Euskal Herria Jaietan
Donostiako piratek gazte zein helduentzako egitarau zabala prestatu dute Aste Nagusirako
Ainara LERTXUNDI |
«Gazte zein heldu, elkarrekin abant!» lelopean, piratek Donostiako kaleak bere egingo dituzte, Aste Nagusian. «Gure egitasmoaren lemazain eta arraunlariak, urtetik urtera babesa eskaintzen diguten herritarrak dira. Umeak, gazteak eta helduak. Adin tarterik ez dago pirata izateko, eta guztien parte-hartzea ilusioz ikusten dugu», plazaratu zuten Ekain Ormazabalek eta Aratz Trecetek jaietarako prestatu duten egitarau zabalaren aurkezpenean.
Aurten badira zenbait berritasun, hala nola familia osoarentzako erromeria, abuztuaren 9rako. 12.00etan Urgullera igoko dira albokariekin eta bazkaria norberak eramanda, umeentzat puzgarri nahiz jolasak eta erromeria izango dira bertan.
Abuztuaren 11n, umeen eguna ospatuko dute lehen aldiz. Tailerrak, puzgarriak, jolasak, txokolate-jana eta pailazoak izango dira egunean zehar. Abuztuaren 13an, nagusien txanda izango da. Mus eta tute txapelketa, hamaiketakoa, herri dantzak eta dantzaldia izango dituzte Sarriegi plazan.
Biharamunean, koadrilen eguna izango da. Bazkaria, altxorraren bilaketa, Kanpandegi kalean behera koadrilen jaitsiera, eta azkenik erromeria.
Eta piratak izanik, ezin falta hainbeste arrakasta lortu duen abordaia. Oraingoz, ehun bat baltsek eman dute izena. Pasa den urtean, 150 izan ziren. Muntaketa lanak 8.00etan hasiko dira kaian. Bidoi kutsagarriak ez dutela onartuko eta horien ordez poltsa birziklatuak erabili beharko direla ohartarazi zuten. Bost euroren truke salgai egongo dira.
Bestalde, kontzertuak izango dira Trinitate plazan, abuztuaren 7an -Piperrak, Parabellum eta Esne Beltza- eta 8an -Barricada eta Des-Kontrol-.