Luis Bilbao Larrondo Historialaria
Le Corbusier eta Bilbo
Ia 45 urte bete dira Le Corbusier arkitektoa hil zenetik. Gainera, gutxik baino ez dute zalantzan jartzen XX. mendeko arkitekto garrantzitsuenaz ari garela. Hori dela eta, oraindik ere haren lanari buruz dagoen ezjakintasunak harridura eragiten du, pertsona famatua izanda. Are gehiago, nik goraipatu nahi izango nuke ezezaguna den ikuspegi bat: Bilbo hiribilduan izandako eragina.
Frankismo garaian, batik bat, garapen bidean zegoenean (1959. eta 1975. urte artean, hain zuzen), Bilboko arkitektura eta hirigintza itzaltsua nahiz kalitate urrikoa izan arren, omen, ez zela zehatz-mehatz horrela izan nabarmendu beharko genuke. Ikertzaile askoren ustez, antza denez, arkitektura laiotza izan arren, oinaztargiak ere izan zirela azpimarratu ohi dute.
Une latz horretan, 60ko hamarkadan, Bilbori zegokionez, zeukan arazo larrienetako bat etorkin askoren etorrera izan zen, -horren ondorioz, etxebizitza falta izugarria sortu zen, batez ere etorri berrien artean-, edota, era berean, enpresari-politiko bilbotarren jokabidea, azpijokoa zela-eta, azpiegituran gabezia ikaragarria jasan behar izan baikenuen, besteak beste.
Hori guztia zela eta, zeintzuk izan ote ziren mahaigaineratu zituzten ebazpenak eta zergatik onartu ziren batzuk eta beste batzuk ez? Hala ere, egoera horren inguruko hausnarketak eginez gero, Bilboko agintariek Europatik eta AEBetatik zetozkigun ereduak moldatu nahi izan zituztela esan dezakegu, Bilboko arazoei erantzun egokiena emateko ustez.
Esaterako, hainbat ikerketaren arabera, jakin badakigu egunkarien indar desberdinak izan zituztela, batez ere «Hierro» Falangearen egunkariarena. Sarritan, bere orrialdeetan agertzen ziren arkitekturari eta hirigintzari buruzko monografikoak, aldizkari profesionaletan baino askoz interesgarriagoak zirelako. Haatik, zekartzan informazioak Etxebizitza Ministeriotik, Juan de la Cierva Patronatutik, Zientzia Ikerkuntzarako Goi Mailako Zentrotik, Eduardo Torroja Institututik, Eraikuntzarako aldizkaritik eta 3E-tik zetozen. Honek guztiak erakusten digu zuen mamia eta garrantzia.
Ostera, jokaera bitxia zeukala esan daiteke, zeren nola izan zitekeen egunkari haren irakurle arruntek halako teoriak eta proposamen berritzaileak ulertzea? Oroz gain, horren inguruan zegoen ezjakintasuna aintzat hartzen badugu.
1959. urtean «Hierro» egunkarian bertan agertutako artikulu bi, arras gailenak ziren, bata, «Etorkizunerako hiria»-z ari zena, Le Corbusierren liburu arrakastatsuarekin batera defendatzen baitzuen asmoa: «Existitzen diren hiriak suntsitu behar ditugu eta hiri berriak egin, baina haien sustraietatik». Ideia hauek Bizkairako Larrialdi Plangintzan erabil zitezkeen, Bilboko agintarien ustez. Bestea, bertako buruek suitzar arkitektoa Brasilia hiriburuan erabilitako proposamenaz baliatu nahi zuten, Asuako ibarrean eraiki nahi baitzuten hiri berria ehun eta hogeita hamar mila biztanlerentzat, Bilbo Handiaren, Eskualdeko Antolamendu Plangintzaren lehenengo berraztertzean, proposatzen zuen gisan.
Aitzitik, Otxarkoagako poligonoan parte hartu zuten arkitektoek (1959-1964) Le Corbusierrek azaldu zituen parametroekin bat egin zutela aitortu zidaten elkarrizketen bitartez: hau da, etxebizitzak aireberrituak, eguzkitsuak, etxe orratzekin, elkarrengandik aldenduta eta makina bat gune berderekin, edota lantokietatik urrun...
Bestalde, Etxebizitza Ministerioko arduradunek halako ikuspegiarekin jarraituko zuten beste hainbeste poligonotan, Nerbioi ibaiaren ezkerraldean, preseski: Uribarrin (Basaurin) Gurutzetan (Barakaldon) Sestaon, Portugaleten, Santurtzin edota Muskizen, besteak beste. Halaber, Asuako haranean ere eraikiko zuten, poligono berrian.
Arkitekto ugarik Le Corbusier arras kritikatu zuten arren, askoz ere gehiagok kopiatu egin zioten. Rafael Leoz arkitekto famatuak Bilbon 1966. urtean egindako hitzaldian esan zuen bezala: «Le Corbusierren tankerako pertsonaiek gogaitu egiten dute eta konplexua sortu die gainerako arkitektoei; kopiatu badiote ere, arkitekto horiek inoiz ez dute horretaz hitz egingo, ezta haren balioa onartu ere».
Alabaina, ez dago ezbairik, guztiz aipagarria izan zen 1967. urtean Bilbon jazotakoa -gogora dezagun bi urte lehenago Le Corbusier hil zela-, Udaleko Etxebizitzak (Komanditan Sozietatea) ehun eta hogeita hamabi etxebizitza bukatutzat eman zituenean; San Inazio auzoan, doi-doi. Rufino Basañez arkitekto bilbotarraren proiektuaren arabera, Le Corbusierren «Bizitzeko Unitateari» eman zion interpretazioari esker. Urte berean Arte Eder Museoan Le Corbusierri buruzko sekulako erakusketa egin zuten bai Museoaren Lagunak elkarteak bai Frantziar Institutuak. Hauen iritziz, gorazarre moduan zein arkitekturaren jenio horren ideia aipagarrienak Bilbon zabaldu eta azaltzeko. Le Corbusierrek berak esango lukeen bezala: «Gure hormigoi gogorra ikusteak erakutsiko du, beraz, azpian gure sentsibilitatea biziki fina dela».
Agian, orain arte izan den ezjakintasuna dela-eta -ez digutelako ezagutzen utzi- burura datozkigu Le Corbusierren esaera entzutetsuenak: «Arkitekturaren erabilgarritasuna», «bizitzeko egiazko makinak» edota «izadiaren berreskuratzea hiri handietan», besteak beste. Era berean, 1967. urtean, Madrildik, «Arkitektura» aldizkarian argitaratu zuen artikulua -Basañezen proiektuak bere funtsa adierazteaz gain, aldizkaritik aztoratzaile-itxura eta hizkera izatea ere egotzi zitzaion-. Orobat ,«Forma Berria» aldizkarian, Juan Daniel Fullaondo arkitekto bilbotarrak ere nabarmendu ohi zuen Basañezen jeinutasuna.
Benetan ulertezina egiten zaio edonori daukagun ondasun arkitektonikoa ulertzeko gai ez izatea, ez eta geroko belaunaldiei lagako diegun balioespena ere.