GARA > Idatzia > > Kultura

Bob Dylan kantariak Gabon-kantekin osatutako disko bat ateratzeko asmoa du

GARA | LOS ANGELES

Bob Dylan Gabon-kanten bilduma bat prestatzen ari da , besteren artean, «Here comes Santa Claus» eta «O Little Town of Bethlehem» abestiekin, musikaren alorreko hainbat webguneren arabera.

Dylanen jarraitzaileen Isis webgunean hasi ziren disko berriaren inguruko zurrumurruak. Ondoren jakinarazi zuen abestiak Jackson Brownek Santa Monican (Kalifornia, AEB) duen estudioan grabatu zirela, joan den maiatzean. «Togheter Through Life» Dylanen azken diskoan akordeoia jo zuen Los Lobos taldeko David Hidalgo da grabazioan parte hartu duen musikarietako bat. «Disko konpainiatik helduriko ekimena baino, Dylanen beraren proiektu pertsonala da», esan du Isis webguneak. Billboard aldizkariak baieztatu du Dylanen disko berria badela. Horrela, lanak jasotzen dituen beste abesti batzuk «Must be Santa» eta «I'll be Home for Christmas» direla ere gaineratu du.

Orain hiru hamarkada, 1979 eta 1981 artean, erlijio gaiak jorratzen zituen hiru disko plazaratu zituen Dylanek. «Lehen begiratuan bitxia izan daiteke, baina ez dut uste Dylani asko axola zaionik bere aurkakoek esan dezaketena», adierazi dio bullypulpit.com webguneari «Jaungoikoa eta Bob Dylan» liburuaren egile Scott Marshallek: «Berak inoiz ez du arnegatu bere jatorri juduaz, ezta duela 30 urte Jesusekin izan zuen esperientziaz ere».

Kristaututako judua

Bielorrusia eta Ukrainako etorkin juduen semea da Bob Dylan, Robert Zimmerman jaioa. 70eko hamarkadan kristautu zen, eta 1997an Bolognan jo zuen, Joan Paulo II.a aita santuaren aurrean. Kontzertu hura, hala idatzita utzi duenez, «ez zitzaion ezertxo ere gustatu» egungo Aita Santuari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo