GARA > Idatzia > > Mundua

ALBAko ordezkariak Hondurasetik kanporatu ditu Michelettik

Honduraseko krisi politikoa gero eta korapilatsuagoa bihurtzen ari da. Michelettiren Gobernu kolpistak beste neurri bat hartu du Zelaya babesten dutenen aurka egiteko: ALBAko kide diren herrialde guztietako enbaxadoreak Hondurasetik irteteko agindua eman du.

GARA |

Negoziazioa bertan behera geratu zenetik hiru egunera, eta Oscar Ariasek, negoziazioetako bitartekariak, egindako proposamenei uko egin ostean, Roberto Micheletti presidente kolpistak beste pauso bat eman du Zelayaren aurka daraman gurutzadan. Horrela, ALBAko (Ameriketarako Aliantza Bolivartarra) kide diren herrialde guztietako ordezkari diplomatikoek 72 orduko epea izango dute herrialdetik irteteko. Horren harira, behin 72 orduko epea igarota, ez duela «ordezkaritza horien osasuna eta segurtasuna bermatuko» gaineratu du Michelettik.

Martha Lorena Alvarado kantzelariordeak adierazitakoaren arabera, erabaki hori Honduraseko segurtasunaren aurkako mehatxuen ondorioa da, eta agindu hori bete ezean, «babes diplomatikoa» galdu eta beste edozein herritar bezala tratatuko dituztela gaineratu du.

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak neurri hau Venezuelaren aurkako erasoa justifikatzeko modu bat dela baieztatu du. Bestalde, Honduraseko Langileen Konfederazio Bateratuak, Gobernu kolpistaren azken eraso hau nazioarteko komunitatearen arreta galarazteko taktika bat baino ez dela adierazi du.

Bitartean, Mexikoko Gobernuak, Rosalinda Bueso Honduraseko enbaxadorea onartzen duela berretsi du. Enbaxadoreak Michelettiren Gobernuak delegaziora sartzea ukatu ziola salatu ostean egin ditu Gobernu mexikarrak adierazpen horiek. Buesok jakinarazi duenez, bere eginbeharrak betetzen jarraitzen du enbaxadatik kanpo, eta Hego Amerikako gainerako herrietako kideen elkartasuna jaso duela gaineratu du. Mexikoko diplomatikoek ohartarazi zuten «soilik Manuel Zelayak izendatutako funtzionarioak onartuko dituztela Honduraseko ordezkaritzat».

Zelayaren itzulera

Michelettik Zelayaren aliatuen aurkako neurriak areagotzen dituen bitartean, legezko presidenteak Hondurasera itzuliko dela jakinarazi du. Ariasek eskatutako 72 orduak itxaron ostean, Honduraseko edozein mugetatik sartuko dela adierazi du, eta bere itzulera «izugarria» izango dela gaineratu du. Era berean, Hondurasen dagoeneko gerra zibila hasita dagoela ohartarazi du, eta bere itzulera geldiezina dela ziurtatu du.

Zelayak nazioarteko gehiengoaren babesa izaten jarraitzen du. AEBetako Estatu ordezkariek negoziazioaren porrotak ekar ditzakeen ondorioak ohartarazi zizkion Gobernu kolpistari; Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE), berriz, irtenbide baketsu batera dei egin zuen.

ondorioak

Krisi politikoaren ondorioak eremu guztietara zabaldu dira, ekonomian ere igartzen hasi direla onartu du Gobernu kolpistak. Hala, turismoa eta zerbitzuen sektorea kaltetuenak direla jakinarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo