GARA > Idatzia > > Kultura

Iragana eta oraina: «beti gazte» koadrila jazzaldian, esan eta izan

Hank Jones pianoan eta Roy Haynes saritua baterian, lehena Kursaalen eta bigarrena Trinitate plazan, eta biak hirukotean. Laurogei urtetan sartua da bata, eta laurogeita hamarretan bestea, baina oraindik badute zer eskaini. Jazzeko mitoez gain, Joe Lovano saxo-jotzailearen boskotea eta Carla Bleyren big banda zoragarria, horra herenegungo eskaintza bikaina.

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Hogeita hamasei beltz eta berrogeita hamabi zuri, laurogeita zortzi dira kola piano estandar batek dituen teklak. Hank Jonesenak ordea, 91 hamaika beharko lituzke, urteko bat. Eta datorren ostiralerako, bat gehiago, Mississippin jaioak 92 urte beteko ditu-eta San Inazio egunean. Horrek ez dio pianoa maisutasunez jotzea eragozten, eta herenegun hirukotean -batzuek irrikaz espero zuten kontzertua-, George Mraz (kontrabaxua) eta Willie Jones III.a (bateria) musikariekin batera erakutsi zuen trebetasuna berretsi zuen atzo, Joe Lovano saxo-jotzailearekin batera.

Joe Lovano lagun zuela, demonioak bezain bizkor eta aingeruak bezain ezti jo zituen teklak aguretxoak. Saxo-jotzaileak argi erakutsi du miresten duela pianista, eta agian horregatik herenegun baino dotoreago jantzi zen gizonkotea atzo, jaka eta kapelarekin. Orain bi urte «Live At Dizzy's Club» plazaratu zuten Blue Note sonatuan, eta bikotean elkarren arteko ulermena bikaina bada ere, guri Hank Jonesek bakarka jo zituen kantuak iruditu zitzaizkigun distiratsuenak, tartean «Lonely Woman» eta «Along Together». Gozatu egin du Jazzaldiak Hank Jones gozoarekin, eta herenegun Roy Haynesek Donostia Jazzaldia saria jaso bazuen, atzo Kursaal aretoa zutik jarri zen, ia-ia bi orduko zuzenekoa eskaini eta herrenka alde egin zuen maisuak ikus-entzuleen omenaldia jaso zezan.

Jonesen antzera, Joe Lovanok ere jo zuen herenegun, Trinitate plazan gainera, Roy Haynes sarituari sarrera ematen. Us Five taldearekin, boskotea osatu du Lovanok, musikari gazte eta grinatsuen babesarekin. Clevelanden (Ameriketako Estatu Batuak) duela 57 urte jaiotako saxofonistarekin (saxo tenorra) batera, James Weidman piano-jotzailea eta Trinitate plaza ireki ostean egunkari eta telebista guztietan ezagun egin den Esperanza Spalding kontrabaxu-jotzailea dira taldean, baita bi bateria trebe ere: Otis Brown (Spaldingen laukotean ere jo zuen) eta Francisco Mela. Estatubatuarra lehena eta kubatarra bigarrena.

1.652 ikus-entzuleren aurrean eta artean egun argitan, kostatu zitzaion boskoteari giroan sartzea, baina behin berotuz gero jendea guztiz harrapatu zuten, kalean txikiteoan eta oihuka zeudenak salbu.

«Us Five» hasi eta «Viva Caruso» bukatu, bateria bien arteko norgehiagoka politak entzun genituen: grinatsuagoa kubatarra eta leunagoa estatubatuarra, pentsa! «Folk Art» dugu boskoteak orain gutxi plazaratu duen lana, eta bertakoak dira jo zituzten piezarik gehienak, «Powerhouse», «Drum Song», «Dibango». Behin altura hartuta, bero eta dantzagarri bukatu zuten kontzertua eta Lovanoren saxo ausartak -pozik zen, gero Roy Haynesek jo behar zuela eta- tokia eman zien musikariei, plaza gauak hartzen zuen bitartean.

Omenduaren txanda izan genuen gero. Egunotan jazzaldiaren ingurumari guztietan entzuten da, besteak beste, Bird, Coltrane eta Davisekin jotakoa dela Roy Haynes bateria (1925, Boston). Baina Trinitate plazan mitoen laguntzailea bera da izarra. Ondoan gainera, ez ditu nolanahiko musikariak. Hirukotea osatzen, John Patitucci kontrabaxu-jotzailea eta Dave Kikoski, azken orduan Danilo Perez ordeztu zuen pianista. Bata zein bestearen lana, bikaina.

Gezurra dirudi 1983an Chick Corea eta Miroslav Vitousekin Jazzaldian jo zuen gizonak 84 urte dituela entzutea (fisikoki ere askoz gazteagoa ematen du). Ez da erraza sinesten, irribarretsu eta sasoi betean jotzen baitu bateria, aurretiaz bereganatua duen publikoaren aurrean.

Berotasunez hasi zen saioa, Monken «Trinkle tinkle» eta Tynerren «Blues on the corner» kantuekin. Bateria efektista dugu, eta solo bitxia egiten ere ausartu zen, guk ulertu ez arren. Plaza horren sutsu ikusita, ikus-entzuleen energia ere goratu zuen Patituccik eta Kikoskik erabat babestutako gizonak. Kontzertuaren erdialdera, esaterako, piano-jotzaileak sortutako «Inner trust» fina jo zuten, eta bukaera aldera, «My one and only love» ezaguna eta Trinitate plazan jotzeko aproposa den «Summer night».

