GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

«Ohore handiz» eman diete hasiera pilota eskolakoek Leitzako jaiei

Leitzako pilota eskolako Sagrario Lasarte izan zen, atzo, 18.00etan, festei hasiera eman zien suziria jaurti zuena. Lau ordezkari dira eskolan lanean dihardutenak eta «ohore handiz» jaso zuten txupinazoa botatzeko deia. Gaur, goizeko 12.00etan, ezpata-dantza dantzatuko dute Aurrera dantza taldekoek.

p021_f03_22073.jpg

Izaro ARBILLA | LEITZA

Patxi Sagastibeltza, Mitxel Sagastibeltza, Jon Iparagirre eta Sagrario Lasarte dira Leitzako pilota eskolako arduradunak. 40 urte inguru ditu eskolak eta orain «oso garai onean dago». Atzo haiek izan ziren herriko San Tiburtzio festei hasiera emateko ardura izan zutenak eta «urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza gisa» hartu zuten.

Jaiak ofizialki atzo hasi ziren arren, iragan asteburuan izan dute leitzarrek berotzeko aukera. Normalean haurren eguna festak hasi aurreko asteburuan izan ohi bada ere, aurten, txupinazoa astelehenean izanda, ekitaldiak pilatu egin zaizkie eta askok suziriaren jaurtitzea sekulako ajearekin bizi izan dute.

Ostiralean Erreparto eguna izan zen eta txistulariak, trikitilariak... gaiteroekin batera jai giroa jarri zuten herriko karriketan barrena. Txosnak ere ireki ziren eta gauean kontzertuekin amaitu zuten eguna gaz- teek. Larunbatean, berriz, haurren eguna, 11.30ean jaurti zuten suziria txikienek, eta egun osoan puzgarri, joko eta dantzaldiekin gozatzeko aukera paregabea izan zuten. Gauean Triki-dantz taldearekin dantzaldia izan zen.

Esan bezala, egitarau horretatik kanpo, atzo arratsaldean hasi ziren Leitzako jaiak ofizialki. Herrikoak hurbildu ziren udaletxeko plazara festari ongietorria ematera. Urte osoa zain eman ondoren heldu dira behingoz San Tiburtzio jaiak.

Suziriaren ondotik, Incansables txaranga, txistulariak, trikitilariak, gaiteroak... aritu ziren musikaz herria alaitzen, eta gauean Tximeleta taldeak eskaini zuen dantzaldia plazan.

Goizean koadrilen arteko herri kirolak ziren antolatuak, irabazleak, egingo den herri afarira gonbidatu dituztelarik.

40 urte lanean

Leitzako pilota eskolatik Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola pilotari handiak irten dira, besteak beste, eta egun eskolan laguntzen dihardute.

60 lagun inguru aritzen dira astean bitan entrenatzen, asteburuetako txapelketez gain. Lau arduradun diren arren, argi utzi nahi izan dute proiektua aurrera badoa herriaren laguntza eta partaidetzari esker dela. Une oso onean dago eskola da, gero eta ume gehiagok ematen baitu izena, eta ez bakarrik Leitzakoek, baita inguruko herrietakoek ere. Izen handiko eskola da, eta hainbat txapelketa irabazi ditu. Egiten duten eskaera bakarra frontoi berri bat da, daukatena oso motza baita eta hainbat txapelketa ezin dira bertan jokatu. Beraz, «urgentziazko gauza da». Dena dela, biziki eskertu dute aurten Leitzako festetako protagonistak izatea.

Finean, Leitzako herritarrek sei egun dituzte Udalak eta jai batzordeak antolaturiko egitarau oparoaz gozatzeko. Eta gaur, jakina, San Tiburtzio eguna izanik, 12.00etan ezpata-dantza famatua dantzatuko dute herriko plazan.

gazte eguna

Hilaren 14an, ostirala, Gazte Eguna ospatuko da, egunean zehar, goitibeherak, Incansables txaranga, gazteen jokoak... eta gau partean, kontzertuak izango dira plazan; Habeas Corpus eta Zesatek.

Incansables

Incansables txaranga tolosarra izan arren, ez du inoiz hutsik egiten Leitzako festetan. Antza, herrira aurrenekoz jotzera etorri zenetik 40 urte beteko ditu. Egunero aritzen dira kaleko giroa alaitzen eta 01.00ean egiten dute beti erronda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo