GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Txiki Falero eta Asier Ibaibarriaga ESAITen Mendi Martxako Antolakuntza Taldea

Aurten ere mendi martxara joango gara

 

Aurten ere, abuztuaren 1etik 8ra, ESAITek antolatzen duen mendi martxara joango gara eta zuei ere horretarako gonbidapena egiten dizuegu. Bederatzi urte daramagu ekimen honetan parte hartzen/antolatzen, eta dudarik gabe esan dezakegu 2001ean hau antolatzeko zeuden baldintzak eta beharrak ez direla oraindik aldatu.

Urtero egiten dugu mendi martxa eta dagoeneko 2.000 kilometro baino gehiago ibili gara: Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira, mendebaldetik ekialdera, aldapan gora, maldan behera, menditik kostara... Ehun ongi etorri baino gehiago eskaini dizkigute, ateak zabalik aurkitu ditugu eta jendearen parte-hartzea ezin hobea izan da.

Arlo eta garai desberdinetan antolatzen ditugu ekintzak: Selekzio Eguna, herri krosa, Tourreko etapak, mendi martxa eta abar luze bat, eta jendearen parte-hartzea eta berotasuna hurbiletik sentitzen ditugu. Ez daukagu inongo dudarik, hau da bidea.

Gure kirolariek beste herrietako kirolariekin lehiatu nahi dute, baina euskaldun gisa, gure kolore, ereserki eta ohore guztiarekin, Frantziako, Luxenburgoko, Alemaniako edo Irlandako kirolariek bezala.

Euskal zaleek kiroltasunez nahi dute gure selekzioa animatu, defendatu eta sentitu, baina ez lagunarteko partidetan bakarrik, nazioarteko kirol-jardueran baizik, onarpen ofizial eta guzti, Frantzia, Luxenburgo, Alemania edo Irlanda bezala.

Euskal gizarteak, aukera izan duenean, garbi azaldu du euskal Selekzioarekiko maitasuna, behin eta berriro nabarmendu du herri honetako gehiengoaren nahia eta borondatea.

EAEn, Nafarroan, Frantzian eta Espainian gobernu desberdinak izan dira. Paktuak, itunak, koalizioak, denetatik ikusi dugu. Kolore batekoak eta bestekoak egon dira boterean. Denek onartzen omen dituzte euskal herritarron erabakiak. Hori sakratua omen da. Gehiengoaren erabakia ezin omen da inondik inora zalantzan jarri, eta, norbaitek egiten badu, ez omen da demokrata. Gure kasuan, ordea, ez dira kontuan hartzen herriaren gehiengoa eta erabakiak.

Euskal Selekzioaren gatazka denon gatazka da; denon bultzada behar dugu amets eder hori egunen batean egia bihurtzeko; pausoka-pausoka egingo dugu bidea.

Erabaki politikoak hartu behar dituztenek ez dituzte beren kabuz hartuko, geuk bultzatu behar ditugu.

Entzungor egiten dutenek gogor eta ozen sentitu behar dute euskal gizartearen nahia eta aldarrikapena.

Batzuei berdin zaie euria edo eguzkia. Badirudi ekaitzari bakarrik diotela erreparoa. Guk, euri zein eguzki, ekaitz nahiz enbata, mendi martxa egingo dugu.

Mendiz mendi, auzorik auzo eta herriz herri, euskal Selekzioaren aldarrikapena zabalduko dugu eta entzun nahi ez duenari esango diogu, gaur ez bada, bihar edo etzi izango dela; herri baten ametsak, nahiak eta sentimenduak alde batera uztea ez dela jokabiderik zuhurrena.

Aurten ere astebeteko oporraldia hartuko dugu, Euskal Herriko parajeak ezagutzeko, euskalki desberdinez gozatzeko, lagun berriak egiteko. Eta, batez ere, euskal Selekzioaren aldeko jarrera adierazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo