GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

BERRIA Mikel Astarloza 2009/7/23

Amaren ahotsa

Bixamon eguna izan zen atzokoa. Ospakizunetarako denbora gutxi eduki genuen bezperan, baina Tourrean garaipen bat lortzeak oihartzun handia dauka. (...)

Aurrena podiumera igo nintzen. Gero, prentsaurrekoa eman nuen, eta, azkenik, hemengo komunikabideekin hitz egin. Lanpetuta ibili nintzen egia esan, eta 23:00etan telefonoa itzali nuen lasai egon ahal izateko. Hortaz, hartutako jipoitik gorputza errekuperatu ahal izateko hartu ohi dugun denbora gutxitu egiten da horrelakoetan. Dena den, merezi du...

Sakelakoan 150 bat mezu jaso nituela uste dut. Telefonoa apenas erabili ahal izan nuen, uneoro jo eta jo ari zelako. Bueno, etxekoei deitu ahal izan nien, behintzat. (...) Zoramena da, baina horrelako gauzak ez dira beti gertatzen, eta tira. Gainera, gure eginkizun bakarra ez da pedalei eragitea. Enpresa bat ordezkatzen dugu, herrialde baten izena daramagu soinean...

Prentsaurrekoa frantsesez eman nuen. Hemen, Frantzian, asko baloratzen den gauza da hori, eta niri, egia esan, ongi iruditzen zait. Galdera dezente egin zizkidaten gazteleraz, adibidez, baina nik frantsesez erantzun nuen. Bidezkoena hori iruditu zitzaidan.

Hori baino lehenago, ordea, momenturik hunkigarriena bizitzea tokatu zitzaidan. Helmugaratu eta bost minutu geroago, Radio Euskadikoek nire amarekin zuzenean hitz egiteko aukera eman zidaten. Morbosoa dirudi, baina niri kristoren ilusioa egin zidan. Amaren ahotsa entzutea... Hor ibili ginen biak, negarrez...

Baina tira, pasatu zen dena, eta oso ondo lo egin nuen. Hori bai, goiza estresagarri samarra izan zen. Bezperan protagonista izanagatik konpromiso batzuk neuzkan, eta tira... Gustura egiten da, baina lekukoa beste batzuei pasatu nahi nien. Tropelkideek zoriondu egin ninduten, eta sufritzen hasi nintzen; hasiera-hasieratik, gainera. Baina hor zeuden taldekideak, laguntzeko. (...) Eta zerbait egin genuen, orain hamargarrena naizelako nagusian. Jada gure helburua bete dugu, baina ahal bezainbeste saiatuko gara Tourra amaitu bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo