Julen MURGOITIO
Itzalaren argian!
Andaluziako poeta ezagunak idatzi zuenez bada gaixo egotea baino gauza gaitzagorik, mediku txarra izatea, hain zuzen ere. Eta krisiak, zorionekoa batzuentzat zoritxarrekoa besteentzat, nork bere nahiak, nork bere beharrak, agerian utzi du gaur esaera haren egia. Izan ere, krisiaren aurrean hamaika jarrera ganoragabe hartzen ari dira ustez krisia krisitik atera behar zutenek. Hona, kasurako, adibide bat, horren argigarri. Krisi garaian baliabideak, energiari lotuak barne, egoki kudeatu behar direla esaten badigute ere gero kontrara egiten dute, buru batzuek ganora sekula izan ez duten errekurtsoa dela argi erakutsiz. Horra hor egunero prentsan irakurria: krisia dela kausa argi guztiak piztuta daudela! Hori bai patronalak eman beharreko adibidea, krisi batetik zelan atera argigarri! Amarena bai ganora gero! etxetik ateratzen nintzen bakoitzean «argia amatatu!» oihu goxoa egiten zidanean; bai, konturatu zara, normalean gauez ateratzen nintzen etxetik, eta orduantxe kalera sartu. Urte batzuk beranduago ulertu nuen amaren esanaren sakona, poetarena ulertu nuen une bertsuan. Baina patronalaren jarrera xahutzailea, zarrastelkeriazkoa, gutxi izan ez eta horra Gasteizeko gotzainarena berarena ere. Abortuaren kontura aritu zen lehengoan pulpitutik, jaiak aitzakia hartuta; kontura baino kontrara aritu ere. Eta Ama Zuriari eskatu diputatuen jauregikoak argitu ditzala legearen okerra zuzendu dezaten, beste era batez esanda, orain arteko legea abortatu eta ordezko zuzenaz erditu daitezen. Elizarekin egin dugu topo, berriro ere, eta dagoeneko minduta daukat sudur-punta. Ez da harritzekoa nire ondoko herriko elizaren dorreak ilunabarretik aurrera itzelezko argitzea izatea, gauean inguruko kaleetan itzala emateko bestekoa. Kontuak atera, saguzarren espezie berri bat ari da garatzen elizen inguruetan, eta litekeena da lehenengo betaurrekodun espeziea izatea; saguzar katamotza edo. Euskal biodibertsitaterako berri ona, pentsatuko du baten batek. Euskal optikagintzarako albiste ona, ostera, patronalak. Hortaz, Meteosateko Iberiako argazkietan gauez ageri diren dirdira-gune nagusiak eliza-inguruak dira, eta egunezkoak Mediterraneoko kostako plastikopeko kultibo-guneak. Tira, harira! Ni behintzat saiatzen naiz ganorazkoa izaten eta nire aspaldiko erabakia da ez dudala berriro argi eta garbi hitz egingo, garbi baino ez, argia aurreztuta.