Harri-jasotzea Igeldoko Harria Txapelketa
Inork ezin izan dio aurre egin Izeta II.aren trebeziari
Aiarrak seigarren urtez jarraian lortu zuen Donostian jokatzen den sariketa.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ez zen ustekaberik izan herenegun ilunabarrean Donostian jokatu zen Igeldoko Harria Txapelketan. Izeta II.ak seigarren urtez jarraian eskuratu zuen txapela. Aiarrak sasoi bikainean jarraitzen du, eta hori agerian uzten du aurtengo udan irabazi dituen torneo mordoak.
Bederatzi kirolari neurtu ziren Igeldoko Harriarekin, 134 kiloko harri baldarrarekin, alegia. Harri-jasotzaile bakoitzak bost minutuko txanda bakar bat izan zuen lanean aritzeko, eta Izeta gainerako guztien gainetik agertu zen.
Zozketan, bigarren lekuan aritzea egokitu zitzaion, baina horrek ez zuen kikildu. Bost minututan, 17 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, eta garbi zegoen beste inork apurtzeko ere oso marka ona egin zuela.
Aiarrak oso lan ona egin zuen. Behetik gora egin zuen, eta amaieran oso indartsu amaitu zuen. Lortutako marka bikaina izan zen, eta amaierran inork ezin izan zuen hori apurtu, eta garaipena erdiesteko balio izan zion.
Joseba Ostolatza zen, adituen ustez, aurka egin ziezaiokeen bakarra, eta zestoarrak eraman zuen bigarren postua, baina hiru jasoalditara geratu zen. Izetak behetik gora egin zuen bezala, Josebak, behera egin zuen saioak aurrera egin ahala, eta hori ikusi zen. Amaieran nahiko justu amaitu zuen, eta 14 jasoaldirekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta horrek bigarren postua eman zion.
Hirugarren postuan amaitu zuen Izeta III.ak. Aiarrak lan bikaina egin zuen; oso denboraldi ona egin du orain artean, eta Donostian egindako guztia berretsi zuen. 13 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, Ostolatza baino bat gutxiago, eta podiumean sartzeko balio izan zion.
Saio ona
Jokin Eizmendirengan ere itxaropen handia zegoen, eta zarauztarrak lan ona egin baldin bazuen ere, ezin izan zuen podiumean sartu, amaieran 10 jasoaldi eman baitzizkion, eta Izeta III.arengandik hiru jasoalditara geratu zen.
Hortik aurrera, berdinketa ugari izan ziren, baina horrelakoetan araudia jarraitu behar izaten da, eta horrek garbi uzten du: bi kirolari berdinduta geratzen badira, bietan kilorik gutxien pisatzen duena geratzen da aurretik, eta hori berretsi behar izan zuten bi aldiz.
Bosgarren postuan berdinduta geratu ziren Bertiz eta Lertxundi, baina nafarra gipuzkoarra baino arinagoa denez, Bertizek amaitu zuen bosgarren postuan, nahiz eta biek bederatzina jasoaldi lortu. Gauza bera gertatu zen zazpigarren postuarekin. Telleria III.a eta Urpe berdinduta geratu ziren, biek zazpi aldiz jaso zuten harria bizkar gainera, baina Telleria arinagoa da, eta berak lortu zuen zazpigarren postua.
Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa non eta noiz jokatuko den eman dute jakitera jadanik. Aizarnazabalen izango da, urriaren 4an. Egun horretan erabakiko da zein izango den txapelduna, nahiz eta oraindik bertan parte hartuko dutenen zerrenda ez den ezagutzera eman.
Pentsatzekoa da Aimar Irigoien bertan izango dela. Errezildarra da egungo txapelduna, eta baita harri hauekin irabazteko faborito nagusia ere. Harri handiekin jadanik jantzi du txapela, eta txikiekin ere gauza bera egin nahi du, horrela azken urtetakoa errepikatu ahal izateko.