GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Agorrilean agorrilekoa

Abuztua dugu ate joka. Edo agorrila. Uda ofizialaren opor-aro ofiziala. Urtero legez. Baina zerk dakar agorrila? Egutegiak ez behintzat, eguzkia eta lurra oinarri duten egutegiek aspaldian galdu baitute beren ofizioa, egutegi ofizialaren jazarpenaz galdu ere. Europatik Magreberantz ipar-hego bolumenaren legea euren autoetan urratuta doazen horiek dakarte abuztua? Ez. Tourraren amaierak ekarri ote? Litekeena da, baina nago ni ezetz, hori ere ez dela. Hortaz, nire porra bai iraunkorra gero! Beti ateratzen naiz galtzaile, eta heldu ere modu berean heltzen naiz, galtzaile. Ez, irteera operazioak, horrexek dakar abuztua, eta itzulera operazioak gero eroan. Hau kolpea! Nire esku balego egun berean ipiniko nituzke nik egun biak: espetxeetatik irteera operazioarena eta etxerako itzulerarena. Baina ez dirudi epe motzean sikiera hori gauzatzea izango dugunik. Ikusi beharko udako ikastaroek zer ekartzen duten zorioneko udazkenari begira. Bitartean, dagoena dago eta ez dagoena balego. Txinako iraultzaren buru izan zenak, bere izenean logura sortzen duen euliaren izena bera zuena, idatzi zuen hau: «bat bitan banatzen da»; seguruenik, euskal politika buruan zuela aterako zitzaion hori, nahiz eta oker ere egon naitekeen eta amebaren ugalketa izan zezakeen buruan. Auskalo!

Tira! horra gurean den alderdi berria, lehenago bat zena orain bitan utzita. Hamaikabat, kaleko esaerak dioen bezala hamaika ginen eta amama... badakizu. H1 dute akronimo, gripe itxura hartu diot nik segituan, laster etorriko bide zaizkie jelkideak euren txertoa eskuan. Izenak izana badu laster bat eginda egongo dira horiek, gripedunak eta txertodunak. Jaungoikoak sortu eta Jaunbehekoak bildu. Kolpea ere bada, izenari erreparatuta, ez izanari, HB hartu zezaketela akronimo HamaikaBat zer horrena.

Agorrilean agorrilekoa, agortzeko zorian ezer ere ez. Betikoa. Paella txapelketa han, sute handi bero zabalak hor, gaztetxe baten utzarazte poliziala hemen, den-dena aurretik programatua. Langabezia gora hemendik, presidente erregionalisten arteko besarkadak handik, pankarten kenketa ofiziala hortik, den-dena aurretik programatua. Ezer berririk ez gurean, ohikoa eguzkipean. Eskerrak oraindik ere hodeiak geratzen zaizkigun! Hori guztia, eta gehiago, softwareak berak ere libre izan nahi izango lukeen herri honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo