GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria Jaietan

Batzuk bezperatik «berotu» arren, gaur hasiko dira Lizarrako festak

Festei hasiera emango dien suziria gaur eguerdian izan arren, askok bezperatik hasi ziren ospatzen; Festa Giro taldeak atzo 23.ooetan egin zuen txupinazoa, ekitaldi eta kontzertu batzuekin batera. Garean Euskaldunon Elkarteak, berriz, arrantzaleen jolasak proposatu zituen tradiziozko herri jolasak plazaratzeko asmoz. Bi taldeon xedea, egitarau ofizialari beren ustez falta zitzaion ekarpena egitea izan da.

p016_f06_250x164.jpg

Izaro ARBILLA |

Udaletxeko balkoitik jai ofizialak iragartzen dituen suziria 12.00etan jaurtiko dute Lizarran. Herriko karriketan barrena kalejira eta dantzariak ibiliko dira ondoren, eta goizean zehar Iruñeko gaita-jotzaile eta dultzaineroei omenaldia, Los Llanoseko zubian kukaina bat, eta beste hainbat jarduera izango dira. Arratsaldean erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera, Puy-ko jaitsiera, haurrentzako antzerki ikuskizuna... eta gauean Modesto eta Skorpio taldeekin dantzaldi eta rock kontzertuak.

Ostiraletik ostegunera bitartean arituko dira Lizarran jai giroan, Udalak eskaintzen duen egitarau eta beste zenbait taldek antolatutako ekintzekin. Talde horiek Festa Giro eta Garean elkartea dira.

Garean Euskaldunon Elkarteak egitarau oparoa prestatu du aurtengo Lizarrako jaietarako, «Jai Alai» izenekoa. Jaietan ere euskaraz aritzeko jarduerak prestatu dituzte, «jai giroan une pozgarriak pasatzea mingaina euskaraz dantzatuz» delarik haien eskaera. Bi urte inguru dira Garean sortu zenetik, eta era askotako jarduerak prestatzen ditu elkarteak, erronka, beti ere, Lizarran eta inguruetan euskararen erabilera bultzatzea dela. 50 kide inguru dira, eta hilean kuota bat ordaintzen dute elkartea mantentzeko, eta aldizka biltzen dira. Talde gaztea den aldetik, nolabait sortze prozesuan dabil oraindik, eta horrela jarraituz gero, etorkizun oparoa dutela uste dute. Lizarrak badituela euskal mintzakideak erakutsi nahi dute eta horretarako urte osoan lanean dihardute jarduera interesgarriak abian jartzeko ilusio handiarekin.

Festetarako «Jai Alai» egitaraua prestatzeko ideia iaz sortu eta egin zuten lehendabiziko aldiz, eta nahiko «txukun» atera zenez, aurten ere animatu egin dira «ikasitakoarekin aurrera egitera». Alegia, iazko hainbat ekintzari eutsi badiete ere, beste batzuk kendu egin dituzte. Euskarak Lizarrako festetan zuen lekua aztertzean konturatu ziren ekitaldi hauen beharraz. Ikastolak zenbait talde euskaldunekin dantzaldiak antolatzen ditu urtero Santiago plazan, baina eskaintza zabalagoa egitea ere beharrezkotzat jota, lanean hasi ziren, «eskaintza polit bat egiteko». Orokorrean, arratsaldeko zortzietan izango dira prestatutako ekintzak, eta Santiago plaza izango dute topaleku.

Atzo jada hasiak ziren Festa Giro taldea eta Garean elkartearen jarduerak. Gauean Jeimon Turk Band, MDO eta BIOK taldeen kontzertuak izan ziren, eta Garean elkarteak herri jolasak antolatu zituen.

KULKI taldea izan zen Lizarrako Foru plazara herri jolasak plazaratu zituena. Talde hau Luisfer Etxebarriak ete Asier Lafuenek sortua da eta Euskal Herriko plazetan euskal jolas-kultura ezagutu, praktikatu eta baloratzera animatzen du. Haurrentzako euskal jokoak prestatzen ditu, betiere tradiziozko lanbide bati lotuta, «kulturak herriari izaera ematen dio, eta joko eta jolasak kultura diren aldetik, haurrek praktikatzeak nortasuna ematen du». Ikerketak egiten dituzte tradiziozko jokoak berreskurazeko eta jendearengana ekartzeko. Alegia, atzo Lizarrako Foru plazara arratseko zortzietan hainbat ume inguratu ziren talde honek proposatutako arrantzaleen jolasez ikasi eta gozatzeko. Hala, egun batez, Lizarrako plaza itsas portu bihurtu zen.

Gaur arratsaldean Puy-ko jaitsiera izango da -gaztelaniaz, bajadica del Puy-. Ohitura da Lizarran igoera udaletxearekin batera egitea, eta momentua kritika moduan erabiltzen da. Ohitura da, era berean, balkoietatik ura botatzea. Iruñeko sanferminen dezenteko antza duten arren, nabarmendu daiteke, bitxikeria moduan, arratsaldera arte ez direla zuri-gorriz janzten; alegia, txupinazora ohiko janzkera eramaten dutela herritarrek, eta bazkalostean aldatu egiten direla. Zezen-plazan ohitura da, bezperan ateratzea astean zehar ibiliko diren zezenak. Lizarrako herriak aste osoa dauka antolatutako ekintza guztiez gozatzeko.

arrantzale jolasak

Lizarrako Foruen plaza itsas portu bihurtu zen egun batez, eta haurrek itsas inguruko ohiko jolasetan aritzeko aukera izan zuten: txanelak, txingak, largabista, gurditxoa, kukaina...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo