Harri-jasotzea Azpeitiko torneoa
Beteranoek oraindik indartsu daudela erakutsi dute
Goenatxok eta Izeta II.ak osatutako bikoa izan zen onena, bigarrengoei 400 kiloko aldea ateraz.
Jon LEUNDA | AZPEITIA
Izeta II.ak eta Goenatxok irabazi zuten herenegun gauean Azpeitian jokatu zen harri-jasotze torneoa. Beraiek osatzen zuten bikorik zaharrena, baina sasoiko daudela erakutsi zuten, besteen gainetik aritu baitziren.
Saralegi-Izeta III.a eta Ostolatza-Izeta IV.a ere lehiatu ziren. Hasteko, 200 kiloko errektangularra erabili zuten, ondoren 100 kiloko zilindro zaharra, bi hauek bakarka. Ondoren 113ko kubikoa eta azkenik 100eko bola, azken hauek txanda librean. Bakoitzarekin bina minutuko saioak egin behar izan zituzten.
Errektangularrarekin onena Goenatxo izan zen. Azkoitiarrak bi minututan zazpi aldiz berdindu zuen harria. Ostolatzak eta Saralegik, aldiz, seina jasoaldi eman zizkioten. Ondoren heldu zen zilindro zaharraren txanda, eta hor ere bikote garailea nagusitu zen. Izeta II.ak 30 aldiz jaso zuen. Haren anaiak jasoaldi bat gutxiago eman zion, eta bi gutxiago semeak. Kubikoarekin, txanda librean neurtu ziren, eta Goenatxok eta Izeta II.ak 25 jasoaldi eman zizkieten, baita Ostolatzak eta Izeta IV.ak ere. Izeta III.ak eta Saralegik arazo gehiago izan zituzten, eta 21ekin konformatu behar izan zuten. Bolarekin ere txanda librean neurtu ziren, eta hiru bikoteek 31 aldiz jaso zuten harria. Sailkapena honela geratu zen: Goenatxo-Izeta II.a izan ziren txapeldun 93 jasoaldirekin (10.325 kilo), bigarren Ostolatza-Izeta III.a 90 jasoaldirekin (9.925 kilo) eta azkena Izeta III-Saralegi 87 jasoaldirekin (9.573 kilo).
Aizkora
Harri-jasotzaileez gain, 23 urtez azpiko aizkolariek Urrezko Aizkoraren finala ere jokatu zuten Izarraitz pilotalekuan. Maila nagusikoa eta 19 urtez azpikoa orain dela hilabete eta erdi jokatu zen Azpeitian bertan, baina Erasunek gazteen bi finalak jokatu behar zituenez, erdi mailakoa atzeratu egin zuten.
Aitzol Atutxak aparteko arazorik gabe lortu zuen garaipena, jokatutako proba guztietan garaile atera baitzen aizkolari bizkaitarra. 45 ontzakoa 34 kolpetan erdibitu zuen biren aldea ateraz. Hortik aurrera tartea zabalduz joan zen. Iraupeneko proba hasi aurretik, hala ere, ez zegoen dena erabakita, baina hor ere zulo handia egin zuen. Atutxak lan guztiak 20 minutu eta 44 segundotan burutu zituen, eta Ander Erasunek, aldiz, 23 minutu eta 2 segundo behar izan zituen.
Egur Sportek antolatutako jaialdiak ez zuen inongo aitzakiarik, baina Izarraitz pilotalekuko harmailek nahiko itxura kaskarra erakutsi zuten, jende gutxi bertaratu baitzen. Agian ordutegia eta lekua ez ziren jende gehiegi bertaratzeko lekurik aproposenak.
Aitzol Atutxak eta Ander Erasunek, 23 urtez azpiko aizkolari finalistek, jaso zituzten herenegun gaueko animorik gehienak. Bai bizkaitarrak, eta bai nafarrak ere, zalego ugari ekarri zituzten, eta pilotalekuko harmailetan beren oihuak izan ziren gehien entzun zirenak.