Emakumezkoen pertika jauziko sailkapen proba jokatuko dute gaur Berlingo Munduko Txapelketan
Arazoak ahaztuta, urteko marka onena egin nahi du Naroa Agirrek
Azken urte eta erdian izan dituen arazo fisikoak gainditu berritan, lehenengo hamabien artean sailkatzea zaila ikusten du atleta donostiarrak. Hori bai, lehiakorra izateko eta aurten lortutako 4,36 metroak gainditzeko gai ikusten du bere burua.
Iratxe DUEÑAS | BILBO
Naroa Agirrek erronka berri bati egingo dio aurre gaur arratsaldean (19.00), Berlingo Munduko Atletismo Txapelketan. Kirolari donostiarrak pertika jauziko sailkapen proban parte hartuko du, eta finalean sartzea oso zaila izango dela jakitun, urteko bere markarik onena egiten saiatuko da. Feofanova errusiarra, Badurova txekiarra eta Stuczynski estatubatuarra bertan izango ez badira ere, Naroa Agirrek munduko espezialista onenekin neurtuko ditu indarrak.
Arazo fisiko larriak medio -bizkarreko minez ibili da ia urte eta erdian- Berlineko hitzorduan «aurtengo marka egitea» izango du helburu nagusia. 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan seigarren izan zen atletaz hitz egiten ari garela kontuan izanda, oraingoan emaitza on bat zein izango litzatekeen galdetuta, «oraingoan marka hobetzea» ontzat joko lukeela dio Naroak. «Finalean egotea oso zaila izango da, eta aurreneko hamabien artean egotea» ere ez du erraza ikusten. «Aurten 4,36 metro gainditu ditut gehienez eta Espainiako Txapelketan ezin izan nuen 4,30 metroko muga gainditu». Hala ere ezin dugu ahaztu, zailtasunak zailtasun, lehiaketetan beti erakutsi izan duen grina, bere markarik onenak presiopean lortu izan baititu beti gipuzkoarrak.
«Sasoian jartzea»
Beste urtebetez Espainiako Txapelketa irabazi berritan -nahiz eta bere marka onena den 4,56 metrotik oso urrun gelditu-, 2008an jasandako bizkarreko arazoak ahaztuta, Berlineko hitzordura «fisikoki hobeto» ailegatu omen da, eta beretzat garrantzitsuena lehiaketara «bueltatzea eta sasoian jartzea» dela onartzen du Naroak.
Lehiaketa irabazteko faborito nagusia Yelena Isinbayeva da eta begi guztiak harengan jarrita egongo dira. Egia da, sei urtez galdu gabe egon ondoren, Londresen Anna Rogowska poloniarraren aurrean kale egin zuela. Errusiarrak aurkariaren 4,68 metroko jauzia berdindu bazuen ere, poloniarrak lehiaketa hobea egin zuenez, bigarren ikusi zuen bere burua hainbat urteren ostean. Naroa Agirrek, ordea, faborito nagusiaren egun bateko akats hutsa izan zela uste du, eta duda guztiak uxatzeko asmoz, Isinbayevaren bertsiorik onena ikusteko irrikatzen dago. Izan ere, Naroa Agirrek oso argi du: «Bera da faborito nagusia. Londresen eguraldi txarra egin zuen eta baliogabeko jauzia eginda irabazi zion poloniarrak. Ezin da hura erreferentzia moduan erabili». Hogeita sei munduko errekor dituen atleta errusiarra da, beraz, Berlinen irabazteko faborito nagusia.
Iaz Beijingeko Olinpiar Jokoetan pertika desagertu zitzaiola-eta horren famatu egin zen Fabiana Murer brasildarrari buruz bere iritzia ere jakin nahi izan dugu. Hegoamerikarrak urteko markarik onena egin du 4,82 metroko jauzi bati esker, Berlinen lehiatuko ez den Jennifer Stuazynski estatubatuarraren marka zentimetro eskas bategatik hobetuz. Isinbayevaren aurkari nagusia brasildarra izango ote den galdetuta, Naroa Agirrek ez dauka horren argi: «Bere markarik onena egin du, baina ez dut uste brasildarra hor sartuko denik. Isinbayevaren garaipena nahikoa argi dago, baina podiumaren bigarren postua irekita dago», egin du apustu atleta euskaldunak.
Hamabi onenen artean sartzeko 4,45 eta 4,55 bitartean ibili beharko du, segur aski. Naroaren marka onena tarte horretan dago, eta horregatik onartzen du «beti dagoela aukera nik egun on bat izanda» onenen artean sartzeko, baina era berean argi du ikusi egin beharko dela «besteek zer egiten duten».
Bubka zein Isinbayevaren prestatzailea izan den Petrovekin entrenatzeko Italiara egindako bidaiaz, hainbat sentimendu geratu zaizkio Naroari. «Lesionatuta ezer gutxi egin ahal izan nuen», aitortzen du, nahiz eta orokorrean «positiboa» izan zela uste duen, batez ere teknika aldetik.
Teknikaz hitz egiten jarraituz, bere progresioari begira, airean dagoela, jauziaren fase horretan gimnasiaren erabileran bizkarreko lesioak baldintzatu du Naroa Agirre. Bestalde, luzera jauzian lehiatzea atsegin duen edota bere jatorrizko diziplinarentzako lagungarri den heinean erabiltzen duen galdetuta, «mugimendu eta saltoak sartzen ditugu pertikan, klubaren baitan izatearen baldintza da», esan du.
Gaurkoan, behintzat, minik izan gabe bere benetako mailara hurbiltzea izango da albisterik onena. Zorte on!
Gaurko egitarauan nabarmentzekoak: 13.00etan, 20 km-ko ibilian gizonezkoen finala. 19.00etan, emakumezkoen pertikan, sailkapen-proba. 20.15ean gizonezkoen pisu jaurtiketako finala, eta 21.25ean emakumezkoen finala 10.000 metrotan.
izar nagusien bajak Tirunesh Dibaba, 10.000 metrotan munduko txapeldun eta txapeldun olinpikoa, eta Sileshi Sihine, haren senar eta birritan txapeldun olinpikoa, ez dira izango lesioen erruz. Dena den, Dibabak 5.000 metrotan bederen parte hartzea espero du.