GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Jai eredu zaharkitua abordatzera

Zazpi urte nahikoa izan dira Piraten Abordatzea Donostiako Aste Nagusiko erakargarririk nagusietakoa izateko, nagusia donostiar zein kanpotar askoren iritziz. Urtez urte haren arrakasta emendatuz doala ikusi besterik ez dago. Atzo goizeko zortzietan ehunka gaztek hitzordua zuten portuan beren ontziak prestatzeko, herri bazkarian parte hartzeko, beti ere musika lagun, eta arratsaldean hondartzaren jabe egiteko. Handik jai giroan beraiek antolatutako ekitaldi ugarien bila abiatu ziren ondoren. Zalantzarik gabe, ekimen originala eta parte-hartzea bultzatzen duena, baina, horrez gain, herritar guztientzako Aste Nagusia aldarrikatzen du, hartarako Piratak beraiek eredu ezin hobea izanik.

Abordatzearen arrakastaren sekretua, Euskal Herriko beste jai askotako ekimen ugarirena bezala, hain zuzen ere, haren herri izaera baino ez da. Eta horren azalpena ere ez da zailegia. Herritarrek herritarrentzat egindako ekimenak dira, beren gustuen, beharren eta ahalmenen araberakoak. Azken zazpi urteok erakutsi dute Donostiak Piraten beharra zuela; izan ere, bertako jai eredu klasistak eta bertako kultura baztertzen duenak Francoren heriotza gainditu zuen eta bizirik dirau gaur egun. Eredu horren alternatiba, ordea, ez dator instituzioen eskutik, herritarrenetik baizik.

Aurten Hego Euskal Herriko festetan instituzioen ekarpen nagusia polizien bidez bideratzen ari dira: errepresioa. Lizarra eta Gasteiz bi adibide baino ez dira izan, eta udak, festekin batera, aurrera egin ahala, gero eta nabarmenago agertzen ari dira zergatik ez duten gustuko herri ekimena, jaia ulertu eta gozatzeko modu propioa, jaia eta herritarren kezkak eragiten dituzten egoeren salaketa uztartzen dakiena, kritika arma zorrotza duena. Kontrol poliziala, jipoiak, mehatxuak... horiek dira uda honetan jaietan dibertitzeko modua ere inposatu nahi duen ereduaren ekarpen nagusia. Eredu zaharkitu horren aurrean, denen parte-hartzea beharrezkoa da. Horregatik, Donostian gero eta jende gehiagok bat egiten du Piraten oihuarekin. Abordatzera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo