GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Urtetik urtera Piraten egitaraua eta jendearen parte hartzea zabalagoak dira

Aurten ere, Piratek Donostiako Aste Nagusirako antolatutako egitaraua ekitaldiz josita dator. Atzo, estreinakoz, Urgullen Erromeria izan zen, lagunarteko bazkaria, musika eta taloak tarteko. Eguraldiak festa zapuzteko mehatxua egin zuen arren, azkenean jai giroa nagusitu zitzaion zeru lainotsuari. Gaurko Abordatzearekin dator gehiengoarentzat egunik handiena. Iazko arrakasta gaindituta, 250 baltsek abordatuko dute Donostia 17.00etatik aurrera.

Oihane LARRETXEA

Astebeteko festa eskaintzen dute Piratek Donostiako Aste Nagusian, eta urtero legez, ekitaldi berriak txertatzen dituzte programan. Aurtengoa, atzo Urgullen egin zuten Erromeria Eguna izan zen.

Zuzenean igo beharrean, albokariak eta trikitilariak bildu ziren Santa Maria eliza berrituaren magalean, giroa sortu eta jendea animatzeko.

Arin-arinen erritmoan Parte Zaharrean barrena ibili ziren, eta ordu biak inguruan ekin zioten, aldapan gora, Urgullera igotzeari.

Damen Baterian denetarik egon zen, adin guztietako lagunen nahiak asetzeko, hainbat ekitaldi zeuden antolatuta. «Hasteko, kontzertu klasiko txiki bat izango da; berezia izan zitekeela iruditu zitzaigun», adierazi zuten antolatzaileek.

Hasierako alboka eta trikitiak alde batera utzita, beraz, aulkietan eseri ziren Urgullen paseoan zebiltzanak eta Erromerian parte hartzera joandakoak.

Hodeien mehatxua

Lainoek mesfidati begiratzen zuten arren, azkenean egitarauari eustea erabaki zuten. Eguraldi goibela zela-eta, nahi baino jende gutxiago bertaratu izana lastima izan zen antolatzaileentzat.

«Erromeria egun eguzkitsu batean egitea politagoa litzateke, inguru honetaz gehiago gozatzen delako. Dena den, euririk egiten ez baldin badu, eskerrak eman beharko ditugu», aipatu zuten.

Jatekoarekin gozatzeko parada ere izan zen atzokoan.

Baserritarrez jantzita, emakume talde bat jo eta su ari zen taloak egiten, eta bertara iritsi ostean, eskertzekoa zen hamai- ketakoa. Bazkaria bultzatzeko berriz, nahi adina garagardo eta freskagarri edateko aukera ze- goen itsasoari begira muntatu zuten barran.

Bazkalostean haurrak saltoka ibili ziren puzgarrietan, eta gainerakoak, trikitixa doinuekin dantza eta dantza. «Aurreneko aldia izanik, eta eguraldi kaskarra kontuan hartuta, pozik gaude emaitzarekin».

Gaur, Abordatzean, askorentzat festetako ekitaldi nagusia, 250 baltsatan aterako dira portutik Piratak hiria abordatzeko prest.

150 lagun

Atzoko eguna lainotsu agertu zen, eta horrek jendea atzera botako zuen beldur ziren antolatzaileak. Alabaina, jai giroa nagusitu, eta ehundik gora lagun bildu zen Urgull magalean.

250 baltsa

Urtetik urtera jendearen parte hartzea handitzen joan da, baina aurtengo abordatze egunerako izena eman duen lagun kopuruak marka guztiak hautsi ditu. Hala, iaz baino ehun baltsa gehiago aterako dira portutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo