GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Estatuaren estrategia kinkan jarri duen atentatua

Bigarren egunez jarraian, oraingoan Mallorcan bi guardia zibilen heriotza eragin duen atentatuarekin eta atentatu saiakerarekin, ETAk gogor kolpatu ditu Estatuaren Segurtasun Indarrak. Baina, batez ere, Estatuaren estrategia kolpatu du ETAk atentatu hauekin. Lehenik eta behin, 50 urteren ondoren, bere ahuldadea azpimarratzen zuten esamesak isildu ditu. Gogor kolpatzeko ez ezik espero ez duten tokian eta espero ez duten unean erasotzeko gai dela erakutsi du ETAk atzoko atentatuekin. Beste alde batetik, ukazioa goiburu duen estrategia kinkan jarri du. Gatazka politikoa ukatzea helburu duen estrategia antzua dela erakutsi du, enegarrenez historian.

Non geratzen da orain Pérez Rubalcaba Barne ministroaren sinesgarritasuna? Zertan geratzen da negoziazio prozesuaren ondoren Madrilgo Gobernuak honi eman zion txeke zuria? Era berean, zer pentsatuko dute estrategia honen bideragarritasunean sinistu zuten mundu osoko gainontzeko agintariak, europarretatik hasi eta estatubatuarrenganaino helduz? Negoziazioa beste irtenbiderik ez duen gatazka baten aurrean daude, gaude, eta hau da edozein estrategia gidatu behar duen ardatzetako bat. Aldi berean, negoziazio horren emaitza ez da batzuk besteei emandako kolpeen arabera erabakiko, baizik eta demokratikoa eta justua denaren defentsan egindako lanagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo