Euskal Herria jaietan
Pako Aldasoro harakinak jaurti du Olaztiko jaiei hasiera eman dien suziria
Pako Aldasoro harakinak atzo eguerdian jaurti zuen Olaztiko Santa Ana festei hasiera eman zien suziria herriko Kultur Etxetik. Hala, urteotan egindako lanarengatik omendu zuen herriak. Gazteek aldiz, berek antolatutako egitarau alternatiboari jarraituz ostiralean hasi zuten jaia Maisuenean; gazte bazkari, triki-poteo eta kontzertuekin. Ostiraletik asteartera arituko dira Olaztin jai giroan, guztientzako ekitaldiak biltzen dituen egitarauak lagunduta.
Izaro ARBILLA |
Atzo goizeko hamabietan hasi ziren Olaztiko Santa Ana jaiak, Pako Aldasororen eskutik. Egitarau zabal bat eskaini dute, adin guztietako herritarrek goza dezaten.
Gazteek, berriz, egitarau alternatiboari jarraituz, herenegun eman zuten festa. Suziria 12.45ean jaurti zuten, baina bi ordu lehenago hasi ziren ekitaldiak: kale animazioa, malabar jokoak, orekariak, puzgarriak, haurrentzako jolasak... Horrez gain, triki-poteoan ibili ziren herriko kaleetan, eta gazte bazkaria izan zuten gero. Iluntzeko zezensuzkoak eta kontzertuak osatu zuten eguna. Atzo, berriz, preso eta iheslarien aldeko brindisa egin zuten txosnan. Datozen egunotan amnistiaren eta okupazioaren aldeko afariak egingo dituzte Sarasate plazan eta Maisuenean, eta festei amaiera emateko, Mozorro Eguna eta Txupito Gaua izango dira. Udalak egitarautik kanpo utzi dituen jarduerak betetzeko asmoz prestatu du Olaztiko herri mugimenduak bere egitaraua.
Herriari eman dion izenagatik
Pako Aldasoro izan da aurtengo festetako protagonista, berak izan baitu suziria jaurtitzeko ohorea. Aldasoro Olaztiko harakina da, 58 urtekoa. Olaztin lanean 36 urte darama eta hamabi sari irabazi ditu guztira.
Suziria botatzea emozioz beteriko momentua izan zen. Festak «konpromiso egunak» diren arren, ahalik eta hoberen gozatzen saiatuko zela aitortu zuen Aldasorok. Gazteagoa zenean gaupasa eginda agertzen omen zen lanera, baina «58 urte ez dira gutxi eta orain zaindu beharra daukat», azaldu zuen. Haren ustez, festak urteotan asko aldatu dira, «garaiarekin batera».
Harategian lan egiten du Aldasorok senitarteko eta beste bi neskekin. Txistorrak egiteko sekretuari buruz galdetu, eta haren erantzuna: lana ongi egitea, haragi onarekin eta egunero denbora asko dedikatzea. Olaztiko herriari eman dion izen onarengatik, eta oro har urteotan egindako lana eskertzeko eskatu diote berari suziria botatzeko.
Pako Aldasorok eta bere senitartekoek prestatutako txistorrek 2001. urtetik guztira 12 sari irabazi dituzte. Horietako lautan lehenengo saria lortu du. Sariek erosle gehiago erakarri dute haren harategira.