GARA > Idatzia > > Kultura

20. urteurrena du aurten Arnagako jauregia antzerkiz janzten duen festibalak

p042_f02_88x124.jpg

GARA | KANBO

Gaur hasi eta igandera bitarte antzerkiaren aniztasuna bilatzen duen jaialdiak Arnagako landetxeko lorategia jendez beteko du. Berrogeita hamar boluntarioren lanari esker egiten den festibalak hogeigarren urteurrena ospatzen du aurten. Horretarako bi gaualdi berezi antolatu dituzte kantonamenduko hainbat elkarterekin.

Gaur izango da lehena, jaialdia omenaldi kutsuarekin hasteko. Luhuson Fabrique des arts de la Rue eta Harri Xuria konpainiak Kilikolo zirkuarekin elkarlanean egindako «Bi» ikusgarria eskainiko dute. Zirkua eta kabareta izango dira gaualdi hauetako protagonistak. Azken egunean ospatuko da bigarrena Itsasun, Pinpulka elkartearekin eta Kag téléchargement gratuit-ekin batera.

Arnagak hartuko ditu beste antzezpenak. Hiru gaualdi tradizionaletan antzerki garaikidea eta klasiko «berrituak» izango dira programaren oinarri. Jaialdiaren lagun bilakatu diren Job eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiek parte hartuko dute aurten ere. Berritasuna Viva la comedia talde paristarraren eskutik etorriko da, shakespeare-en estiloko fantasia ekarriko dute Arnagako lorategietarako bereziki egokitua.

Ostegunean Le Petit Théâtre de Painek «Traces» azken lana eskainiko du. Ostiralean Parisetik heldutako konpainiaren «Songe d'une nuit d'été» lana ikusteko parada izango da Shakespeareren berrirakurketarekin. Larunbatean, Job taldeak Moliereren «Médecin malgré lui» antzeztuko du.

Accords elkartea

Accords elkarteak, hogei urteren buruan, sortu zen garaiko helburu berberei eusten die, kultur ohiturak nekazaritza ingurunean garatzea. Ikusle arruntak antzerkiaren mundura hurbiltzeko xedea azkarki sentitzen da Kanbon, horren seinale dira jaialdiaren antolakuntzan parte hartzen duten berrogeita hamar pertsonak.

Antolatzaileek ikusleak erakarri nahi baldin badituzte ere, Ipar Euskal Herrian dagoen eskaintzarekin bat egin nahi dute. Hala ere, bertako «gustu eta interes» bereziak kontuan hartzen dituzte programa eratzeko orduan, eta, hori dela eta, eskualdeko taldeekin elkarlana sustatzen dute.

Fitxa

Tokia: Arnaga landetxeko lorategia. Aurten Luhuson eta Itsasun ere egingo dituzte ekimenak 20. urteurrena ospatzeko.

Data: Abuztuaren 11tik 16ra.

Antolatzailea: Accords elkartea

Sarrerak: Abonoak eta eskaintzak ikusleentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo