GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Zuzendariari gutunak (2)

Bai Alberto Suriok eta bai Xabier Euzkitzek berak jakinarazi didate aurreko zutabean kontatutakoa faltsua dela: ba omen zuten elkarren berri. Kazetariaren patua da, tarteka laprast egitea, iturriengan sinestea, iturriok sarritan lohia isuri arren. Haiek ere badute arrisku horren berri, biak ere eskarmentu handiko kazetariak izanagatik. Ez didate zuzentzeko eskatu, ordea. Esan bai, gezur biribila zela. Kitto. Batek pentsa dezake estrategia zela, zuzenketa eskatuz gero paper zaharrak aireratzen hasiko ote nintzen, zuzenketak egin beharraz eta gaizki esandakoak zuritu beharraz. Baina estilo kontua izan da agian, halako savoir faire moduko bat. Esan gabe, mezu hau helarazi didate: “Orain badakizu zure informazioa ustela dela, egin ezazu zeure kontzientziak agintzen dizuna”. Edozein mehatxu baino eragingarriagoa da isiltasuna, bekatariak egiarekiko maitasun apurrik badu behintzat. Eta nik badut (barka iezadazue harrokeria). “Barka, elkar ezagutzen al dugu?”, halaxe idatzi nuen, halaxe gertatu zelakoan. Euskaldunok, eta are euskaltzaleok, ehunka bider sentitutakoa itxuroso laburbiltzen zuen esaldiak. Hain adierazgarria zen, hain indartsua, hain lotsagarria, ezen egia izatea nahi baikenuen. Surio eta Euzkitze ikusten genituen, parez pare, hain gertu egonagatik hain urrun, eta guk geuk etengabe bizi duguna zetorkigun burura, geure eskizofrenia infernutar hau: geure etxean arrotz izatea, tarteka lepoan zapia lotu, esku-huska larruzko pilota bati jo eta jendaurrean hizkuntza zail, nahasi eta herren batez kanta errimadunak inprobisatzen ditugun trobadore sabelotodoen gisara.
Izan ere, horrela sentitzen gara aspaldion, whiskiz horditzen bizi diren indiar desjabetuak bezala. Esaldia sentimendu horren isla perfektua zen, baina faltsua… esaldia, ez sentimendua.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo