GARA > Idatzia > > Ekonomia

EBk esnearen prezioen finkapena baztertu du txostenean

 

GARA |

Europar Batasuneko Batzordeak esnekien merkatuaren txostena aurkeztu zuen atzo Bruselan, eta, bertan, esne kuotak jaistea zein igotzea baztertzen du. Horrekin batera, prezioak finkatzeari ere ezetz esan dio, krisia dela-eta ekoizleen kexak eta mobilizazioak izan arren.

Arrazoi nagusia lehia ez kaltetzea da, egun dauden arazoetarikoak kartelak, prezioen finkapenak edota Estadu frantsesean ezarri nahi den jatorrizko estatuaren etiketa izan baitaitezke. Gainera, Europako Batzordea esnekien arloari buruz argitaraturiko ikerketa betetzeko konpromisoa hartu du, batez ere esne ekoizleek jasaten duten egoera latzaren inguruan Batasunean dauden eztabaidei aurre egiteko.

Baina, ikerketak adierazten duenez, esne kuoten eztabaida berriz irekitzeak sektorearen berregituraketa atzeratuko luke, ziurgabetasuna handitzeaz gain. Erabaki hau ekoizle gehienen iritziaren kontrakoa da, euren nahia kuotak jaitsi edo «izoztea» baita.

Ekoizleen kezkak aintzat hartuta, Bruselak nabarmentzen du ezin direla bere erabakiak desgaitu eta konponbidea estatu kideek eman behar dutela berresten du. Alde horretatik, ekoizleko 15.000 euroko diru laguntza zuzena proposatzen du, estatu bakoitzak eman beharko lukeena. Berez, laguntza hori lehen sektoreko ekoizle guztiei ematea proposatzen du.

Europako Batzordeak esnekien sektorea oso egoera zailean dagoela onartzen du, esnearen prezioa duela bederatzi urtekoa baino baxuagoa baita, eta gainera merkatze hori ez da kontsumitzaileengana iritsi.

Duela urtebete 30 edo 40 zentimo artean ordaintzen zitzaizkion ekoizleari esne litro bakoitzeko, eta aurten, berriz, esne litroa 21 zentimotan dago gehienez ere.

Horrenbestez, esne ekoizpena gelditu edo murriztu nahi duten estatu kideei isunak indibidualizatu ditzaten gomendatzen die. Horrela, ekoizpen muga gainditzen duen esnegileari ezarriko zaio isuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo