GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Mikel Laboa Donostiako Musika Hamabostaldian izan zen atzo

Musika, eskultura, zinema eta antzerki munduko hainbat lagunek, Laboa eta bere sormen lana gertutik ezagutu zutenek, antiguatarraren izaeraren eta ibilbidearen zertzeladak marraztu zituzten, entzuleen irribarrea eta emozioa sorrarariz; Laboak berak nahiko lukeen bezala.

p050_f01.jpg

Xole ARAMENDI

Abangoardista, lagunartekoa, lotsatia, abegitsua... hauek izan ziren, besteak beste, bera gertutik ezagutu zutenek Mikel Laboa gogoratzean erabilitako hitzak. Euskal Herriko hainbat diziplinatako artistekin, belaunaldi desberdinekoekin, harreman estua izan zuen bere ibilbide luzean. Horietako batzuk, Musika Hamabostaldiak egindako gonbidapena onartu, eta Victoria Eugenia antzokira hurbildu ziren atzo.

Ekitaldi nagusia «Laboaren munduak» kontzertua izan zen. «Haika mutil» ordu erdiko dokumentalak eman zion hasiera, Imanol Uribek 1997an egindakoak. Horren ondotik, Bernardo Atxaga agertu zen. Laboa eta bere ibilbidea testuinguru historikoan kokatzen duen testu bat irakurri zuen. Ruper Ordorikak hartu zion lekukoa, kantuan. Iñaki Salvador pianoan eta Josetxo Silguero saxofoia jotzen atera ziren atzetik. Baita Pello de la Cruz eta Iker Muguruza txalapartariak ere. Gaueko une politenetakoa Juan Gorritik bere laguna gogoan egindako bi gitarra sabaitik jaitsi zirenekoa izan zen.

Victoria Eugenia antzokia jendez gainezka zegoen eta Laboaren ahotsak bakarrik urratzen zuen isiltasuna. Hain une hunkigarria haustearen beldur, entzuleen artean izan zen «Baga Biga Higa» baxutik abesten hasi zenik. Musikaz gain, irudiek, argiak eta eszenografiak ere izan zuten lekua ikuskizunean. Hiru eskailera zuri erabili zituzten artistek, ezustean, oholtza gainean agertzeko. Argi urdinak -Laboaren gustukoa- ukitu berezia eman zion ikuskizunari.

Billy Holidayren doinuek egin zieten agurra entzuleei kontzertura sartzean, eta irten, berriz, John Coltran entzunez irten ziren. Ikuskizunean John Cage estatubatuarraren pieza bat eskaini zuten.

Aurretik, arratsaldeko seietatik aurrera, mahai-ingurua izan zen antzokiko Klub aretoan. Julio Medem eta Imanol Uribe zinemagileak, Bernardo Atxaga idazlea, Koldobika Jauregi eskultorea eta Rikardo Iniesta antzerkigilea aritu ziren hizketan, Mikel Laboaren ondare artistikoa ardatz hartuta. Lagun giroan egin zen eta hasi aurreko isiltasuna -«Laboarekin ez dator bat seriotasun hau» esan zuen batek baino gehiagok- laster apurtu zuten parte-hartzaileen eta bertaratutakoen barreek. Laboaren emazte Marisol eta alaba hantxe ziren, gustura, entzuten.

Elkarlana

Mahai-inguruan parte hartu zuten gehienek diskoen bitartez ezagutu zuten Laboa, eta ondoren, beren jarduera artistikoa tarteko, harekin elkarlanean aritzeko zortea izan zuten. «Ikaragarri kostatu zitzaigun `Haika mutil' dokumentala egiteko konbentzitzea, baina behin onartu zuenean, plazerra izan zen», gogoratu zuen Imanol Uribek.

Iniestak, antiguatarraren musikak bizitza aldatu ziola aitortu zuen. Sevillako Atalaya taldeko kideak antzerki lan askotarako aukeratu du Laboaren musika. «Australiara eta Afrikara joan eta ikusleek abesti haiek non entzun zitzaketen galdetzen zidaten... bere egiten zuten Laboaren musika», esan zuen.

Medem-ek nerabezaroan ezagutu zuen «Laboaren ahots berezia. Ez dakit zer zen, denboraren sorreratik baletor bezala. Lur honetan gure aurretik bizi izan diren gizaki guztien memoria dakarkigu», azaldu zuen.

Koldobika Jauregirentzat «medium lanak egiten zituen lurrarekin zuen harremanean. Ia sorginkeria ekintza da Laboa entzutea. Oihu egiten du, xuxurlatu...». Iniestaren ustez, «lurra baino atmosfera da Laboa, euria eta haizearekin barreiatuz doana».

Denak ados zeuden Laboak guztiz abangoardiako lanak egin dituela esatean eta nolabaiteko atsekabea agertu zuten nazioartean oihartzun handiagoa izan ez duelako. «Formari zein edukiari dagokionez izan da abangoardiakoa», Iniestaren esanetan.

«Presente dago, ez da joan»

Mikel Laboa gertutik ezagutu dutenei gogorra bezain gozoa egin zitzaien atzoko eguna. Halaxe aitortu zuen Iñaki Salvadorrek mahai-ingurua hasi aurretik. «Poztu egiten nau, asko maite nuelako. Baina orain dela gutxi joan da eta sinestezina egiten zaigu bera gure artean ez egotea. Irrealtasun puntua dauka, amesgaiztoa balitz bezala. Baina errealitatea onartu egin behar da».

Zulo batetik begira irudikatu genuen Laboa. «Zer pentsatuko luke?» galdetu eta honokoa erantzun zuen urte askoan pianoan lagun izan zuenak. «Seguru begiratzen ari dela, gustura. Berak sortzen zuena ideia berrien hazi izateak asko pozten zuen. Gaur gustura egongo da bere lagunek prestatutako ikuskizun berria ikusiz», esan zuen.

Echenique hunkituta ikusi genuen Laboa gogoratzean. «Arantzazuko frantziskotarraren eta anarkista baten arteko nahasketa zen Laboa. Ez zuen protagonismorik nahi, baina seguru gustura legokeela. Niretzat Mikel presente dago, ez da joan, eta utzi digun ondareak betiko iraungo du. Euskal Herriko artista handien artean dago, dudarik gabe. Horregatik zen deigarria bere eskuzabaltasuna eta diskrezioa».

Jabier Muguruzak harreman estua izan zuen antiguatarrarekin eta mahai inguruaren ostean kontzertuaz gozatzera joatekoa zen. «Nik Mikel presente daukat joan zenetik. Bera hurbiletik sentitzeko aitzakia dira era honetako ekitaldiak», esan zuen. Eskuzabala eta abegitsua zen Muguruzak ezagututako Laboa. «Afalostean, mahaiaren bueltan, tokiz aldatu eta guztioi, bakarka, zer moduz geunden galdetzen zigula gogoratzen dut», gaineratu zuen. X. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo