Ama lurrarekiko errespetua bultzatuz, «Oinez Basoa» sortuko dute Arbizun
Euskararen sustapena eta ingurumen iraunkortasuna batu nahian jaio da «Oinez Basoa» izeneko proiektua. Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Arbizuko Udala elkarlanean arituko dira, inguruarekiko jokabide arduratsuaren isla izango den basoa sortzeko Arbizuko lurretan.
GARA |
Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Arbizuko Udalak euskara sustatzeko nahia eta ingurumena errespetatu eta defendatzeko nahia proiektu berritzaile batean batzea lortu dute. Hala, Arbizuko lur sail batzuetan «Oinez Basoa» eratzea hartu dute helburutzat. Natura indartzeko eta ama lurrarekiko begirunea bultzatzeko baso bat izango da.
Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak Nafarroa Oinez antolatu behar duen urtean jarri dute abian ekimena. Hain zuzen ere, ikastola berriaren eraikinaren proiektua diseinatzeko orduan arduradunen kezketako bat ingurumenarekiko arduraz jokatzea izan da, energia berriztagarriak erabiltzea eta diseinu arkitektonikoek irizpide ekologikoei jarraitzea.
Beraz, kezka hori kontuan hartuta, ikastolaren arduradunek azaldu dute «erraza» egin zaiela «Oinez Basoa» proiektua bere egin eta bultzatzea. «Oinez Basoa natura indartzeko baso bat izango da, CO2 gasak xurgatuko dituen baso bat, Nafarroa Oinez bezalako festa batek eragiten duen CO2 gasen isurketa konpentsatuko duen baso bat», euskarekiko eta ingurumenarekiko arduratsua, adierazi dute. Horrela, Andra Mari Ikastolak proiektua sustatuko du euskararen aldeko jaiaren aurtengo edizioan.
Esan bezala, Arbizuko Udalaren lurretan kokatuko da Basoa eta sei hektarea izango ditu. Guztira, hainbat motatako 5.200 zuhaitz landatuko dituzte; gaztainondoak, intxaurrondoak, haritzak eta lizarrak, besteak beste. Zuhaitzen landaketa datorren urteko urtarrilean hasiko da, baldintzak oro har landatzeko egokiak direnean.
Proiektuaren babesle izan nahi duen herritar orok landatu ahal izango ditu zuhaitzak. Era horretan, ekimen honetarako sortutako webgunearen bidez, babesle bakoitzak aukeratu ahal izango du berak zein zuhaitz mota nahi duen landatzea, eta non landatuko den ere zehazki bistaratu ahal izango du. Gainera, nahi duenak webgunean mezua idazteko aukera ere izango du. Zuhaitz bat babesteko 20 euro ordaindu beharko dira.
Elkarlana
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, ekimen honen helburu nagusia karbono isurtzeak murriztu eta konpentsatzen saiatzea da, eta horretarako, C02rik gabeko Nafarroa Oinez jaia bultzatzeko bidea bermatu nahi dute. Proiektuaren bultzatzaileei dagokienez, Nafarroako Ikastolen Elkarteaz, Etxarri-Aranatzeko Andra Mari ikastolaz eta Arbizuko Udalaz gain, Ekopass ingurumen arloko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Naider ekonomiaren sustapenean, ingurumen iraunkortasunean eta gizarte-lehiakortasunean aditua den enpresak parte hartuko dute ekimen honetan.
Webgune baten bidez zuhaitzak merkaturatzeko lana bideratuko du Ekopass elkarteak, eta Naider, berriz, zuhaitzak adoptatzeko ekimena gizartean zabaltzeko sustapen lanaz arduratuko da.
«Oinez Basoa» Arbizuko Udalaren jabetzako sei lur sailetan sortuko dute. Zuhaitzen landaketa 2010eko urtarrilean hasiko da eta guztira 5.200 zuhaitz jarri ahal izango dituzte babesleek.