Alpinismoa Everestera espedizioa
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza «alpinismo hutsaren» bila
Everesteko gailurra zapaltzen saiatuko dira Horbein korridoretik, era alpinoan; oxigeno, kanpamentu eta sokarik gabe, 1986an Loretan eta Troilletek bezala.
GARA | BILBO
«Naturgas Horbein'09» espedizioa aurkeztu zuten atzo Bilbon Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak. Duela hiru hilabete, eguraldi txarra zela eta, Makalu igo ezinik geratu arren, itxaropenik ez dute galdu alpinista hauek eta, hala, Everestera itzuliko dira abuztuaren amaiera aldera, munduko mendirik garaiena Horbein korridoretik igotzeko asmoz. Makaluren antzera, alpino estiloan igotzeko saiakera egingo dute euskaldunek, «alpinismo hutsa» bilatzen duen espedizio batean.
«Everest iritzi publikoaren ustez, behientzako aldapa -zailtasunik gabea, alegia- bada ere, konbentziturik gaude alpinismo onetik asko dagoela egiteko. Juan -Vallejo- eta biok, Ferran Latorrerekin batera, 2006an bide hau egiten saiatu ginen eta 8.450 metroko garaierara igotzea lortu genuen. Uste dugu, orduko esperientzia baliagarri izango zaigula ahalegin honetarako», adierazi zuen Iñurrategik.
Izan ere, orain artean Everest tontorrera 4.111 espedizio egin badira ere, Horbein korridoretik era alpinoan zazpi saiakera besterik ez dira egin; hau da, sherparik gabe, oxigenorik gabe, goi kanpamenturik gabe eta soka finkorik gabe, Loretanen eta Troilleten espedizioak baizik ez zuen balentria hori lortu 1986an.
Abuztuaren bukaera aldera abiatuko dira Himalaia aldera hiru alpinistak, eta etxetik joango dira bertako girora moldatuta; hots, kamera hipobarikoak erabiliko dituzte beren etxeetan, altuera handietako oxigeno urritasunaren egoera imitatzen duena, alegia. Hala, 5.700 metrotan egokituriko kanpamentu nagusira iristean, Rongbuk glaziarrean hain zuzen, lanaren zati handi bat eginda izango dute.
«Aurretik bertako klimara egokituta joanda, askoz arinago lortuko dugu altuerara ohitzea. Bestela, astiro-astiro egingo genukeena, azkarrago eginaraziko digu horrek eta lanerako egun gehiago utziko dizkigu», gaineratu zuen Aretxabaletakoak. «Horrez gain, prestakuntza fisikoan ez du inolako atzerapenik ekarriko». Izan ere, errekuperazioa askoz arinago egin ohi da oxigeno urritasunik gabe.
Arriskua
Horbein korridorea Tom Horbein estatubatuarrari dagokio. 1963an korridore honetatik igo baitzuen amerikarrak Everest menditzarra. Zailtasun teknikoagatik baino, arriskutsua delako da ezaguna bide hau; zailtasunik izanez gero, atzera egitea aurrera jarraitzea baino zailagoa baita, Everesten demaseko altuera ahantzi gabe.
Juan Vallejok aditzera eman zuenez, «Horbein korridoreak berez ez du hainbesterainoko zailtasun teknikorik. Esate baterako, Makaluko mendebaldeko zutoina, udaberrian igotzen saiatu ginen hura, teknikoki dezente zailagoa da hau baino, baina askoz arrisku txikiagoko bidea da. Honetan, berriz, arrisku handitan sartuta zaude beti. Eguraldi txarra dela, jaitsi beharra dela, istripuren bat dela... edozer dela ere, bide honetatik atzera egitea oso korapilatsua da, eta horri Everesten 8.848 metroak gaineratu behar zaizkio. Gainerako zortzi milakoekin alderatuta, horixe du ezaugarri nabarmenena egingo dugun bide honek».
Izan ere, «zailtasuna, kosta ahala kosta arrakasta lortzearen aurretik» jarri nahi izan zuten espedizioko kideek; «alpinismo hutsaren, soilaren esentzia» aldarrikatzea.
Bestelako gorabeherarik izan ezean, abuztuaren amaiera aldera abiatuko dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Nepal aldera. Aklimatazioa 7.000 metrora dagoen Everesteko ipar lepora igota hobetuko dute eta, ondoren, 7.400 metroko ipar-ekialdeko ertzera igota. Bada, Everesteko gailurrerako saiakera iraileko azken astean egingo lukete euskal alpinistek, baldin eta eguraldi ona izango balute.
Hango girora moldatzeko lanak etxean hasiko dituzte Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak. Kamera hipobarikoak erabiliko dituzte, oxigeno-urritasun egoera simulatzen dutenak. Hala, lehen pauso hori azkarrago egitea espero dute.