KRONIKA Madalen jaiak
Oztopoak oztopo, Izaro eurena dela aldarrikatu dute berriz bermeotarrek
Euskal Herrian hamaika lekutan ospatzen dira Madalen jaiak. Ziurtzat jo genezake, ordea, festa horietako ekitaldirik ezagunenetarikoa dela Izaro uhartearen inguruan egiten dena. Eguraldi iragarpenak jaia arriskuan jarri bazuen ere, bermeotarrek, beste behin, Izaro eurena dela aldarrikatu zuten atzo, teila itsasora botata.
Janire ARRONDO
Urtero legez, Madalen egunez, bermeotarrek Izaro uhartearen jabetza aldarrikatu zuten atzo. Duela hainbat mende mundakarrekin irlaren jabetzaren gainean izandako liskarraren ondoren, urteak daramatzate Urdaibairen bi ertzetako bizilagunek uztailaren 22an irlan elkartzen.
Goizean goizetik, Bermeoko bizilagunak festarako prest zeuden, egunak eskatzen duen gisa, jantzi urdinak soinean eta zapiak lepoan zituztela. Eguerdiko hamabiak jotzear zirenean, Bermeoko udalbatza, ohiko mezaren ondoren, txistularien doinuz lagunduta eta herritarrez inguratuta, Izarora eramango zituen arrantza-ontzira abiatu zen kalejiran. Bertan, urte luzetako tradizioari eutsiz, bermeotarrek Izaro eurena dela aldarrikatu zuten. Hala, jabetza hori sinbolizatuz Bermeoko alkate Xabier Legarretak teila bat bota zuen uretara, «horraino heltzen dira Bermeoko itoginak» oihu eginez.
Teila bota ondoren, Bermeoko bandera eta ikurrina jartzen dituzte irlan. Aurtengoan, ordea, eguraldi iragarpenak kaskarra zirela-eta, goizeko hamarretarako jarriak zituzten banderak Izaron. Legarretak teila botatzearen ardura izatea beretzat «ohore handia» zela aitortu zuen eta itsasontzitik bertatik herritarrak jaian parte hartzera animatu zituen.
Arrantza-ontzi berean zegoen Unai Rementeria Mundakako alkatearen begiradapean egin zuen erritua Legarretak. Hala ere, Rementeriak adierazi zuenez, «elkarren arteko liskarrak aspaldi utzi genituen alde batera, orain jaia egiten dugu».
Irlako ekitaldiaren ondotik, Elantxobera joan ziren itsasontzian bermeotarrak. Bertako alkatea eta herritar ugari zituzten zain herriko portuan itsasontzia iritsi zenerako. Bisitariei ohorezko aurreskua dantzatuz ongietorria egin ondoren, Elantxobeko alkateak Bermeokoari aginte makila eman zion. Horrela, Legarreta Urdaibairen bi ertzetako alkate izan zen egun batez.
Eguerdi partean Elantxoben geratu ziren guztiak bazkaritan. Arratsaldean, berriz, Mundaka bisitatu zuten guztiek eta iluntzerako Bermeora itzuli ziren jaietan jarraitzeko.
Jan-edana soberan
Ugari izan ziren atzo euren ontzietan, arrantza-ontzi nagusiaren inguruan, Bermeotik Izarora joan zirenak. Bezperan, galerna arriskua iragartzean ontzi txikiei portuan geratzeko deia egin bazieten ere, azkenean, itsaso ona lagun, lasai egin ahal izan zuten bidea.
Goizean goizetik ontziak prestatzen aritu ziren asko eta asko Bermeoko portuan, egunari behar bezala aurre egin ahal izateko ezinbesteko zuten guztiarekin. Dotore apaindu zituzten hainbatek euren txalupak, banderatxoak zein, herriko jaietako patroiari omen eginez, magdalenak zintzilik jarriz. Kontuak kontu, sabelak alaitzeko jan-edana soberan eraman zuten ontzietan bermeotarrek.
Bestalde, atzoko ekitaldian, hainbat aldaketa egin behar izan zituzten. Bezperan, meteorologia iragarpenak eguerditik aurrerako galerna iragartzen zuenez, zertxobait aurreratu zuten ospakizuna. Bestalde, itsasoan giro txarra izateko arriskua zela-eta, badaezpada ere goizerako jarriak zituzten Izaron banderak. Aurrez, Bermeoko alkate Legarretak adierazi zuenez, «jaia baino lehen, segurtasuna bermatu behar dugu».
Tradizio luzeko jaia
Historian atzera jo behar da ospakizun honen jatorria bilatzeko. Aztarna idatzirik ez badago ere, dirudienez, XVIII. mendean Mundakak, Bermeok eta Ibarrangeluk, azken honek oraindik Elantxobe bere mende zuela, liskarra izan zuten beren kostatik gertu den Izaro irlaren jabetza zela-eta. Auziari irtenbidea emateko asmoz, orduko Bizkaiko Jaunak irlaren jabetza arraun proba batean jokatzea proposatu zuen. Apustuan, Ibarrangelu albo batean geratu zen eta Elantxobeko auzotarrek epaile lanak egin zituzten.
Bakoitza bere herritik abiatuta, mundakarrak izan ziren irla zapaltzen lehenak, baina, Bermeoko arraunlari batek proban bizia galdu zuenez, Elantxobeko epaileek azken hauek jo zituen garaile. Ordutik, mundakarrek «makues» edo «epaile txarrak» gaitzizenez deitzen diete elantxobetarrei.