GARA > Idatzia > > Kultura

Zinema mutua musikaz lagunduta, gure arbasoen bizimodua ezagutzeko

XX. mende hasierara eramango gaitu gaur Donostiako Musika Hamabostaldiak. Garai hartako zinema mutu emanaldi bat bailitzan, The Silent Band-ek musika jarriko die 1900-1936 bitartean Donostia eta Biarritzen grabatutako irudiei. Bestalde, Hopkinson Smithek, Antzinako Musika zikloaren baitan, laute eta gitarra barroko emanaldia eskainiko du.

p040_f01_97x120.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Belle Époque deituriko garaia ekarri nahi izan du gogora Hamabostaldiak, baina ez musikaz soilik, baita irudiekin ere. Horretarako, Euskadiko Filmategiarekin bat egin dute eta proposamen berezia osatu dute gaur gauean (20.00) Kursaaleko Ganbera aretoko kontzertuei ekiteko. Emaitza, XX. mende hasieran bezalaxe, zuzeneko musikaz lagundutako film mutu baten emanaldia izango da.

Hamalau dokumentaletatik hartu dituzte irudiak, Gurutz Albisu muntaiaren zuzendariak adierazi zuenez. «Donostia eta Biarritzeko garai hartako bizimodua nolakoa zen ezagutzeko aukera ematen digute». Mikel Arregi Filmategiko gerenteak nabarmendu zuen irudi gehienak ikusi gabeak direla eta «proiektu honek aukera ematen die bai donostiar eta bai gipuzkoar zein euskal herritar guztiei Filmategiko funtsak ezagutzeko».

Ordubete inguru iraungo duen filmak hiru zati nagusi izango ditu. Lehenengoa, hirietako kaleetan murgilduko da eta bertan ikusiko da, adibidez, Donostiak izan zuen tranbia sare garrantzitsua. Bigarrenak, hondartza eta inguruetan gauzatzen ziren kultura ekintza edo moda aurkezpenak erakutsiko ditu eta hirugarrenean, garai hartako aisialdirako modu ezberdinak bilduko dira, «hasi elitistenetatik -golfa, zaldi-lasterketak, zezenketak-, eta herrikoienetaraino -arrauna edo boxeoa-», iragarri zuen Albisuk.

Musikaren ardura, berriz, lan honetan esperientzia duen The Silent Band taldeak hartuko du. Javier Perez de Azpeitia taldeko sortzailea arituko da zuzendari lanetan. Beratarrak muntaian ere hartu du parte eta bere aurreko lanetan ez bezala, proiektua sortzeak eman diola lan gehien esan zuen: «Hasieratik ez genuen pelikularik eta irudi aukeraketa eta muntaia bat egin behar izan dugu. Partiturarik ere ez geneukan, baina bai garai hura partekatu zuten autore ugari».

Horien artean daude Manuel de Falla, Jesus Guridi, Pablo Sorozabal, Aita Donostia, Pablo Sarasate eta Igor Stravinskyren obra zatiak. Guztira, 24 kantu interpretatuko ditu seikoteak. Gaurko emanaldirako, soka boskotea eta pianoak osatuko dute taldea. Musika eta irudiak, Belle Époquen egiten zen bezala, sinkronizatuta joango dira. «Hasiera batean, asinkronikoa izatea nahi nuen, baina azkenean ezin izan dut saihestu eta erori egin naiz. Neurri-neurrira egindako trajea sortu dugu».

Bestalde, Hopkinson Smith, munduko laute-jotzailerik onentzat hartua den estatubatuarra, Santa Teresa komentuan izango da gaur 18.00etatik aurrera. Antzinako Musika Zikloaren barruan, Alemaniako, Frantziako eta Espainiako konposizio barrokoak eskainiko ditu bai lautearekin, bai eta gitarrarekin ere. Bi zatitan banatutako kontzertua eskainiko du. Lehenengoa «Gogoeta zerutiarrak eta gozamen deabruzkoak» izendatu du eta lautea joz, XVII. eta XVII.mendeetako musika barrokoan oinarrituko da. «Gitarraren deabruzko momentuak ezin dira lautearen zerutiarretatik bereizi, biak daude une oro musika barrokoan», azaldu zuen atzo. Hiru konpositore izango ditu gogoan: Vieux Gaultier, Johann Sebastian Bach eta Sylvius Leopold Weiss. «Agian norbaitek galdetuko du ea zergatik joko dudan Bach-ek biolinarekin jotzeko egindako lan bat, baina lautearekin beste logika baten bidez garatu daiteke, eta Bach-ek berak ere moldatu zituen obra hauek beste instrumentuetara».

Bigarren zatian, gitarra hartuko du Smithek eta Gaspar Sanz XVII. mendeko konpositore espainiarrak idatzitako musika instrukzioko liburua hartuko du oinarri. Horretarako, bost ordenetako gitarra erabiliko du, «garai hartako afinazio espainiarrarekin: askoz ere arinagoa eta iradokitzaileagoa da eta erabateko dimentsio estetiko ezberdin batean murgiltzen zaitu. Instrumentu modernoek indar eta proiekzio handiagoa dute, baina hau finagoa da», azaldu zuen.

MUSIKA GIROA

Dokumentaletako irudiez gain, proiekziorako argazkiak, kartelak, margolanak, postalak eta prentsako irudiak ere sartu dituzte, garai hartako musika giroa erakusteko. Bide batez, euskal operaren «urrezko aroa» ere gogora ekarri nahi du ekimenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo