GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

BERRIA | Xabin Makazaga 2009/8/06

Gasteizko kaleetan, jai

Oihartzun handia izan zuten Manuel Fraga Iribarneren hitzek, 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen bost langile hil ondoren: «Kalea nirea da», bota zuen ministro frankistak, diktadurari aurre egitera ausartzen zirenak kikildu nahian-edo. Eta, atzo, «kalea gurea da» bota zuen Patxi Lopez lehendakariak, Gasteizen bertan (...).

PSE-EE Eusko Jaurlaritzara iritsi denetik, «beste aro batean» gaudela erakutsi nahi dute, kosta ahala kosta, agintari berriek. Eta euskal presoen argazkiak eta haien eskubideen aldeko afixak kaletik ezabatu nahi dituzte. «Gu eta besteak». Bereizketa eta bazterketa eragin nahi dute label demokratikoa dutenen eta ez dutenen artean. Biktimekin bezalatsu.

(...) Patxi Lopez ere aho bizarrik gabe mintzo da. Herriko jaietan, kalean «terrorismoa babesteko ahalegin oro» eragotziko dute. Jaiak «bakean eta askatasunean» igarotzea nahi dute, izan ere, «bakoitzak bere erara ospa ditzan».

Ezin, baina. Presoei elkartasuna adieraztea eta haien eskubideak aldarrikatzea zigortu egin nahi dute. Eta ez die axola jaigunean Polizia sarrarazteak ekar dezakeen ondorioa. «Kalea gurea da». Gasteizen eta Villabonan.

Guadalajarako espetxera Rafael Vera eta Jose Barrionuevori gorazarre egitera joan ziren horiexek dira orain label demokratikoa banatzen dutenak. Jaurlaritzara iristeko ezker abertzalea legez kanpo utzi zutenak (...).

Urteak eman dituzte ezker abertzaleari ETA gaitzesteko esaten. Hori zen label demokratikoa lortzeko bidea. Baina ezker abertzale tradizionala erakundeetatik kanpo, balizko gaitzespen horrek dagoeneko ez lukeela balioko aurreratu du Alfredo Perez Rubalcabak. Tregoa-tranpa asmatu zuen Jaime Mayor Orejak, eta orain gaitzespen-tranpa asmatu du Rubalcabak. Badaezpada ere, ezker abertzaleak ezer gaitzetsi aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo