ELBk Kako auzian epaitutako sindikalista baten DNA fitxatu nahi dutela salatu du
ELBk Jean Michel Ayçagerre nekazariaren aurka egitekoa den epaiketa salatu du, eta horren aurrean protesta egitera deitu du. Sindikalista horrek bere DNA fitxatzeari uko egin zion, Kako auzian zigortua izan ondoren.
GARA |
Kako baserriko auzian zigortutako sindikalista baten informazio genetikoa fitxatu nahi dutela salatu du ELBk, askatasun sindikalaren aurkako erasotzat jotzen du-eta.
Epaitegiek bost nekazariei eta kooperatiba bateko kide bati kartzela zigorrak eta isunak ezarri zizkieten baserri baten jabegoaren defentsan hainbat ekintza sindikal egiteagatik.
Orain, zigortutako ELBko sindikalista horietako baten aurka beste auzi bat hasi dute. Izan ere, 2008ko urtarrilean Kako baserriko ekintza batean atxilotuak izan zirenean, Jean Michel Ayçaguerrek DNA (azido desoxirribonukleikoa) laginak ateratzeari uko egin zion. Joan den abenduan, Jendarmeriak Ozazeko nekazari hau deitu, eta berriro atxilotu zuen bost orduz.
Hor ere uko egin zion DNA ateratzeari. Horren ondorioz, datorren irailaren 29an berriro epaituko dute.
ELBren ustez, sindikatuetako kideen DNA fitxatzea askatasun sindikalaren aurkako erasoa da. «Orokorrean, talde oposiziogile politiko eta sozial guztiak fitxatzeko ekimen hori oinarrizko askatasunaren aurkako arrisku larria da», gaineratu zuen sindikatuak bere aldizkariko azken alean argitaratuko komunikatu batean.
Horregatik, nekazari guztiak mobilizatzeko eta epaiketa horren aurkako agiria sinatzeko eskatu zuten. Halaber, irailaren 29an izango den epaiketaren aurka Baionako epaitegiaren aurrean protesta egiteko deitu zuen ELBk. «Jean Micheli gertatutakoa gutariko edozeini gerta dakiguke. Nork hartuko du parte borroka sindikal batean indibidualki auzipetuta izan ondoren eta zaintzapean izan ondoren?», galdetu zuen.
Sindikatuak azaldu zuenez, 1998ko ekainaren 17an sortu zen fitxatze genetikoa arautu zuen legea. Hatz Genetikoen Fitxategi Nazionalak (FNAEG) hasiera batean sexu delituagatik zigortutakoen artxiboa zuen helburu.
Gaur egun, berriz, lege-hauste guztiak sartzen dira fitxategi horretan, kalte materialak eragitetik, gizateriaren aurkako krimenetaraino.
Esaterako, kartelak jartzeagatik ere pertsona baten DNA fitxatuta izan dezakete.
Zigorrak jaso dituzten pertsonak edo arau-hauste hutsalenaren susmagarriak direnak ere fitxategi horretan sartzen dituzte sistematikoki.
Hala, sindikatuetako kideak, ekologistak, OGMren aurkakoak edo beste hainbat taldeko militanteak agertzen dira, ELB sindikatuak salatzen duenez.
Finantza delituak, berriz, (giza-ondarearen erabilera, influentzia trafikoa, ustelkeria...) fitxatze genetikotik kanpo geratzen dira, gaineratu zuen nekazaritza arloko sindikatuak.
Jean Michel Ayçaguerrek egin duen bezala DNA ateratzeari uko egiteak 15.000 euroko isuna eta urtebeteko kartzela zigorra ekar dezake.
Gaur egun milioi bat pertsona inguru daude fitxatuta bere DNAren bidez, eta beste 30.000 gehitzen zaizkie hilero. 2003. urtean, berriz, 2.800 baino ez ziren. FNAEGk berrogei urtez gordetzen ditu datuok. ELBren arabera, fitxaketa masiboa dute helburu, eta etorkizunean populazio osoa izango da fitxategian.
Sindikatuaren arabera, askatasun sindikalaren aurkako erasoa da eta orokorrean oinarrizko askatasunak arrisku larrian jartzen dira, edozein talde politiko nahiz sozial oposiziogileko kideak fitxatu nahi dituztelako.