Nigeriako iparraldean gutxienez 600 lagun hil dituzte igandetik
Igandetik hona, gutxienez 600 pertsona hil dira Nigeriako iparraldean milizia islamisten eta segurtasun indarren arteko borroketan. Armadak Boko Haram taldeak erabiltzen zuen base eta meskita bati airez eraso zien asteazkenetik ostegunerako gauean. Polizia iturriek esan zutenez, Abubakar Shekau buruzagi talibana eta haren 200 jarraitzaile hil ziren erasoan.
GARA |
Nigeriako Armadak Boko Haram taldeak Maidugurin erabiltzen zituen kanpaleku eta meskitari airez eraso zien. Herritarrek azaldu zutenez, miliziano askok ihes egitea lortu zuten bonbardaketa hastean. «Bizarra eta ilea moztu, ohikoa duten jellabiya soinetik kendu eta galtza bakeroak nahiz kamisetak jantzi dituzte alde egiteko», adierazi zuen Hamad Bulunkutu izeneko lekuko batek. Ihes egin zutenen artean, Boko Harameko buruzagia, Mohammed Yusuf, omen dago. Soldaduak etxez etxe joan ziren Yusufen eta haren jarraitzaileen bila.
Izenik ematea nahi izan ez zuen polizia batek, aire erasoan Abubakar Shekau buruzagi talibana eta 200 miliziano hil zirela adierazi zuen.
Bertako kazetari batek atzo goizean 90 milizianoen gorpuak ikusi zituela plazaratu zuen. «70 bat meskitaren eta basearen inguruetan barreiatuta zeuden. Etxe baten barrualdean, 20 gorpu gehiago topatu ditugu», azaldu zion AFPri.
Nigeriako presidente Umaru Yar´Aduak «talibanak betiko zapaltzeko» deia egin zuen.
Igandetik hona, gutxienez 600 lagun hil dira herrialdearen iparraldean bere burua talibantzat duen taldearen eta segurtasun indarren arteko liskarretan.
Agentzia humanitarioen arabera, 4.000 lagunek beren etxeak utzi behar izan dituzte. «Gertatutakoak iparraldeko estatuetan kaosa eta larrialdi-egoera eragitearen beldur da orain jendea», adierazi zuen Al Jazeera katearen berriemaileak.
Maidugurin 2002an sortua, Boko Haram taldeak hainbat izen hartu ditu, baina, guztiek esanahi bera dute: «Mendebaldeko heziketa debekatuta dago». Astelehenean atxilotutako Abdulmuni Ibrahim Mohammed milizianoak Reutersi esan zioenez, «Mendebaldeko heziketak ideiak eta sinesmenak usteltzen ditu. Gure erlijioa defendatzeko altxatu gara».
Azken liskarrak Bauchiko -izen bera duen estatuaren hiriburua- Dutsen Tenshin auzoan hasi ziren igandean milizianoak polizia-etxe bat erretzen saiatu zirenean. Otsailean, bost pertsona hil ziren Bauchi estatuan musulmanen eta kristauen arteko borroketan. Iazko azaroan, 700 lagunetik gora hil ziren Josen, Plateau estatuko hiriburuan, udal hauteskundeen harira bi komunitateen artean sorturiko liskarretan. Nigeriako hamabi estatutan sharia lege islamikoa indarrean dago.