«Ohikoan mugitzen ez diren ikusleak dantzan jartzea dugu helburu»
Xabi SOLANO
Esne Beltza taldeko soinu jotzailea
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Hegazkinetik jaitsi berria dela egin dugu hitzordua Xabi Solanorekin. Esne Beltzako beste zortzi musikariekin batera, Japoniatik kontzertu bira arrakastatsua egin berri dute. Alta, denbora izan du grabazio estudiotik igarotzeko eta Donostiako Piraten kantuari azken ukituak emateko. Duela hiru urte, Euskal Herriko musika eszenako talde esanguratsuetako musikariak elkartu ziren Esne Beltza egitasmoa martxan jartzeko. Fermin Muguruzaren kontzertu bira batean gauzatzen hasi zen gerora Esne Beltza izena eramango zuen taldea, eta musikariak batu ondoren, zuzenean estreinatu zuten taldea 2007ko hasieran. Urte berean, lehen diskoa argitaratu zuten, «Made in Euskal Herria», Gaztelupeko Hotsak zigilu gipuzkoarraren eskutik. Geroztik, agertoki gainean ikusi ahal izan da talde gipuzkoarra, ehundik gora kontzertu eskainiz. Japonian guztira sei kontzertu eman dituzte. Hemen, Euskal Herrian, herriko jaiak dituzte zain. Gaur, Villabonan eta bihar Andoaingo Goiburu auzoan arituko dira zuzenean.
Nola joan da Japoniatik zehar Esne Beltzarekin egin duzuen kontzertu bira?
Oso pozik gaude Japonian izan dugun harreragatik. Astebete iraun duen kontzertu biran sei kontzertu eskaini ditugu eta ikusleen harrera ona izan da, kontzertu guztietan jende ugari izan dugularik aurrean. Batez ere, txundituta utzi gaitu Japoniarrek nola abesten zituzten gure kantuak. Nabari da diskoa Japonian zabaldu dela eta gure musika entzuteko aukera izan dutela.
Zein lekutan izan dira kontzertuak? Fuji Rock jaialdi ezagunean parte hartzeko aukera ere izan al duzue?
Sei emanaldi izan dira guztira. Uztailaren 22an Tokion izan ginen Shinjuku herrian eta Marz aretoan aritu ginen Radical Network festibalaren barnean. Hurrengo egunean Minakami herrian izan ginen Canyons aretoan eta uztailaren 24an berriz Naeban. Bertan, Fuji Rock jaialdian jo genuen, egun berean bi kontzertu eskaini genituelarik. Lehena, Orange Curt izeneko gunean izan zen eta bigarrena, Cafe de Parisen, non emanaldi akustiko bat prestatu genuen. Uztailaren 25ean berriz ere Fuji Rocken aritu ginen hirugarrengoz, zinez bitxia zen Mokudo Tei gunean. Azken emanaldia, uztailaren 26an eman genuen Kanagawa Hayaman, Tokiotik gertu dagoen hondartza batean ospatzen den Blue Moon festibalean.
Fuji Rock festibalari dagokionez, jo genituen bi kontzertuetara bertako zuzendariak etorri ziren eta beraien gustukoak izan ginenez, Mokudo Teieko kontzertuan jotzeko eskaera egin ziguten. Azkenean, uste baino emanaldi gehiago izan ditugu bira honetan.
Euskal Herrian berriz, agenda erabat betea duzue. Herriko festak, txosnaguneak, jaialdiak.... Ez da gauza bera izango Japonian aritzea edo bertako plaza batean.
Taldeak kontzertu baten aurrean duen irizpidea berbera da beti: ahal den guzia ematea taula gainean. Kanpoan jotzeak gainera baditu abantaila batzuk: bidaiatzea, esaterako. Eta bidaiatzearekin batera, gustuko duzun hori eginez gero, hots, musika egin, ba primeran. Zentzu horretan, Euskal Herriko zatitxo bat kanpotarrei erakusteak ere badu gauza aberasgarririk. Euskal Herrian berriz gure kontzertuetara etortzen direnekin dugun konexioa edo harreman berezi hori garrantzitsuena da guretzat. Zentzu horretan, taldekideen artean dugun harremana eta gure arteko giroa ederra da. Egun eta gau ezin hobeak pasatzen ditugu gure furgonetaren barnean.
Reggaea, cumbia, rocka, trikia... Esne Beltza. Emaitza, musika beroa eta dantzagarria. Esne Beltza udararako musika taldea da, ala, bestela, urte osoan dastatzeko kantuak dira zuonak?
Dudarik gabe musika alaia egiten saiatzen gara. Hala ere, taldeak baditu beste aurpegi batzuk. Aurrerapen moduan esan dezakegu hurrengo diskorako abesti batzuk nahiko bereziak izango direla. Musika estilo ezberdinak uztartzen saiatzen gara, eta batez ere gustuko dugun hori egiten, beti.
Dantzarako gonbita egiten duen musika da zuona. Alta, dantzaria al da euskal ikusleria?
Urte guzti hauen ondoren konturatu naiz bi motatako jendea dagoela: dantzariak eta ikusleak. Entzuleen artean denetarik topa daiteke, eta guk denon gustura egiten saiatzen gara. Hala ere ikusle horiek mugimenduan jartzea izaten da kontzertuetan gure helburua. Egia esan, beti lortu dugu jendea mugiaraztea. Bai Euskal Herrian, bai Katalunian eta bai Japonian.
Egunotan gainera, kantu berri baten grabaketan buru-belarri ari zarete.
Hazparneko estudio batean grabatu berri dugu Donostiako Piratentzat kantua. Paxkal Etxepare eta Matiu teknikariak izan ditugu soinu mahaiaren beste aldean eta kanta bakarra grabatu dugu. Kantuaren musika, nirea eta DZren arteko sorkuntza bat da eta letra berriz, Jon Garmendia Txuriak egina da. Kanta egiteko unean, bi lankidetza izan ditugu. Batetik, Italiako Rude abeslaria izan dugu lagun eta Yage raperoa berriz Japoniatik. Musika estilo aldetik, hip-hop-rock azkar bat dela esan daiteke. Ekoizpen lanak eta moldaketak, berriz, Esne Beltzarenak izan dira, noski.
Urtebete pasa da «Made in Euskal Herria» diskoa argitaratu zenetik. Dagoeneko denbora bat pasa denean, nola ikusten duzue egun disko hori?
Guretzat lehen diskoa izanik harribitxi bat bezalakoa da. Gainera, laguntza handirik gabe egin genuen diskoa izaki, izan duen harrera ezin hobea izan du guretzako. Egia esan, ez genuen horrenbeste espero lehen lan horrekin.
Diskoa grabatzeko unean, taldea hasiberria zen kasik. Orain ordea, kontzertuak eta errepidea eguneroko ogia bihurtu zaizue.
Ez pentsa. Diskoa grabatu aurretik kontzertu dezente eman genituen (25 bat, gehienak Katalunian), eta taldea sendotzeko balio izan zuen. Errepidea eguneroko ogia diozu? taldeko musikari guztiek Esne Beltzaz gain eguneroko ogia erosteko beste lanbide bat dugu. Autobuseko gidari, musika irakasleak, iturgina...horiek dira gure lanbideak. Taula gainera ez gara lan egitera igotzen, musika gustuko afizioa da guretzako.
Urtebete eta gero, kanta berrien konposaketan izango zarete jada. Bada norabide berririk edo abian jarritako ildotik joango da disko berria?
Kantu berriak egiteko ideia berri pila bat ditugu eta aurrera daramatzagu dagoeneko entsegu lokalean. Norabidearen inguruan berriz, ez dugu ezer aurreratu nahi. Kantu berriak apurka ateratzen joango dira eta orduan argituko dira gauzak.
Ez da batere erraza izango zuena bezalako talde bat aurrera eramatea. Hainbeste lagun batera, hainbeste iritzi... Jakin nahiko genuke zer-nolakoa den Esne Beltzaren konposaketa prozesua eta nolakoa erabaki gunea.
Ez da batere erraza, baina talde-lana gailentzen da gauza guztien gainetik. Lehen diskoa egiteko unean Sergio «Patxuko», DZ eta nire artean egin genituen konposaketa lanak. Disko berria prestatzen hasi garen honetan berriz, taldeko beste musikarien parte-hartzea handiagoa da, bakoitzak bere proposamenak eta ideiak ekartzen dituelarik. Esne Beltzaren erabakigunea entsegu lokala izaten da, hori baita gure asteroko topagunea.
Taldearen jomuga, Euskal Herria ez ezik, mundu zabalera bideratuta dago.
Noski. Bidaia gehiago egiteko asmotan gabiltza, eta alde horretatik, baditugu leku berriak ezagutzeko proposamenak. Japoniako esperientzia eta gero, edozein tokitara joateko prest gaudela argi ikusi dugu. Argentinara, Alemaniara edo Errusiara joateko gonbidapenak jaso ditugu eta ahal bezain azkar saiatuko gara bira horiek gauzatzen.
Eta hori guztia, euskaraz abesten...
Gure hizkuntzak mugarik ez duela frogatzen dugu behin eta berriro Euskal Herriko hainbat musika taldek, atzerrira ateratzen garen bakoitzean. Guri behintzat ez zaizkigu ateak itxi, guztiz kontrakoa gertatu zaigu. Beste herrialdeetan gure hizkuntzarekiko duten jakin-mina nabarmenduko genuke gainera, hori baita erakutsi digutena atzerrira joan garenean.
Amaitzeko. Noiz izango dugu disko berria esku artean?
Printzipioz, Durangoko Azokarako bitxikeriaren bat edo kaleratuko dugu, datorren urteko udaberrian disko berria kaleratzeko. Bitartean, Esne Beltza taldearen lehentasuna zuzeneko kontzertuak han eta hemen ematea izango da.
«Fiji Rock bezalako jaialdi batean parte hartzea gauza handia da, eta gainera, japoniarrak gure kantuak abesten ikustea, sekulako ezusteko polita»
«Donostiako Piraten aldeko kantua egin berri dugu eta laster izango da entzungai. Musikalki hip-hop-rock azkar bat da»
«Gure hizkuntzak mugarik ez duela behin eta berriro argi frogatu izan dugu atzerrira joan izan garen bakoitzean»
«Gaur, Villabonako plazan eta bihar Andoaingo Goiburuko auzoko jaietan ikusi ahalko da Esne Beltza taula gainean»
Esne Beltzaren musika koktelera, anitza, koloretsua eta mestizoa den heinean, kantuen hitzetan ere bada aukerarik. Hamaika dira taldearen hitzetan topa daitezkeen errealitateak eta anitzak norabideak. Hamaika iritzi eta hamaika burutapen lerro artean topa ahal ditugunak. Kantuen hitz gehienak, Jon Garmendia Txuria idazlearen sinadura daramate, taldeko hamargarren kidea izatez, nahiz eta oholtza gainera sekula igo ez. Musika alaia da Esne Beltzarena, festa giroan dantza egitera eta ongi pasatzera animatzen duten horietakoa. Reggae, hip-hop, rock edota ska giroek dantzarako gonbita egiten dute, eta hitzek ordea, pentsatu, hausnartu eta aldarrikatzeko gaitasuna eman. Hortaz, makillajearen atzean ere badira salatu eta aldarrikatu beharreko arazoak. Esne Beltzak talde bezala sinaturiko lehen kantuetariko bat «Bozgorailuetatik» izan zen, lehen diskoa atera aurretik single moduan kaleratu zuten CD txiki batean barneratua. Etxerat elkarteak abian jarri zuen «Zure konpromisoa behar dugu» kanpainari musika jarri zioten, eta urte osoan zehar txosna edota herriko jai askotan entzun ahal izan dira elkartasun doinu horiek. Jon Maiaren hitzak erabili zituzten horretarako, eta mezua eta ideiak zabaltzeko bozgorailuen garrantzia aipatzen zen kantu horretan. Elkartasuna bera ere zigortuta dagoen garai hauetan, inoiz baino zentzu gehiago hartzen dute hitz hauek. Bide horretatik doaz Xabi Solanoren esanak ere, afera honetaz galdegitean: «Musika, pentsatu eta sentitzen duguna aldarrikatzeko baliagarri izan ohi da eta bizi garen lekuan bizi izanda, ezin da bestela izan».
Aldarrikapen norabide horretan ulertu behar da egun hauetan grabatu berri duten azken kantua ere. Donostiako Piraten aldeko ereserki berria izango dena, herri jai parte-hartzaileen aldeko aldarria ere izango delako. Herritik eta herriarentzat sorturiko abordaia piratak badu kantu berria eta abuztuaren 7an, ostirala, Donostiako Trinitate plazan entzun ahal izango da ozen eta indartsu. Egun horretan, Esne Beltza Piperrak eta Parabellun taldeekin batera taularatuko da, bandera beltzaren gaineko buruezur zuria inoiz baino arriskutsuagoa bilakatuz. Azken boladan itsaso zakarra izan arren, haizea alde dugulako.
K.O.