GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Maite Etxaburu, Iñaki Garcia eta Josu Ibargutxi Ondarroako eta kartzelako lagunen izenean

Itziarren semea, hogeita bost urte

 

Itsasoaren zabaltasunak badu gizakiaren gainean eragin berezi bat. Denok geratzen gara hunkituta gure zentzumen osoan adierazten duen askatasunarekin. Are gehiago itsas herriko seme-alabak direnak. Eta Andoni Arrizabalaga oso-osorik itsas herriko semea zen. Ondarroar peto-petoa. Itziarren semea. 1977ko apirilaren 1eko gauerdian, Cadiz-eko badian, Andonik ezin izan zion eutsi itsasoaren tirakadari, eta bertako hondartzan arropa guztiak kendu eta uretara dzanga egin zuen, pozaren pozez oihuka.

Egun horretan Cadiz-eko Puerto de Santa Maria kartzelan kartzelari bat hiru izen oihukatzen hasi zen: «Arrizabalaga, Ibarguchi e Ignacio García se presenten...». Berehala konturatu ziren oraingoan ez zela beste kartzela batera eramateko, «...con todo!» esan zuen-eta. Askatasuna! Askatasuna eta sorpresa: kartzelako atean bertan Cadiz-eko jende talde bat agertu zitzaien, ongietorria ematera eta zera esatera: egunean zehar askatuko zituzten zurrumurruak zabaldu zirela eta jende multzo handi bat zegoela zain, harrera egiteko, hiriburuko plaza batean.

Ordurako, bide luzea zeraman Andonik borrokan. 1964an Andra Mari jaietan Ondarroako elizako goiko sabaitik ikurrin zaparrada jausi zen, herria pintadaz beterik agertzen zen bitartean. Andoniren lehendabiziko atxiloketa, eta irailaren 1etik 22ra Larrinagako kartzelara.

Langile mugimenduan gazte-gaztetik konprometituta, Euskadiko Langile Batzordearen jaiotzako 1966ko Zumarragako bilerako partaidea izan zen.

Eta Euskal Herriko askatasunaren dinamikan beti murgilduta. «Lehengo batean Benta-handi aurrean Xabier anaia hil zuten». Urtea, 1968. Gertaera, Xabi Etxebarrietaren heriotza, lehendabizikoz ETAko kide bat hil zutena. Ondorio nagusia: ezker abertzalea mugimendu soziologiko moduan plazaratzea. Milaka manifestaldi. Kristoren errepresioa. Andoni bertan. Urte hartako abuztuko 18an berriro atxilotu zuten Ondarroan, eta Gipuzkoan «estado de excepción» egoera ezarria zenez, atxilotze aldia luzatzeko, Zarauzko Guardia Zibilaren kuartelera eraman zuten: «lau aldiz sartu naute uretan burua, zangotik euki naute zintzilikatua». Eta horrela 22 egun: «izerdia ta odola burutik behera, ezpainak urratu ta azazkalak atera». Frankismoaren Estatu torturatzailearen garaiko paradigma izan ziren Andonik gainditu zituen torturak. Paradigma are eta miresgarriagoa Andoniren erantzuna 22 egun haietako torturei: «bainan nik ez dut eman lagunen izenik ta hantxe gelditu dira fitxik jakin barik». Telesforo Monzonen letrarekin eta Pello eta Pantxoaren musikarekin «Itziarren semea» abestiak ondo kontatu zuen gertatutakoa.

1969ko apirileko 3an atxilotu zuten berriro. Hurrengo egunean, Ondarroako udaltzainen jeep baten azpian eztanda egin zuen lehergailu batek... eta nahiz eta bera preso egon, sumarioan sartu zuten eta fiskalak heriotza-zigorra eskatu zuen berarentzat. Burgos-eko epaimahai militarraren buruak deklaratzera deitu zuenean, Andonik «ontxe atakot gorrixe» esan, altza eta euskaraz hasi zen jaramonik egin gabe epaileak bere onetik aterata oihukatzen zuenari. Albotik abokatuak esan zion kontuz ibiltzeko, eta Andoniren erantzuna, honako hau: «Nik nire burua asko maitxe dot, baina nire herrixe maitxiago. Ni aurrera nu». Urriak 27: epaileak heriotza-zigorra ezarri zion. Eta Ondarroa osoa zutik eta sutan, eta Ondarroa ez ezik, ehunka mobilizazio Euskal Herrian zehar, zutik eta sutan Andoniren kontrako heriotza-zigor hura atzera bota arte.

1969ko udazken hartan, Ondarroatik oso gertu, Erandion, milaka lagun irten ziren kalera fabrika batzuetako gas hiltzaileen kontra. Poliziak tiroka erantzun, eta bi hildako. Zutik eta sutan mila eta mila langile, greba gogorrean eta kaleak harturik. Egun haietan Euskal Herria Franco-ren hiletaren requiescat in pace hasi zen kantatzen. Eta nolabait egun haietako mobilizazioek -Andoni eta Erandioko herriaren alde egin genituenak, frankismoaren aurka langileen eskubideak eta askatasun nazionala uztartzen eta aldarrikatzen zutenak-, ezer baino hobeto adierazten dute Andoniren beraren historia ere.

Heriotza-zigorra ordeztu eta Puerto de Santa Maria-ko ziega bakarti batera eraman zuten. Urte batzuk egin zituen bertan bakar-bakarrik. Gerora, 1973aren bueltan, Segovia-ra pasatzea lortu zuen. Segoviako urteak izan ziren emankorrenak eta eztabaida zein sakontze ideologiko eta politikoak izan zuen bere eragina. Andonik parte-hartze handia izan zuen prozesu horretan; Liga Komunista Iraultzailea sortu arte igarotako prozesuan.

1975eko abuztuan, Segoviako kartzelako lehendabiziko ihesaldiaren porrotarekin, gau beltz batean hamar preso atera zituzten beren ziegetatik, eta bertan ziren beste guztien ezinaren eta garrasien aurrean sakabanatu zituzten beste kartzela batzuetara. Andoni berriz Puerto de Santa Mariara, baina oraingoan behintzat beste burkide batzuekin, eta galeria berezi batera.

Eta heldu zen Ondarroara bueltatzeko ordua. Ikurrina eta bandera gorria, bakoitza esku batean zeramalarik, herriko jendearen txalo eta gora artean, harrera gozatu zuen.

Ia Kantauri itsasoaren kresala bezainbeste Alpeetako elurrak maite zituen Andonik, eta Mont Blanc-eko Couloir Gervasutti azpian, 1984ko uztailaren 31n, bere azken hatsa eman zuen. Ondarroako Kafe Antzokian ekitaldi xume bat egingo diogu gaur, 19:30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo