GARA > Idatzia > > Ekonomia

Baionako auzitegiak lur eremu baten espekulazio saioa galarazi du

SAFER laborantza lurren eskualdatzeak kudeatzen dituen erakunde ofizialari arrazoia eman dio Baionako auzitegiak. Senpereko lur eremu bat ohiko prezioan baino hamar aldiz garestiago saldu nahi zuen jabeak, baina ezin izango du bere asmoa gauzatu. Lurra bertako laborari bati saldu beharko dio epaitegiak finkatutako prezioan edo salmentatik kendu beharko du.

Arantxa MANTEROLA |

Lurren salmentan soka luzea ekar lezakeen ebazpena eman du Baionako auzitegiak. Izan ere, lehen aldiz Ipar Euskal Herrian, lurjabe baten helegitea atzera bota du eta, horrenbestez, espekulazio saiakera nabarmen bat bertan behera geratu da.

Afera ez da berria, 2006. urte amaieran hasi baitzen. Garai hartan Senpereko 10,92 hektareako lur eremu bat salgai jarri zuen jabeak 470.000 eurotan. Lur horiek eraiki daitekeen eremu baten ondoan izanik ere, laborantza lurrak direnez, inguruko nekazari batek erosteko nahia azaldu zion SAFERi, laborantza lurren eskualdatzeak kontrolatzen dituen erakunde ofizialari. Horrela, 2006ko azaroaren 15ean, erosteko lehentasun eskubidea egikarituz, SAFERek kontraeskaintza egin zuen laborantza lurren ohiko prezioan: 42.620 eurotan hain zuzen.

Horrelakoetan, jabeak bere ondasuna saltzeko asmoa bertan behera uzten du normalean. Alta, afera honetan auzitara jotzea deliberatu zuen, salneurri horrekin ados ez zegoela agertuta.

Hamar aldiz gutxiago

Joan den maiatzaren 4an Baionako auzitegiak 67.371 euroko salmenta prezioa finkatu zuen, hots, jabeak eskatzen zuena baino hamar bider baxuagoa.

SAFERek lur eremua erosi nahi zuen laborariariarekin hitz egin zuen eta hura epaitegiak erabakitako salneurria onartzeko prest agertu zen.

Helegitea aurkezteko epea ostiralean amaitu zenez, erabakia behin-betikoa da eta SAFERek epaitegiak proposatutako prezioa eskainiko dio lurjabeari. Hala eta guztiz ere, jabeak ez du derrigorrez berehala erabaki beharrik, hiru urteko epea baitu aipatu eskaintza onartzeko edo, osterantzean, bere lurrak salmentatik kentzeko.

Jean-Claude Saint-Jean SAFEReko burua pozik agertu da ebazpenarekin, «espekulazio-saiakera nabarmen bat» eragotzi delako. ELB nekazarien sindikatuaren iritziz ere, «Ipar Euskal Herrian aurrerantzean egingo diren eskualdatzeetarako garrantzi handiko erabakia da».

Azken urteetan gorabehera ugari sortzen ari da laborantza lurren salmenten inguruan, merkatuko prezioak izugarri emendatu baitira eta laborarientzat lan tresna dena eskuratzea ezinezko bilakatzen da maiz. Afera gatazkatsuenetakoa Kako etxaldearena izan zen, laborariak eta SAFER bera aurrez aurre jarri zituena.

GARRANTZIA

ELB sindikatuaren ustez, «Ipar Euskal Herrian aurrerantzean egingo diren salmentei dagokienez, garrantzi handia du epaitegiaren ebazpenak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo