GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Familiartean ere euskara ikasteko aukera eskaintzen du EAE-k udako ikastaroetan

Aurtengo udan ez da aitzakiarik izango euskarari bulkadatxoa ez emateko. Hilabete hauetarako eskaintza oparoa egin du AEK-k, aurtengoan, lagunekin, bakarrik, familiar- tean, etxetik gertu zein urrun, gozatzeko aukera izango da barnetegi eta euskaltegietan.

p016_f01_62789.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

AEK-k dagoeneko zabalik du uda partean euskara ikasi nahi duen ororentzat matrikula epea. Euskaltegietan zein barnetegietan aukera ugari izango dira, beraz, ez da aitzakiarik izango euskarari bulkadatxoa ez emateko. Lagun artean, bakarrik, familia artean, etxetik hurbil edota barnetegietan izango dira ikastaroak. «Garena ikasteko biderik laburrena» lelopean egingo dute kanpaina. AEK-ko euskaltegietan eta herri euskaldunetan kokatutako barnetegietan izango dira ikastaldiak uztailean, abuztuan eta irailean.

«Garena ikasteko biderik laburrena» lelopeko ikastaroak bost taldetan banatu dituzte aurtengoan. Lehenengo multzoak ikastaro trinkoak biltzen ditu. Etxetik hurbil euskara ikasteko parada ezin hobea da honako hau. Urtean zehar ikasitakoa ez ahazteko eta hobetzeko, edota EGA eta bestelako titulu ofizialak lortzeko aukera izango da. Gainera, ikastaldi hauetako batzuek diru-laguntzak jasotzen dituzte.

Nola ez, ezin falta udako barnetegiak. Hamaika anekdota batzen dituen igaroaldia. Gure hizkuntza ikasteko, txangoetarako, lagun berriak egiteko, eta azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko aukerarik politena izaten da barnetegia. Euskalduntze eta sakontze barnetegiak bereizi egin behar dira. Lehengoak 1B, 2. eta 3. mailak hartzen ditu; bigarrenak, ordea, EGA azterketa prestatzeko asmoa duen jendea hartuko du. Horrez gain, guraso eta seme-alaben artean euskaraz aritzeko ohitura sendotzeko familientzako bi barnetegi berezi prestatu ditu AEK-k.

Gurasoak eskolan dauden bitartean, begirale-hezitzaile prestuek seme-alabak zainduko dituzte. Bazkalorduan familia guztia elkartzen da eta arratsalderako tailerrak antolatzen dituzte. Gehienetan, gurasoek goizean landu dutena egoera erreal batean praktikan jartzen saiatzen dira. Adibidez, goizeko eskolan errezetak euskaraz nola eman behar diren landu badute, tailerretan pintxo lehiaketa bat antolatu daiteke.

Aparteko oporraldia izango da, zalantzarik gabe, haurrentzat zein gurasoentzat. Zugarramurdi, Aduna eta Foru herrietako barnetegiak familien zain egongo dira uztailaren 6tik 19ra eta abuztuaren 3tik 16ra. Ikastaldi hauen helburua guraso eta haurren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta eguneroko komunikazioan euskaraz aritzea da. Lehenengo tandan 15 familia joango dira eta abuzturako 24k eman dute izena dagoeneko.

Guraso asko eta asko dira urtean zehar AEKn izena eman eta beren garaian ikasi ezin izan zuten hizkuntza ikastera animatzen direnak. Seme-alabei eskolako kontuetan laguntzeko edota familian euskaraz bizitzeko, familia euskalduna osatzeko, alegia. Seme-alabak izanda oso zaila egiten da etxetik kanpo 15 egun ematea, hortaz, ikasle hauen beharrei eta nahiei erantzun bat emate aldera AEK ekimen honekin hasi zen orain dela hamabost bat urte.

Bizikletan ere, euskaraz

Oporrak, bizikleta, kirola eta euskara uztartuta bizi nahi dituztenek aukera paregabea aurkituko dute uztailaren 11tik 26ra bitartean. Barnetegi ibiltariak Euskal Herriko txoko ederrenak modu berezian, bizikleta gainean, ezagutzeko abagunea ematen du. Nahiz eta eskola ordurik ez egon, mintza praktika egiteko aukera paregabea da. Ikastaro ibiltariak lagunen arteko esperimentu gisa jaio baziren ere, aurten bederatzigarren urtemuga egingo du.

Barnetegi ibiltaria edonork egiteko pentsatuta dago eta egunean 60 bat kilometro egiten dira. Goizeko zortzi eta erdiak aldera altxatu, gosaldu eta furgoneta batean trasteak jaso ondoren ibilbideari ekiten zaio arratsaldeko zazpiak arte gutxi gorabehera.

Euskara irakaskuntzan diharduen erakundeak egiten duen eskaintzan Zuberoako euskalkia ikasteko aukera ere izango da. Ikastaroa uztailaren 27tik abuztuaren lehenera arte izango da Berrogaine-Larüntzen.

Hurrengo hilabeteetan euskaraz trebatu nahi duen orok izena eman besterik ez du egin behar. Horretarako, AEK-k telefono zenbaki bat jarri du: 902 362 294. Bestela, web orrian bertan -www.aek.org- ere bada izena emateko aukera. Garena ikasteko biderik laburrenean murgiltzeko hamaika bide izango dira irekita uda honetan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo