Sardina erreak Logicoop arrantzaleen kooperatibari isuna kitatzen laguntzeko
A.M. |
Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) kudeatzen duen areto bat baimenik gabe arraina zuzenean saltzeko erabiltzeagatik, 5.150 euroko isuna jaso zuen joan den apirilean Logicoop arrantzaleen kooperatibak.
Orain, diru-kopuru hori ordaintzeko exijitu dio MIGek beren abokatuen bitartez, isuna berehala kitatzen ez badu kooperatibaren ondasunak bahitzeko bideari ekingo diotela nabarmenduz.
Logicoopek MIGen jarrera kritikatu du, 2008an izandako jarduera kaxkarraren ondoren eta egun pairatzen ari diren krisiarekin, «bertako ekonomia bultzatzeko xede duen erakundearen» jokaera ez duelako bidezkotzat jotzen.
Donibane Lohizune-Ziburu portuan bertako armadoreak ordezkatzen dituen egitura bakarra da, egun, Logicoop. Arrainaren urritasuna, arrantza kuoten murrizketak eta gasoilaren garestitzeak arrantza enpresak gogor jotzen ari direla adierazi du: «Faktore hauek arrantza enpresen errentagarritasunari eragiten diete eta, horrenbestez, baita bere kooperatibari ere».
Egoeraren aitzinean, Logicoopek elkartasun deia egin du eta datorren ostiralean, abuztuak 14, arratseko zazpietatik goiti sardina-jatea antolatu du Donibane Lohizuneko sardinategian.
Sostengua
Maiatzaren 9an jada antzeko ekimena burutu zuten arrantzaleek. Orduan, 990 ¤ biltzeaz gain, lekuko hautetsi eta herritar ugari inguratu zen beren sostengua adierazteko. Hilabeteotan han-hemenka bildu dituzten beste ekarpenak gehituta, guztira, 1.125 ¤ jaso dituzte.