Ikurrinaren aldeko hitzordua gaur Donostian, bandera espainolaren aurrean
GARA |
Arratsaldeko zazpietan, Alderdi Ederren, «Geurea ikurrina! Inposaketarik ez!» leloa izango duen elkarretaratzea egingo dute Donostian, Aste Nagusiko jaiak bete-betean direla. Euskal Herria «bizirik» dagoela eta haren etorkizuna «euskal herritarren esku» dagoela argudiatuta, Donostiako eta Euskal Herri osoko herritarrak gonbidatu ditu Bai Euskal Herriari herri ekimenak gaur arratsaldeko ekitaldira.
Elkarretaratzea egitearekin batera, eskuorri ugari banatuko dituzte Gipuzkoako hiriburura hurbildutako turistei ere ekitaldiaren mezua helarazi eta egoera ezagutarazteko.
Euskal nortasunaren aldeko aldarria eraman nahi du herri ekimenak Donostiako udaletxe aitzinera, Odon Elorza alkateak bandera espainola ezarri baitzuen bertan duela urte eta erdi inguru.
Herri ekimenaren aburuz, «`aski da' argi eta ozen esateko garaia» iritsi da eta bandera arrotzen inposaketarekin euskal herritarren «izena eta izana ezabatu nahian» dabiltza; «euskal kutsua duen edozer eta edonoren aurka ekiteko inongo lotsarik» ez dutela ere gogor salatu du komunikabideei igorritako oharrean.
Euskal Herriak ez duela «inoren inposaketarik onartuko» adierazi nahi dute elkarretaratzean, eta, era berean, «Geurea Ikurrina» goiburua duen eta dagoeneko makina bat atxikimendu bildu dituen agiria Alderdi Ederren bertan sinatzeko aukera egongo dela jakinarazi dute.