SEGA Euskal Herriko finala
Beteranoenak maisu izaten jarraitzen duela erakutsi du
Lizasok, 47 urterekin, garaipena erdietsi zuen lan bikaina egin ostean. Goikoetxea izan zen bigarren, eta soilik 23 kiloko aldea izan zen bien artean.
Jon LEUNDA
Lizasok lortu zuen atzo Aizarnan Euskal Herriko txapelketa. Bera zen faborito nagusietako bat, eta amaieran 23 kilok erabaki baldin bazuten ere, berak lortu zuen garaipena.
Jende mordoa, 700 ikusle inguru batu ziren Aizarnan, Aranburu baserriko belardietan finala zuzenean ikustera. Bost kirolari aritu ziren lehian, horietako lau gipuzkoarrak eta nafar bakarra.
Lizaso eta Goikoetxea ziren garaipena erdiesteko faboritoak, eta biek amaitu zuten sailkapeneko lehen bi postuetan. 23 kilo ko aldea besterik ez zen egon bien artean. Asteasukoak eta Gaztelukoak ikuskizun polita eskaini zuten, eta emozioak azkeneko unera arte iraun zuen. Dena dela, sailetan txapelduna aurretik ibili zen, eta bere garaipena garbiagoa izango zela zirudien saioa amaitu zen unean, baina sega-jokoa horrelakoa da. Ez du balio sailetan aurrena joatea bakarrik, kiloak moztu behar dira, eta itxura batean Goikoetxeak beheragotik moztu zuen belarra.
Lizasoren lana ere goraipatu beharra dago. 1984an aritu zen azkeneko aldiz iraupeneko proba batean. Geroztik, ez da aritu betiko erako sega-jokoan. Aurten itzuli da, eta era horretan jokatu diren bi lehiaketak, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak bereganatu egin ditu. 47 urte ditu, baina maila ikaragarria eman du.
Nazioarteko eran aritzeko itzuli zen, eta emaitza bikainak izan ditu. Aurten, ordea, betiko eran ere probatu nahi izan du, eta jokatu dituen bi lehiaketetan garaile atera da. Nazioarteko eran ere ez da gaizki aritu, Euskal Herriko Ligan bigarren amaitu baitzuen, txapela lortu duen Gabirondorekin berdinduta. Beraz, aitzakiarik gabeko urtea izan da beretzat.
Atzokoan faboritoa zen, eta lehen kolpetik jo zuen aurrera. Sailetan aldea lortzen hasi zen, baina segan kiloak behar dira, eta hor ez zen horrenbesteko alderik. Goikoetxea belarra behetik moztuz aritu zen, eta sailetan atzerago joan baldin bazen ere, gertutik jarraitu zion.
Atzetik, beste hirurak. Jendeak bazuen Arteaga ikusteko gogoa. Baliarraingoa zen atzo arteko txapelduna, baina osasun arazoak izan ditu, eta azkeneko unera arte ez zuen erabaki parte hartzea. Sailetan ere aurrekoengandik atzerago geratu zen, baina lehia polita izan zuen beste bi segalariekin, Kanflankarekin eta Alkortarekin, alegia.
Ezustekorik handiena Kanflankak eman zuen. Leitzarrak aurten ezin izan du beste saiorik jokatu, Nafarroan ez baita lehiaketarik izan, baina oso lan txukuna egin zuen, eta hirugarren amaitu zuen finala. Dudarik gabe, gustura egoteko moduko saioa izan zen Leitzako segalari gaztearentzat.
«Oso gustura nago»
Lizaso amaieran pozez gainezka zegoen: «Oso gustura nago lortutakoarekin. Uste dut lan ona egin dudala, oso gustura aritu naiz saioan zehar, eta txapela lortzea ikaragarria da. 1984. urtean atera nintzen azkeneko aldiz, eta aurten berriro pauso hau eman dudanean, jende askok zalantza egin du nirekin, baina erakutsi dut txapelak lor daitezkeela».
Lortutako alde txikiari buruz, berriz, honela mintzatu zen: «Egia esan, aldea ez da handia izan. Sailetan aurretik amaitu dut, baina uste dut hortxe egon dela aldea. Sail batetik bestera belarra ez zen berdina. Batzuetan asko zegoen, eta beste batzuetan, berriz, gutxi, eta amaierako emaitza horren erakusgarri izan dela uste dut», esan zuen. «Niretzat txapel honek balio handia dauka. 47 urte eginak ditut, eta horrenbeste urte eta gero itzuli eta garaile ateratzeak, sekulako indarra ematen dit», gaineratuta amaitu zuen bere jarduna Asteasuko txapeldun berriak.
Sailetan Lizaso aurretik ibili zen une oro, baina itxura denez, Goikoetxeak belarra beheragotik moztu zuen, eta bi segalarien artean amaieran izandako tartea oso txikia izan zen.
Finala amaitu ostean, Lizasok apusturako deia egin zuen. Bera prest agertu zen irailean jokatzeko, bai atzo finalean izan ziren beste lau segalariekin, bai eta Joxe Gabirondorekin ere.