Euskal petrolioa
Blanca IZKUE
Gaur, Burgoseko Miranda de Ebron euskal taldeen inbasioa izango da: hamaika taldek (11) joko dute: Berri Txarrak, Une, Gatibu, Stupenda Jones, Hesian, Txapelpunk, Betagarri, Txarrena, Koma, Ekon, Des-Kontrol eta Etsaiak taldeek, hango A Kal y Kanto taldearekin osatzen dute gaurko kartela, Petroleo Rock jaialdiaren barruan. Atzo hasi eta etzi bukatuko da jaialdia, eta gaurko, uztailak 31ko saioak «Euskadiko Soinuak» izena hartu du, izen bereko kultura programak, erakunde publikoetan sorturikoak, hein batean sustatua delako.
Ez da erraza izan musika elkarte profesionaletako kideak ados jartzea dirulaguntza hori bideratzeko, oinarrizko kontraesanetan trabatzeko benetako arriskua zegoelako. Batetik, enpresa filosofia (etekinak edota diru galerak taldeen managerren esku geratzea) goitik behera apurtzea adierazten duelako, oraingoan erakunde publiko batek dirua jarriko duelako gaurko zenbait talderen emanaldia finantzatzeko. Bestetik, zenbait taldek defendatzen dutenaren kontrakoa izan liteke erakundeak kontzertuen sustatzailea izatea.
Gure talde askok sistemaren kontrako hitzak dituzte, eta gaurkoan, akaso, laguntzaile izango dituzte beren arerioak. Dena dela, ekimen honen alde ona nabarmendu nahiko nuke. Gure arteko norbaitek esan zuen euskal musika kultura ondarea dugula, eta halako zaintza mereziko lukeela. Talde guztiak, erakunde publikoek antolaturiko kontzertuetako murrizketak ari dira pairatzen. Hala daude gauzak zuzenekoen munduan ere. Hortaz, nire ustez, Petroleo Rock honek gaur jasoko duena ez da arbuiatu behar den laguntza. Kontrakoa baizik: gure burua saldu gabe, laguntza guztien beharrean gaudela deritzot. Alimaleko jaialdietan ohikoa da erakunde publikoak laguntzaile gisa agertzea. Honetan, herri txiki bateko elkarte batek antolatutako kontzertuan, euskal taldeei lagunduko zaie, gehienak euskaldunak, gainera.