ere, une batean gauza «oso zail» jarri zitzaiela aitortu zuen. «Orduan, baina, talde osoa lanean hasi da, eta segundo gutxigatik bada ere, elastikoari heltzea lortu dugu», adierazi zuen.

Igor Anton itxaropentsu mintzatu zen. «Egia esan orain arte ez zait atera nik nahi nukeen moduko Tourra, baina azken egunetan pixka bat hobeto sentitzen ari naiz. Biharko -gaurko- etapa gailurrean bukatzen da, eta bertan egon nahi dut borrokan. Gauza bakarra ziurta dezaket: Ikuskizuna egongo da», baieztatu zuen txirrindulari bizkaitarrak.

Faboritoen taldeak gaurko etapari begira zeuden batez ere. Alberto Contadorrek beste taldeen gain utzi nahi izan zuen ardura: «Aukerak pasatzen doaz, eta batzuk behartuta daude bihar -gaur- erasoa jotzera. Ni sasoi onean nago, eta unea heltzen denean erabakiko dut noiz egin eraso», ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo