«Belagileen trajeria», igandean Aloze-Ziboze-Onizegainen
Lapurdiko sorginkeria epaiketak gogora ekarriko dituen pastorala
Igandean estreinatuko da aurtengo pastorala Aloze-Ziboze-Onizegainen, eta bigarren eta azken emanaldia abuztuaren 2an egingo da. «Belagileen trajeria»k 1609an Lapurdin izan ziren sorginkeria epaiketak izango ditu hizpide eta Ttittika Rekaltek idatzi obrak berritasun asko ekarriko ditu. Ikusgarriaren iraupena, musika, ikusleen kokapena eta historia kontatzeko era izango dira aurtengo pastoralak eskainiko dituen berritasuneko batzuk.
Idoia ERASO | ALOZE-ZIBOZE-ONIZEGAINE
«Saiatzen gara zerbait berria egiten, aldaketa tipiak sartzen», aitortu zuen errejentaren lana duen Jean Pierra Rekaltek. Protagonistaren papera egiten duen Ihitz Iriart Casenavek «monotoniarik ez» dela izango nabarmendu zuen.
Normalean pertsonaia bakar baten inguruan antolatzen da pastorala, baina aurtengoa horretan ere ezberdina edo tradizionalistentzat «iraultzailea» izango da. Pastoralak sorginkeria salaketen aurrean bere burua eta bere ondasunak defendatzen dituen emakume gazte baten istorioa kontatzen du, baina bere kontra egiten duten jauntxoen eta inkisidorearen paperek ere garrantzia dute obran. Mernatenako Mariatxo da protagonista, baina «turkesen» artean kokatzen dira Urtubi eta Senpereko jauntxoak, baita Pierre De Lancre inkisidorea ere.
Gai gogorra eta «era gordinean» kontatua izan dena. Horrela aitortu zuen protagonistak: «Igandean jantziekin mustraka egin genuen eta jende batzuk harrituak izan ziren biziki deskribatzailea eta zuzena delako. Ez da batere metaforikoa, batzuek erraten zuten gordina zela».
Ttittika Rekalt idazleak «Belagileen trajeria» idatzi eta gero argiki adierazi zuen garai hartaan zegoen matxismoa eta erresumen autoritarismoa jorratu zituela pastoralean. Protagonistak ere hori baieztatu zuen: «Bizi-bizia da eta barruan matxinatzeko gogoa sartzen zaizu».
Duela lau mendeko istorioak garai bateko antzezpenen moldearekin bat egingo du. Ikusleak ez dira ohi bezala metal eta egurrezko egituretan eseriko, lurrean dagoen zulogune batean baizik. Bestalde, Erdi Arotik datorren pastoralaren ohiturak egungo ikusleekin egingo du bat iraupenari dagokionez, lau orduko ikusgarria izan beharrean hiru ordu baino gutxiago iraungo baititu istorioak.
Iraultzailea, baina ez hainbeste
Jean Pierra Rekaltek bere aktoreei antzezpenean indarra jar dezaten eskatu die. «Orain arte ez zen oso mugitua, jendeak espirituarekin bat egin dezan pertsonaien barnean sar daitezen eskatu diet», adierazi zuen. Ihitz Iriart Casenavek honakoa gaineratu zuen: «Gure rola egiteko eskatzen digute, baina ibiltzeko eta mintzatzeko moduan ez da aldaketarako okasio handirik».
Antzezteko erarekin batera dantza eta musikari dagokionez ere aldaketa batzuk ekarri dituzte. «Istorioarekin bat egiten duten dantza berriak sartu ditugu», azaldu zuen errejentak. Musikari dagokionez, ezohiko biolontxeloak, bibolinak eta akordeoiak girotuko dute Alozeko larrea. Herritarrak otsailetik prestatzen ari direla nabarmendu zuen Iriartek: «Jendea biziki kontent da eta ez bada bikain ateratzen, ez da larria izanen».