GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Indar agerpena ala krisialdiaren sintoma?

Estatuak ezker abertzalea oso ahul dagoela pentsatuko balu, mobilizatzeko erraztasunak emanen lizkioke, jende guztiaren aitzinean ahul ager zitezen. Debekuen arrazoiak beste batzuk dira

Sarritan egin diot galdera hau ene buruari, errepresioaren jauziak aztertzean. Espainiarrek ez dute errepresioa asmatu, ezta berriki gauzatzen hasi ere; beraz, estatuek herritarrak zapaltzeko erabiltzen dituzten tresnak ederki ezagutzen ditugu. Errepresioaren gorakadak testuinguru ezberdinetan agertzen direla esan dezakegu. Batez ere, bi agertokitan. Lehena, estatuak gaindituta sentitzen direlarik, eta bigarrena epe laburrean beren etsaiak suntsitzeko aukera ikusten dutenean. Esan daiteke bi egoera hauek batera azaltzen direla behin baino gehiagotan, eta egia da. Espainiar bigarren Errepublikaren kasuan faxisten erasoaren oinarria boterea galtzeko beldurra zen, baina, une berean, besteak akabatzeko parada antzeman zuten. Nafarroan ikusi zen faxisten benetako asmoa, gerla fronterik ezean ere errepresioa basatia izan baitzen.

Beste kasu askotan, berriz, nabarmena da bi agertokiotako bat nagusitzen dela. Gurean, Estatu espainolak interes berezia agertu du azken erasoaren ideia saltzeko. Errepresioaren gorakada ezker abertzalea suntsitzeko benetako aukeran oinarritzen da: egin dezaketelako ari dira egiten, lorgarria delako ezker abertzalea betiko garaitzea. Ideia-totem honi helduta, ETAk agertutako ahalmen operatiboa erakunde armatuaren ahuleziaren sintoma da. Halaber, ideia independentisten indarra ezkutatzen da, eta beren gezurrak sinetsarazi nahi dizkigute, pentsa dezagun herriak jarri duela Patxi Lopez Ajuria Enean.

Errealitatea, ordea, beste bat da. Jarduera polizialaren mugak nabarmenak dira. Mallorcan gertatutakoa oso esanguratsua da. Rubalcabaren hitzak adierazgarriak dira: «terroristak» irlan daude edo atera dira. Horrelako zerbait esan ahal izateko espainiar Barne ministroa izan behar da! Ergelkeria horiek ez dute estatuaren indarra agerrarazten, norabidearen galera baizik. Badakit honelako gatazka luzeetan etengabean pasatzen direla une zehatzak. Komeni da, horrenbestez, gaur ikusten dena patxadaz aztertzea, ondorio borobilegiak ez ateratzeko. Ados. Baina presoen argazkien inguruan hartu duten jarreraz edo mobilizazio guziak debekatuz ez dute estatuaren indarra frogatzen, urduritasuna baizik.

PP eta PSOEren arteko elkarlanak ez du itxi espainiar nazionalismoaren krisia, Espainiaren krisia, argiki esan dezagun. Une latzak pasatzeko laguntza eskainiko die, baina sakoneko arazoa hor dago, bur-bur.

Estatuak errepresioa erabiltzen du ahal duelako, egia da, eta hau kezkagarria da, izugarrizko astakeriak gauzatzeko baldintzak sortu dituztelako. Baina, batez ere, estatu ereduaren krisiaren aurreko erantzuna da. Bere burua ahul jotzen duen estatu baten ihesbidea. Ezker abertzalea oso ahul dagoela pentsatuko balu, mobilizatzeko erraztasunak emanen lizkioke, jende guztiaren aitzinean ahul ager zitezen. Debekuen arrazoiak beste batzuk dira.

Urduritasunaren menpe dagoenak urduritasuna beste batzuei pasatzeko tentaldia izaten du, erretzen duen enborraren moduan. Estatu espainolak ezker abertzalea urduritu nahi du, nabarmena da. Honelakoetan komeni da lasaitasuna inoiz baino gehiago estimatzea. Beste batek irents dezan amua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo