GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Ordiziako Klasika

Rovirak lehen garaipena eman dio Andorrari

Abaltzisketarako azken igoeran egin zuen ihes Purito Rodriguezekin batera, eta Ordiziako azken esprintean lortu zuen garaipena, kataluniarren arteko lehia estuan azken bultzada emanda.

Jon ORMAZABAL | ORDIZIA

Ziur Andorra Grandvalira talde apalak eta Jaume Rovira kataluniarrak euskal errepideez sekulako oroitzapenak izango dituztela etorkizunean, UCI mailako taldeak atzo Ordiziako Klasikoan bere historia laburreko lehen garaipena eskuratu baitzuen, aurretik Laudioko Klasikoan bere palmares profesionaleko garaipen bakarra eskuratu zuen txirrindulari beterano eta zailduaren eskutik.

Etxeko txirrindulariak saiatu baziren ere, atzoko lasterketa katalanez mintzo zela esan daiteke, herrialde hartako bi ordezkari eta entrenamenduetako lagunen arteko esprintean erabaki baitzen Ordiziako lasterketa. Eguraldia beroa izanagatik, bizkorra eta erasoz jositakoa atera zen Goierriko Klasikoa honetako 86. ekitaldia, nahiz eta Euskaltel Euskadi eta Fuji Servetto kontrolatzen saiatu.

Taldetxo ugarik pelotoi nagusiarekiko aldetxoak izan bazituzten ere, espero bezala, garaipena Abaltzisketarako bosgarren eta azken igoeran erabaki zen, eta han Jaume Rovira eta Joaquim Rodriguez izan ziren indartsuenak.

Lasterketa buru zen Burgos Monumentaleko Enrique Mata harrapatu, eta atzean uzteko ihes egin zuten batera entrenatzen duten bi txirrindulariek, eguneko zailtasunik handiena zuen gunean, Abaltzisketako maldetan gora, eta mendate gainean aldea handiegia izan ez bazen ere, errepidea ondo ezagutzen zutenez, -Caisseko txirrindulariak orain bi urte garaipena lortu zuen, Rovira bosgarren izan zela- aldea ondo gordetzeko gai izan ziren.

Atzean, Euskalteleko Pablo Urtasun -hirugarren izan zen taldetxoko esprintean nagusituta- eta Mikel Nieve lasterketa buruarekin bat egiten, baina kataluniarrak primeran moldatu ziren azken metroetara arte.

Garaipena elkarren artean jokatuko zutela jakinda, Purito Rodriguezek jo zuen lehen eraso kolpea gorantz egiten zuen helmugan, baina esprinta luzeegi egin zitzaion eta indarrak hobeto neurtu zituen Jaume Rovirak kendu zion garaipena, bide batez, bere taldearen izena lehenengoz garaileen zerrendan jarriz.

Taldeari eskainita

Egun seinalatua izan zen atzokoa Andorra-Granvalira taldearentzat eta pertsonalki garaipen asko ez izanagatik, taldeari eskaini nahi izan zion garaipena Rovirak. «Taldeko lehen garaipena nik eskuratu dudan arren nik ez daukat neure burua talde honetako lidertzat, ez orain eta ez etorkizunera begira ere. Jende on asko gaude eta oso giro ona daukagu gure artean. Niretzat hiru urte izan dira garaipenik eskuratu gabe eta horrek gehiago pozten nau», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo