Pirinioetako Bakearen 350. urteurrena gogoratzeko erakusketa Donostian
GARA | DONOSTIA
1659ko abuztuaren 16an amaitutzat eman ziren Faisaien uhartea, garai hartan Hondarribiaren esku, Estatu frantses eta espainolaren arteko negoziazioetarako erabili ahal izateko lanak. Azaroaren 7ra bitartean, Frantziako Luis XIV.aren ordezkari izan zen Julio Mazarino eta Espainiako Felipe IV.aren ordezkaria, Luis de Haro, bertan bildu ziren bi erresumen arteko 90 urteko gerraren amaiera hitzartzeko. Koldo Mitxelena-ko liburutegiak egun horietako gertakariak jasotzen dituzten lau dokumenturekin erakusketa antolatu du orain. Liburutegiko Fondo Gordeen ataleko hiru liburu eta eskuizkribu bat dira, hain zuzen, eta azaroaren 7ra bitarte ikusgai izango dira.
«Histoire de la paix conclue sur la frontiere de France & d'Espagne entres les deux couronnes» izeneko liburuak egun horietako gorabeheren berri ematen du. Mapa, irudi eta testigantzek osatzen dute Lorrenako Henri II.a, Guiseko dukeak 1667an idatzitako lan hau.
Bigarrena, 1700 inguruan gaztelaniaz idatzitako eskuizkribu anonimo bat da: «Vida y advertencias del Cardenal Julio Mazarino, sucesor del Cardenal Richelieu en el Govierno Político de Francia». Mazarino kardinalaren lehenengo biografia da eta bere alde argi eta ilunak deskribatzen ditu.
Edouard Ducereren «Le mariage de Louis XIV d'après les contemporains et des documents inédits» 1903an inprimatu zen Baionan eta 1659ko Bakearen eta 1660ko errege ezkontzaren inguruko gertakariak biltzen ditu. Mazarino kardinalarentzat era kaxkarrean amaitu ziren negoziazioen emaitzak goraipatzen ditu.
Ducerek egiten duen interpretazioan ez bezala, Dionisio Hidalgoren «El héroe cántabro, vida del señor Don Antonio de Oquendo» liburuan, Faisaien uhartera bidalitako enbaxadako kide zenak, Mazarino kardinalak hizketaldi horietan zuen ahulezia azaltzen du.