Metal gau haizetsuak

Udako gauak bizi gaitu, bai. Hondartzan 8.500 arima inguru zebiltzan dantzan, baina jaialdiak gutizia berezi bat prestatua zuen ostiralari agur esateko. Carla Bleyren big band zoragarria, Victoria Eugenian jotzekoa zena, piztiaren zenbakia osatzen zuten ikus-entzuleen aurrean (antolatzaileen esanetan, 666).

1936an jaiotako kaliforniarraren zuzenekoa aholkatu ziguten musika zale amorratu batzuek, eta ez zigun kale egin, nahiz eta Kursaal inguruko giroa tentagarria den oso.

Hamasei laguneko banda -ikaragarria metalen lana, bereziki tronboiena-, eta kantu harrigarri original eta sinestezinak, oso-oso argal dagoen Bleyk gidatuta. Lehenengo kantutik, «On the stage in cages», txalo zaparrada ederra -«oraindik hasiera baino ez da», esan zigun berak, eta bukaeran, «Who will rescue you?», loreak Bley piano-jotzaileari. Tartean, Mexikora bidaia, «Tijuana traffic» harribitxia gozatzeko.

LUIS PEÑA GANTXEGI

Iragan apirilean zendutako arkitektoa Ohorezko Donostiako Jazzaldia Sariarekin omendu zuen atzo Jazzaldiak, Trinitate plaza berak eraikia baita. Oñatiarraren alargun Txaro Azpilikuetak jaso zuen saria atzo, iluntzeko bederatzietan.

Egitaraua

KURSAAL

18.30 James Taylor and Band. 48/60 euro.

TRINITATE PLAZA

21.00 Melissa Laveaux +

Jamie Cullum. 40 euro.

VICTORIA EUGENIA

0.00 The Bad Plus joined by Wendy Lewis. 15 euro.

CHILLIDA LEKU

13.00 Arild Andersen Trio. Museoko sarrerarekin.

ZIENTZIAREN KUTXAGUNEA

18.30 Jose Luis Gutierrez:

«Un Siglo de Música», Kontzertu didaktikoa.

FRIGO GUNEA

18.30 The Billie Jeans.

21.00 Broken Brothers Brass Band.

00.00 Ensemble Denada.

HEINEKEN KARPA

19.00 Organik´s.

22.30 Altx6.

ALTXERRI

0.00 Jazz Session. 10 euro.

BE BOP

0.00 The Blue Shot.

2.00 Diesler. 10 euro.

www.heinekenjazzaldia.com

Black Joe Lewisen gaztetasun eta indar erakustaldia

Izar historikoak ahaztu gabe, Jazzaldiak gazteentzat ere badu tarterik. Horren erakusgarri, atzo gauean Zurriolako hondartza dantzan jarri zuten Black Joe Lewis & The Honeybears dira. Soul, blues eta rocka biltzen dituen «Tell´em what your name is» izan da euren lehenengo diskoa eta 28 urte bete berri dituen Texasko gaztea James Brown, Otis Redding edo Wilson Pickett bezalako «oihularien» oinordeko izendatu dute zenbait adituk. Izendapen eta konparazio hauek ez dute, ordea, Joe Lewis gehiegi urduritzen eta nahiago du, besterik gabe, bere lana ongi egin. Zer iruditzen zaion galdetuta, «itzela!» besterik ez zuen erantzun austindarrak.

Talde bikaina bildu du gitarra-jotzaile honek eta batez beste 23-24 urte dituzten The Honeybearstarren elkar-ulertze izugarriaren emaitza zuzeneko ikuskizunetan ikus daiteke. Energia eta indarrez gainezka egiten duten hamar kantuk osatzen dute euren lehenengo lana, Lewisek konposatutakoak guztiak. «Sugarfoot» eta «Gunpowder» bezalako abestiek izugarrizko arrakasta izan dute AEBetan zehar egin duten biran. «Diskoak 30 minutu inguru irauten ditu, ordu eta erdiko kontzertua eskaini behar dugu... Auskalo, ez dugu gehiegi pentsatu, baina ziurrenik diskoko kantuak hiru aldiz errepikatuko ditugu eta kito», adarra jo zien taldekide batek kazetariei. Eguerdian iritsi zen zortzikotearen erdia Donostiara furgoneta batean. Beste erdia, Joe Lewis barne, hirian galduta ibili ondoren, ordu erdiko atzerapenarekin heldu zen. Bezperan Madrilen eskaini zuten emanaldia eta «handik honako paisaiarekin txundituta» gelditu omen ziren. Euskal Herrira iritsitakoan, buruan kezka bakarra: hondartzan bainua hartzea. «Posible al da taula gainetik uretara salto egitea?», galdetu zuen Ian Varley teklistak Zurriolako hondartzan jo behar zutela jakin bezain pronto. Tentazioa areagotu egin zitzaien bertan Bruce Springsteenekin topo egiterik izango zutela aipatu zietenean.

Txantxak momentu bakar batean ere alboan utzi gabe, publikoarekin eta sorpresekin jolastea atsegin dutela aitortu zuten. «Norbaitek ba al daki non lor ditzakegun suge batzuk gaur gauerako?», galdetu zuen Varleyek, eta garagardo botila batekin teklatua joz, solo ikusgarri bat eskaintzeko asmoa ere aurreratu zuen.

Garrantzia kentzen saiatzen badira ere, argi dago gazte hauek gertutik jarraitu beharreko musikariak direla eta hemendik aurrera zeresan handia emango dutela.

Ane ARRUTI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo