GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Manu Odriozola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea

Gorostidiko langileen borroka, langile guztien borroka da!

 

Euskal Herria Sozialistak bere elkartasun guztia ematen die behin-behineko EREa jasaten ari diren Gorostidiko 160tik gora langileei. ERE honekin batera langileen soldaten ordainketa atzerapenak daude eta kezkatzekoena dena: lantegiaren ixtea gerta liteke, hainbeste familia beren sostengu nagusirik gabe utzita. Enpresak dirurik ez duela erabiltzen du aitzakiatzat, baina urteetan zehar irabaziak eduki izan ditu eta orduan ez zuen hauek langileei banatzea erabaki. Zergatik izan behar dute orain langileek beren ustezko galerak ordaindu behar dituztenak?

Euskal Herrian hamarka enpresa daude antzeko egoeran, batzuk benetako krisian eta besteak, berriz, krisiaz baliatuz ekoizpena beste herrialde batzuetara eramaten edota langileak beren lan baldintzak okertzea onartzera behartzeko, soldatak jaisten, pagak ukatzen... Baina batzuetan nahiz besteetan kaltetuenak langileak dira, duten gauza bakarra galtzen baitute: lanpostua. Horrelakoa da kapitalismoaren logika: dena ondo doan bitartean enpresariek irabazi handiak dituzte langileen lanaren kontura eta, kasurik onenean, ogi apur batzuk jasotzen ditugu. Baina krisia etortzen denean kapitalistek uko egiten diote dirua galtzeari edo gutxiago irabazteari, eta langileen iraganeko konkistak erasotzera jotzen dute. Hau ezin dugu onartu. Arazoa da, ERE bakoitza enpresaz enpresa borrokatuz zailagoa dela erasoak gelditzea, eskualde edo probintzia bateko langileak altxatuko balira eta elkarturik borroka egingo balute baino. Maiatzaren 21eko greba orokorra arazoak dituzten Euskal Herriko langile guztiak batzeko lehen pauso ikaragarria izan zen, baina beharrezkoa da baturik borrokan jarraitzea.

Tolosaldean asko dira arazoak dituzten enpresak. Gorostidiko langileek ostegunerako mobilizazioa deitu dute, 18.30ean Tolosako Triangelu plazan. Deialdi hau aukera on bat izango litzateke sindikatuetako zuzendaritzek aprobetxatuko balute eta krisian dauden enpresetako langileak batzeko kanpaina bat osatzera deituko balute. Indarra batasunean dago. Kapitalistek hau ongi dakite eta beren interesak defendatzeko batu egiten dira. Langileok ere gauza bera egin beharko genuke geureak defendatzeko, geureak kapitalisten aurkakoak baitira.

Iraganean, fabriken itxieraren eta nagusiak galerak dituen aitzakiaren aurrean, Gorostidiko batzuek jada eskatu duten moduan, langileek oinarrizko aldarrikapen bat osatu zuten: enpresak bere kontu liburuak erakuts ditzala. Honek enpresak egia dioen edo gezurretan ari den erakutsiko luke. Egia esaten ez badu, langileen aurrean enpresaren hipokrisia agerian geratuko litzateke eta erasoak amaitzeko presioa egin ahal izango lukete. Baina zer egin enpresak benetan dirurik ez duela erakusten badu, orduan zer egin? Beharrezkoa litzateke gure zuzendari sindikalek borroka bateratu bat egitea, lanpostu bakar bat ere gal ez dadin, eta hau, enpresa langileen kontrolpean nazionalizatuz bakarrik izango litzateke posible, hau da, diru publikoa gehiengo zabalaren mesedetan erabiliz eta ez bankari apur batzuei emateko, orain gertatzen ari den bezala.

Kapitalismoa egunero bere benetako aurpegi kriminala erakusten ari zaigu, langabeziara milioika gizon eta emakume bidaliz, nora jo ez dutenak, ate guztiak ixten baitizkiete. Ez dugu gutxi batzuen irabazi indibidualean oinarritutako sistema ekonomiko bat behar, gizartearen gehiengoaren kontrolpean demokratikoki antolatuko den ekonomia planifikatu bat baizik; gizarte sozialista behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo